Rikardo Arregi | Deia, 2011-02-09
Bitxia izan da Gehitu LGBT elkarteak plazaratu duen aldizkariaren 64. zenbakia irakurtzea: queer teoriez aritzen dira artikulu gehienak, teoria horiek kritikatu eta gutxiesteko helburuarekin, ezer gutxi azaldu gabe. Bitxia izan da artikulu gehienek erakusten duten ezjakintasun entziklopedikoa antzematea; bitxia, aldi berean, berez, eztabaidagarriak izan daitezkeen gaiak (identitatea, generoa…) bi lerrotan itxi nahi izatea; bitxia, azkenik, Euskal Herrian aferaren inguruan egin diren azken ekarpenak behin ere ez aipatzea.
Gehitu elkartekoek gogoratu beharko luketen lehendabiziko gauza da queer deitzen dugun hori praktika multzo bat izan zela hasieran (teoria multzo akademikoarena geroago etorri zela) eta praktika horietan ohiko elkarte feminista, lesbiar, zuri eta couché-etan lekurik aurkitzen ez zuten emakume feminista, lesbiar, beltz, txikano eta langileak izan zirela aitzindari. Orain dela hogeita hamar urteko kontua. Ez dut ulertzen nola epai-tzen duten alaiki historia luzea duen bilakaera lau orrialdetan, ondorio harrigarri batera iristeko: queer den guztia eskuinekoa da (!).
LGBT (haien terminologia erabiltzeko) mugimendu eta aldarrikapenetan oraintxe dauden eztabaidak handiak dira, bai, eta taldeen arteko desberdintasunak are handiagoak. Niri dibertsitatea eta probokazioak gustatzen zaizkit, badirudi Gehitukoek gauza normalak nahiago dituztela, gay friendly ipuinak eta festa homologatuak.
Euskal Herrira queer inguruko teorizazioa berandu iritsi baina iritsi zen azkenean, eta ez bakarrik teorizazioa, talde eta mugimendu berri asko sortu dira azken urteetan queer teorien eta praktiken karira. Talde guzti horiez eskuinekoak direla esatea ergelkeria da argi eta garbi. Beharbada ispilu bat erosi beharko dute Gehitukoek, besteekin erabiltzen diren adjektiboek norberaren ezaugarriak azalerazten baitituzte askotan nahi gabe.
Liburu bat gomendatu nahi diet bukatzeko (eta barkatu, alde interesatua naizen aldetik): Desira desordenatuak, Utriusque Vasconiae argitaletxekoa.
DOKUMENTAZIOA
Rikardo Arregiri erantzunez
Montse G. Silván eta Joxean Zapirain | Deia, 2011-02-13
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.