domingo, 19 de marzo de 2023

#hemeroteka #inmemoriam | Maitasun kooperatiboaz

Oarsoaldeko Hitza / Mikel Martin //

Maitasun kooperatiboaz

Beñat Irasuegi Ibarra | Argia, 2023-03-19

https://www.argia.eus/argia-astekaria/2817/iritzia-5

Mikel Martin Conde herrikide eta burkide maitea betirako agurtu dugu artikulu hau idazten hasi berritan, eta tristura kolektiboa herrian zabaldu bada ere, penarekin batera Mikelen bizitza eta borrokak ospatzeko aukera eman digu. Erakutsi digu borroken ebakipuntuetan etorkizun emantzipatuak ikusten, eta horrek Orereta/Errenteriako herritarren eguneroko bizitzan eragin handia izan du. Erakutsi digu, baita ere, sexualitatearen gozamena eta harremanak eraikitzea aske eta konpromisoz egin daitezkeela, bestelako borrokekin lotuta daudela, maitasuna politikoa dela.

Alain Badiou filosofo komunistak idatzi zuen: "Maitasuna, batez ere, eraikuntza iraunkorra da, abentura setatsua. Benetako maitasunak arrakasta iraunkorra du, batzuetan zailtasun handiekin, espazioak, munduak eta denborak proposatzen dizkioten oztopoen aurrean". Esan zuen diferentziatik proiektu berri eta iraunkorrak garatzeko aukera dela, eta ildo hori jarraituz lantzen dugu kooperatibismo eraldatzailetik interkooperazioa. Maitasun kooperatiboaz ari garenean, bizi proiektuen harremanen eraikuntzaz ari gara, irauteko egiten duguna, gure proiektuen erresilientzia gaitasuna handitzen duena, parekoaren diferentzia onartuz, kolektiboan, ekonomian ere harreman aske eta konpromisodunak garatuz. Uste dut ez dagoela harreman kapitalista hegemonikoetatik aldentzeko beste biderik.

Ez da bide erraza, maitasun kooperatiboak denbora, espazioa eta baliabide materialak behar dituelako, baina hori ere eginez sortzen da, eta horregatik gure kooperatibatik lan denbora asko eskaintzen diogu eremu horri. Emaitzak nabarmenak dira Pirinioan lurralde eraldaketa nodoak sortzean, Iparraldeko ekonomia sozial eraldatzaileko AHA federazioa martxan jartzean, eta Euskal Herrian zehar ernatzen ari diren tokiko subjektu eraldatzaileak ikustean. Aurrera begira ere Olatukoopen harremanak maitasunez landuko ditugu, askatasuna, konpromisoa eta lurralde kohesioa ardatzean jarrita. Hemen aurkitu dut nik borrokarako bide eder bat.

Mikelekin ez nuen kooperatibismoaz askorik hitz egin, herriko egoera eta etorkizuna izaten genuen mintzagai, baina badakit lan burujabearen alde eta kooperatibak sortzeko egiten dugun borroka estimatzen zuela. Harremanak aske eta konpromisoz eraikitzea denon kontua da, transfeminismoa, ekonomia eraldatzailea edo herritarren eguneroko behar materialak diren bezala. Ebakipuntuetatik harago bidea egiten jarraituko dugu, mila esker Mikel!

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.