lunes, 6 de marzo de 2023

#hemeroteka #inmemoriam | Mikel Martin gogoan aldarrikatu dute zahartzaro duina

Oarsoaldeko Hitza / Mikelen oroimena duintasunaren manifestazioan //

Mikel Martin gogoan aldarrikatu dute zahartzaro duina

Borroka kide zuten Mikel Martin Conde ekintzaile oreretarra gogoan izan dute gaurko protestan pentsiodunek; beretzat izan dira lehen hitzak, eta bere irudiak eta ortzadar banderak zabaldu dute ondorengo manifestazioa.
Ikerne Zarate | Oarsoaldeko Hitza, 2023-03-06
https://oarsoaldea.hitza.eus/2023/03/06/duintasuna-pentsio-duinak-hitzaldia-mobilizazioa-pentsiodunak-mikel-martin/ 

Zahartzaro eta pentsio duinen aldeko aldarriak ez du hutsik egin. Hileko lehen astelehenero bezala, gaur ere kalera atera ditu bere eskakizunak Duintasuna jubilatu eta pentsiodunen elkarteak. Borroka kide zuten Mikel Martin Conde ekintzaile oreretarra gogoan izan dute gaurko protestan; beretzat izan dira lehen hitzak elkarretaratzean, eta bere irudiak eta ortzadar banderak zabaldu dute ondorengo manifestazioa erdialdeko kaleetan barrena. Martxoaren 8ari keinu egin dion bandera feministak ere zabaldu du martxa.

“Borrokalari” bat joan dela esan dute Duintasuneko ordezkariak ekintzailearen omenez egindako irakurraldian, ” Che Guevarak zion moduan, ez zeneraman iraultza ezpainetan hartatik bizitzeko, bihotzean baizik, hargatik hiltzeko. 1979an, Francisen hilketa faxista salatzeko Errenteria-Orereta batu eta mobilizatu zuen gazte hura joan da. Begirada eskuzabal, zintzo eta apasionatua zuen borrokalaria joan da. Baztertutako guztion konplizea”. Lagun eta kide bezala aldarrikatu dute gaurko mobilizazioan, “bihotza apurtuta, eta hortzak estututa, memoria historikoa zara; inoiz ez gaituzu utziko, eskaintzea dizugun omenaldirik onena, borrokan jarraitzea delako. Garaipenera arte Mikel”.

Txalo zaparradarekin erantzun dute bildutakoek.

Pentsiodunen eskubideen aldarrikapenaren txanda heldu da ostean, eta enegarrenez, hamalau ordainsaritan 1.080 euroko gutxieneko pentsioa exijitu dute, hori delako Duintasunaren hitzetan zahartzaroan bizitza duina izateko oinarrizko diru sarrera, baita pentsioen genero arrakala murrizteko neurri eraginkorra ere. Hala, Espainiako Estatuko Gobernuari 1080 euroko gutxieneko pentsioa “berehala” ezar dezala exijitu diote. Bide beretik zuzendu zaizkie Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Lehendakariari zein Nafarroako Gobernuari gutxieneko pentsioa 1080 eurotan osatzeko eskatuz: “Proposamen hori Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren 14/2022 Legean onartu behar zen, eta legebiltzarraren gehiengoak atzera bota zuen”.

Datuak eman ditu Duintasunak, larritzekoak: Nahiz eta %8,5eko igoera ezarri pentsioei, Hego Euskal Herrian pentsioen %40 1.000 eurotik beherakoak dira —280.000 guztira— eta horien artetik zatirik handiena —205.000— emakumeek jasotzen dituzte.

Prezioen igoerarekin, gero eta zailagoa da Duintasunak salatu duenaren arabera, osasuna, elikadura osasuntsua eta arreta eta zaintza zerbitzuak bermatzea, “pentsioak, soldatak eta zerbitzu publikoak aberastasunaren banaketa desberdinaren biktima dira, eta politika publikoen bidez aberatsak gero eta aberatsagoak dira gehiengo sozialaren kontura”. Egoeraren larritasuna salatzeko barau itxialdia egingo du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak hilaren 13tik 18ra Bilbon (Fernandez del Campo kaleko 24. zenbakiko lokaletan).

Hitzaldiak eta mobilizazioa zaintza eta osasuna bermatzeko
Hitzaldia antolatu du Duintasuna elkarteak. Gaur bertan izango da Reyna aretoan 18:00etan hasita. Javier Yanguas gerontologoak ‘Pasos hacia una nueva vejez’ liburuan bildutakoen gainean arituko da, zahartzaroari ikuspegi psikologiko, emozional eta sozialetik begiratuta.

Larunbatean izango da hurrengo hitzordua. Hori lehen Arreta arnasberritzen elkartearen eskutik helduko larunbatean 11:00etan. Reyna aretoan izango da, lehen arretaz ariko dira, eta bertan parte hartzera deitu du Duintasunak. Ondoren, manifestazioa egingo dute Reyna aretotik Iztietako anbulatoriora 12:30etan abiatuta eta 13:00etan elkarretaratzea hasiko dute bertan: “Lehen arretarekin gertatzen ari dena ikusita, pentsiodunek gainean egon behar dugu. Garrantzitsua da oso bertan izatea salatzeko Euskal Herri osoan lehen arretak bizi duen egoera”.

Azaldu dutenez, Beraungo anbulatorioan falta ziren plazak bete dituzte, eta Iztietan mediku bat falta da une honetan, “baina bost mediku ere falta izan dira. Ezinbestekoa da beraz, udalarekin, anbulatorioetako zuzendaritzekin eta auzo elkarteekin batera gaiaren gainean izan behar dugula lehen arreta duina bermatzeko”.

Horren harira, Iztieta zein Beraungo anbulatorioetako arduradunekin harremanetan jarraitzen dutela azaldu du elkarteak: “Bizi dugun arazo soziosanitarioari erreparatuta jarraipena egitea da helburua, bai lehen arretarena, baita zaharren egoitzena ere. Horri begira, mahai bat eratzea da helburua, eta alkateak jokatu duen papera ezinbestekoa izan da gaian sakontzeko. Anbulatorioen aurkako eraso bat dagoenean edota erresidentzietako langileen baldintzen kontrakoa, erantzutea dagokigu”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.