lunes, 5 de septiembre de 2022

#hemeroteca #lesbianismo #testimonios | Txaro Berzosa. «Txotxongilolari gisa aritzeak eragin zidan independente izateko grina»

Berria / Txaro Berzosa //

Txaro Berzosa. «Txotxongilolari gisa aritzeak eragin zidan independente izateko grina»

Galizian jaio zen, baina Tutera du etxe Txaro Berzosak, 9 urte zituenetik. Ekintzaile feminista da, lesbiana, LGTBI mugimenduko kidea, eta artista, zentzurik zabalenean.
Edurne Elizondo | Berria, 2022-09-05
https://www.berria.eus/albisteak/217754/txotxongilolari-gisa-aritzeak-eragin-zidan-independente-izateko-grina.htm 

Etxearen atzeko aldeko arkupean bilatu du aterpe Txaro Berzosak (Cee, Galizia, 1951). Beroak gogor jotzen du Tuteran, baina itzalpean solasaldirako txoko egokia aurkitu du. Herriko besten inguruan erran ditu lehendabiziko hitzak; zezenketak egin dituztela berriz ere, “tamalez”, eta Navarra Sumako udal gobernuak Espainiako banderaz bete duela hiria. Jazz kontzertu batera joan dela erantsi du, musika biziki maite baitu. Musikaria ere bada Berzosa, bertze gauza anitzen artean: feminista, lesbiana eta LGTBI mugimenduko ekintzailea, desgaituen aldeko aktibista, gurpil aulki gaineko dantzaria eta «txotxongilolaria».

Txotxongilolaria?

Antzerkiaren munduko familia bat izan da nirea. Gurasoek eta bertze zenbait senidek antzerki konpainia ibiltari bat zuten Galizian, eta herriz herri aritzen ginen, txotxongilolarien gisa. Haurrok kantatzera eta dantzatzera igotzen ginen oholtzara.

Nolakoa zen mundu hori haur baten ikuspuntutik?

Zoriontsu izan nintzen oholtzan. Aitak ederki azaldu zuen behin; erran zidan guretzat, haurrontzat, konpainia jolas esparru bat zela, eta abenturaz betetako haurtzaroa izan zela gurea. Arrazoia zuen. Haientzat, baina, helduentzat, errealitate gogor bat zen bizimodu hura.

Beharrak eragindakoa?

Baliabideak urriak ziren, eta, herriz herri, errorik ezak hartzen zituen barrutik, horrek eragiten zien tristura. Herri batera iritsi, eta bizilagunen mesfidantzari egin behar zioten aurre. Horrek lotsarazi egiten zituen; gogorra zen haientzat. Guretzat esparru magiko bat zen antzerkia, baina gurasoentzat ez zen samurra izan.

Galizian jaio, eta hangoa duzu familia. Nola iritsi zinen Tuterara?

9 urte nituenean etorri ginen. Osaba bat genuen hemen, eta antzerki konpainiarekin etorri ginen, haren babespean aritzera. Osabaren etxean hartu genuen aterpe. Azkenean, gelditzea erabaki zuten gurasoek.

Eutsi diozu Galiziarekin zenuen harremanari?

Ez naiz anitz joaten, baina lotura emozionala sendoa da. Ez diot izaera horri uko egin nahi. Bizitza osoa egin dut Tuteran, baina hemen bizi den galiziar bat naiz, oraindik ere.

Harat-honat ibili eta gero, nolako esperientzia izan zen Tuteran gelditzea?

Mojen eskolan sartu ninduten, beka bati esker. Oroitzapen onak bertzerik ez dut haurtzaroari buruz. Mojekin egon nintzen batxilergoa hasi arte. Gaztaroa ere ona izan zen; gogoan dut anitzetan joaten nintzela bakarrik, nire gitarrarekin, ibaiertzera edo bertzera, jotzera. Familiarekin txotxongilolarien gisa emandako denborak eragin zidan independente izateko grina hori, nik uste. Lagunak banituen, baina disfrutatzen nuen bakarrik egonda.

Bakarrik, baina musikarekin?

Bai, beti. Musika talde batean nago: Cuatro Al Son. Bakarrik ere aritzen naiz. Musika maite dut. Bestetan, jazz kontzerturen bat entzutera joateko baino ez naiz atera etxetik.

Tuterako besten hasierako txupinazoan, euskararen ofizialtasuna exijitzen zuen pankarta bat zegoen plazan. Zaharrak berri Erriberan?

Lotsagarria da, oraindik ere, euskararen kontrako jarrerak izatea. Euskara bertako hizkuntza dela ukatu nahi izatea irrigarria da, baina hori egiten dute. Aspalditik dugu ikastola Tuteran. Gogoan dut hasieran haurrek espaziorik ez zutela eskolatik kanpo euskaraz aritzeko, baina orain egoera bertzelakoa da; mugimendu handia dago, eta euskararen kontra egiten jarraitu nahi izatea lotsagarria da. Batzuek oraindik ere euskara erabiltzen dute ETArekin lotzeko dena. Martxoaren 8an, emakumeok jarritako pankarta kentzea agindu zuen udalak, ofiziala beraiena zela erranez. Gurea euskaraz ere bazegoelako kendu zuten. Ingelesarekin ez dute arazorik, baina euskara ez dute ikusi ere egin nahi.

1979an sortu zenuten Tuterako Emakumeen Batzarra. Zu izan zinen sortzaileetako bat, hain zuzen. Nolakoa izan zen garai hura?

Feminismoa behar genuen, eta horregatik sortu genuen taldea. Garai hartan, feminismoa bekatua zen; erreferente gutxi genuen, eta gure kabuz saiatzen ginen trebatzen. Anitz irakurtzen genuen, eta gure artean eztabaidatzen genuen. Dolores Julianok anitz lagundu zigun, adibidez; behin baino gehiagotan ekarri genuen.

Batzarra sortu zenuen, eta mugimenduan jarraitzen duzu. Zer aldatu da?

Egungo batzarraren oinarria da 1979an martxan jarri genuen harena. Orain, Martxoaren 8ko Plataforman egin dugu bat ia talde guztiek. Azkenaldian, sortu dira kolektibo berriak ere. Gauzak aldatu egin dira, baina sentsazioa dut aspaldi gainditu genituen eztabaidak itzultzen ari direla.

Nolako eztabaidez ari zara, zehazki?

Transen ingurukoak, edo pornografiaren eta prostituzioaren ingurukoak, adibidez. Iruditzen zait badela feminismo erreformista bat, instituzionala, eta zarata handia egiten ari dela. Azkenaldian, gazteen artean anitz ari dira zabaltzen pornografiaren kontrako diskurtso bat, adibidez. Pornografia guztia sexista dela erratea ez da egia, ezta ona ere. Pornografia prostituzioarekin lotzen dute. Pertsonen salerosketaren aurka gaude denok, noski, baina prostituzioaren arloan beren hautuz ari diren emakumeen eskubideak bermatu behar direla uste dut, eta, batez ere, jarrera maternalistak baztertu behar ditugula, eta prostituzioan ari direnek errateko dutena entzun behar dugula.

Feminismotik garatu duzu LGTBI mugimenduaren barruko zure bidea. Nolakoa izan da uztartze hori?

Tuteran emakumeen batzarrak antolatu zuen Ekainaren 28ko lehendabiziko manifestazioa. Hasierako militantzia gogoan dut, dena egiten genuela eskuz. Gogoan ditut hasierako kartelak! Karrikara atera eta paretetan jartzen hasi ginenean, gure atzean entzuten genituen herritarren komentarioak: “Baina hori ezkonduta dago!”. Emakumeen batzarrean hasitako lana garatu genuen, eta Nafarroako EHGAM sortu genuen gero; Lumatza sortzea izan zen hurrengo urratsa. Pausoak eman ditugu, baina oraindik ere bada anitz egiteko. ‘Marikoi’ hitza irain gisa erabiltzen segitzen duten bitartean, bada lana egiteko.

Lesbianen errealitatea are ezkutuago gelditu da?

Neurri batean. bai. Baina uste dut orain karrikan gaudela. Erasoak gertatzen dira oraindik ere, baina ari gara aurrera egiten.

Zein izan da zure esperientzia?

Sumatu ditut begiradak, baina aske sentitu naiz beti. Ez diet begirada horiei jaramonik egin. Sexu askatasuna defendatu dut beti, bai eta sexualitatea berezkoa dugula ere; jaiotzen garen unetik hil arte. Nik ez dut inolako armairutik ateratzeko beharrik izan inoiz. Zer da hori, gainera? Maria del Monte abeslaria armairutik atera dela erran dute berriki Espainiako hedabide guztiek. Inoiz ez da inolako armairutan egon, ordea! 30 urte egin ditu bikotekidearekin, jendaurrean.

Barrikada aldarrikatu duzu; politika instituzionalaren arloan ere aritu zara, nolabait: Ezkerra koalizioaren zerrendako kide izan zinen 2011ko udal hauteskundeetan. Zergatik?

Deitu ninduten, eta zerrendan egotea erabaki nuen. Babesa eman nien, baina barrikada ahaztu gabe. Emakumearen Kontseiluan banago, emakumeon kolektibo gehienak hor daudelako, eta modu bakarra delako gure iritziak eta kritikak erdigunean jartzeko.

Ezkerrak Tuterako alkatetza lortu zuen 2015ean. Navarra Suma dago azken hauteskundeetatik aurrera. Zer giro?

Larrartek [2011-2015 arteko alkateak] anitz bultzatu zuen parte hartzea. Navarra Sumarekin, berriz, okerrera egin dugu. Ezkerrak alkatetza lortu aurreko egoerarekin alderatuta ere, okerrera egin dugu. Lehen, behintzat, hitz egiteko aukera zegoen, neurri batean. Orain, ez. UPNk PPrekin bat egin eta gero, udal politika beldurgarri bilakatu da.

Erriberako agenda politikoko auzietako bat da Bardeako tiro eremuarena. Konponbiderik badela uste al duzu?

Zaila iruditzen zait, egia erran. Dirua dago tartean, diru anitz, eta zaila da horri aurre egitea. Noski, ez da aitzakia azpiegitura horri eusteko. Gerra entseatzeko toki bat da tiro eremua. Ez du inolako zentzurik, eta are gutxiago natur parke baten erdian.

Zuk erdigunean jarririko bertze gaietako bat da desgaitasunarena. Duela zenbait aste, ‘elbarri’ edo ‘desgaitu’ hitzak aldarrikatu zituen Itxi Guerra ekintzaile antikapazitistak. Zer deritzozu?

Nik ‘dibertsitate funtzionala’ esamoldea erabiltzea ontzat jotzen dut. Ez dut batere maite ‘minusbaliotasun’ hitza, ordea. Itxi Guerraren mezua ere interesgarria iruditzen zait, aldarrikatzea eta gure egitea gure kontra erabili izan dituzten hitzak.

Kapazitismoaren kontrako barrikadan ere bada zer egin oraindik?

Anitz dago egiteko. Tuteran, hamaika adibide aipa ditzakegu.

Zein, adibidez?

Aparkatzeko tokiena da bat. Udalak kendu egin nahi izan ditu desgaituentzako tokiak. Kontua da eremu urdinean doan aparkatu ahal izanen dugula orain, eta, ondorioz, udalak nahi zituen guretzat gordetako tokiak kendu. Azkenean, atzera egin dute. Osoko bileran egon ginen, eta argi utzi genuen gure aparkalekuek tamaina berezia dutela espazio gehiago behar dugulako, aulkia atera ahal izateko, eta ohiko tokiak ez direla egokiak guretzat, doan izan arren. Atzera egin dute azkenean, zorionez.

Musikaria eta dantzaria bazara. Kulturaren esparruan, irisgarritasuna bermatuta dago?

Ez, hor ere bada lana egiteko. Antzokietan, adibidez, oztopo anitz dago. Eta oholtzara igotzeko arazorik ez dagoenean, oztopoak bertze nonbait daude: Tuterako Gaztanbide antzokian, adibidez, aldagelak txikiak dira; nik erabiltzeko moduko komunik edo dutxarik ez dago. Ikus-entzule gisa joaten naizenean ere, gaizki. Aulkia erabili behar dugunontzako tokiak atzean gordetzen dituzte beti. Izkina batean nahi gaituzte. Eta ni ez nago prest izkina batean gelditzeko.

  • Motzean
  • Zure abesti bat? ‘Nuevas dosis’ izenekoa. Anitz erran ditzaket; finean, nireak dira! Baina hori hautatuko nuke, aldarri- katu nahi baitu ezin garela ohi- tu eguneroko berri txarren dosira.
  • Bertze norbaiten abesti bat? ‘Azzurro’, Adriano Celentanorena. Ez dakit zer duen abesti horrek, baina kontua da pozten nauela entzuten dudan bakoitzean; altxatu egiten nau. Barrikadak aipatu dituzu zeurezko tokitzat.
  • Zure borroketan, zer erreferente duzu? Barrikadetan egon nahi duen pertsona bat naizenez, pertsona jakinak bainoago mugimenduak ditut erreferente, kaleko mugimenduak. Helburu komunen inguruan batzen diren pertsonek osatutako mugimenduak aldarrikatzen ditut nik.
  • Zerk kezkatzen zaitu gaur egun? Urrun sumatzen ditudala, oraindik ere, benetako aldaketak; egiturazkoak eta sakonak diren aldaketak. Etsipenak hartzen zaituenean, zer egiten duzu? ‘Azzurro’ entzun!

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.