domingo, 30 de noviembre de 2014

#liburuak #historia | Begirada ausartak : gay eta lesbianen bizitza eta maitasun kontaketak franquismo eta trantsizioan Euskal Herrian

Begirada ausartak : gay eta lesbianen bizitza eta maitasun kontaketak franquismo eta trantsizioan Euskal Herrian / Inmaculada Mujika, José Ignacio Sánchez, Iñigo Bilbao, Amparo Villar ; jatorrizko asmoa, Aldarte y EHGAM ; laguntzaileak, Diputación Foral de Bizkaia y Gobierno Vasco
Aldarte ; EHGAM, Bilbao : 2014 [11]
145 or. : ir.

/ EUS / ENS / REC / SH / Open Access
/ Euskal Herria / Franquismo / Historia – Siglo XX / Liberación sexual / Memoria colectiva / Persecuciones políticas / Testimonios / Transición
TESTU OSOA | Aldarte
http://www.aldarte.org/comun/imagenes/documentos/BEGIRADAAUSARTAK.pdf

Lan honetan frankismoan jaio, hazi eta heldutasunera iritsi ziren emakume eta gizonen istorioak bildu ditugu. Hain gogo homosexualak debekatuta zeudela jakin arren, desioak bizitzaea lortu zutenen testigantzak. Lekukotasuna eskatu genienean, nola hazi ziren galdetu genien; nola asmatu zuten ohikoak ez ziren desio horiek sumatzen, nola egin zuten gogo horiek ezkutatu, eta bizitzeko; nola egiten zuten elkar ezagutu eta elkartzeko, zein lekutan batzen ziren eta zein hizkerak erabiltzen zituzten zer gertatzen zen besteak jabe ez zitezen. Horien guztien gainekoa zen gure jakin mina, eta horretaz galdetu genien garai haietan gizonak maitatu izan zituzten gizonei, eta emakumeak maitatu izan zituzten emakumezkoei. Haien ausardia ezagutu nahi genuen, horren garai zurrunetan zoriontsu izateko ausardia izan zutelako, eta “arauetatik at diren sexu gogoak” horren jazarpen bortitza sufritzen zuten une haietan gorputzari atsegin hartzen asmatu zutelako. Aitortu behar dugu zorte on-ona izan dugula, lekukotasun horiez gainera errepresio egoera hori gainditu eta gaur bizi dugun errealitatea lortzen ahalegindu, lan egin eta borrokatu zutenen testigantzak ere eskuratu baititugu. 

Aurkezpena
Oroitzapen historikoaren abiapuntua


2013an hasi ginen Aldarte (Gay, lesbiana eta transexualentzako arreta zentroa) eta EHGAM (Euskal Herriko Gay Askapen Mugimendua) elkarteko kideok franquismoan euren homosexualitatea bizi izan zuten gizon eta emakumeen lekukotasunak biltzen. Frankismoa aipatu dugun arren, ondo dakigu izitzaren gorabeherak ez direla epe historiko zurrunetara mugatzen eta hortaz, Oroitzapen Historikoa biltzeko ahalegin honetan diktadorea hil eta segidako urteetan jazotakoak ere bildu nahi izan ditugu.

Lan honetan frankismoan jaio, hazi eta heldutasunera iritsi ziren emakume eta gizonen istorioak bildu ditugu. Hain gogo homosexualak debekatuta zeudela jakin arren, desioak bizitzaea lortu zutenen testigantzak. Lekukotasuna eskatu genienean, nola hazi ziren galdetu genien; nola asmatu zuten ohikoak ez ziren desio horiek sumatzen, nola egin zuten gogo horiek ezkutatu, eta bizitzeko; nola egiten zuten elkar ezagutu eta elkartzeko, zein lekutan batzen ziren eta zein hizkerak erabiltzen zituzten zer gertatzen zen besteak jabe ez zitezen.

Horien guztien gainekoa zen gure jakin mina, eta horretaz galdetu genien garai haietan gizonak maitatu izan zituzten gizonei, eta emakumeak maitatu izan zituzten emakumezkoei. Haien ausardia ezagutu nahi genuen, horren garai zurrunetan zoriontsu izateko ausardia izan zutelako, eta “arauetatik at diren sexu gogoak” horren jazarpen bortitza sufritzen zuten une haietan gorputzari atsegin hartzen asmatu zutelako. Aitortu behar dugu zorte on-ona izan dugula, lekukotasun horiez gainera errepresio egoera hori gainditu eta gaur bizi dugun errealitatea lortzen ahalegindu, lan egin eta borrokatu zutenen testigantzak ere eskuratu baititugu.

Lan honetan 13 bizitza istorio aurkezten dizkizuegu. Horiei guztiei esker emakume eta gizon homosexualak nola bizi ziren ezagutzeko aukera izango dugu. Egoera hartan elkarri igarri, harremanetan jarri eta ezagutzeko begiradek eta keinuek izan zuten garrantzia ikasiko dugu. Ia hutsik gabeko garrantzia, alegia. Goitizenak zergatik eta zertarako erabiltzen zituzten ere bai; edo besteak aldera ekarri eta txortan egiteko baliatzen zituzten toki haiek, gaur egun galduta dauden komun eta zinemak, nola izendatzen zituzten; edo ezkutuko borroka politikoak nola uztartzen zituzten are ezkutuagoak zituzten sexu jarduerekin; edo, herri honetan preferentzia sexualak askatzeko sortutako mugimendu eta taldeak nola antolatu zituzten; edo, nolakoak zituzten baldintza latz horietan sortutako koadrilak; edo, gibhies gaixotasunak hasiera batean eragindako nahaste-borrastea, ezjakintasuna, beldurra, irain eta estigma, garai bateko “minbizi larrosari” lotutakoak, hain justu, nolako ondorioak izan zituen beraien egunerokotasunean; edo... horiek guztiak ezagutuko ditugu beraien lekukotasunari esker. Hitz bitan, egiaren gainetik, edo ondo-ondoan eraikitako beste egia horiek guztiak ezagutuko ditugu.

Ez daude diren guztiak
Bizitza istorio sorta hau osatzeko adin, jatorri eta kultur maila beretsuko gizon eta emakumeen testigantzak lortu ditugu. Beretsuak zera batzuetan, arras ezberdinak bestetsuetan. Gurea bezalako herri txikian, gainera, ez da harritzekoa bizipenak edo sentimenduak errepikatzea, honengan eta harengan. Elkarrizketak Bizkaia eta Gipuzkoan egin genituen 2013ko irailean hasi eta 2014ko otsaila bitartean. Jakin badakigu sorta honetan ez direla nahiko genituen guztien testigantzak ageri. Bilduma honetara ekarri ditugun istorioak apartekoak dira, horren testuinguru errepresiboan beraien sexu eta maitasun nahierak bizitzera ausartu zirenen lekukotasunak, alegia.

Eraberean badakigu oso zaila egiten zaiela emakume eta gizon askori, baita gaur egun ere, hainbeste eta hainbeste urtetan inposatu zitzaizkien isilpekoak agerian uztea. Tristea da lortutako garaipenak ukaezinak diren honetan pozik eta patxadaz bizi ezin direnak egotea, oraindik lotsagarriak zaielako barru-barruan dituzten sexu gogo eta desioak aintzat hartzea. Hori dela eta, urtetan eta urtetan beldurrak eta lotsak gainditzea eta no bere buruarekin lasai bizitzea izan izan zaielako, lan honetan haien bizipenak ezegutzera emateko ausartu direnen lekukotasunak bildu ditugu.Testigantzak jaso bezala eman ditugu, bakoitzaren modu eta mintzaera errespetatuz, nahiz eta grabatutakoak idazterakoan taxutu ditugun adierazitako guztiak ulergarri egiteko.

Horrekin batera esan behar dugu, aintzat hartu ditugula honen eta haren beldurrak, iraganaren gainekoak, baina baita etorkizunari lotutakoak ere. Horregatik, nork bere egoera besteok baino hobeto ezagutzen duelako, ez dugu inor egiazko izen-deitura esatera behartu, ez eta nor izan daitekeen iradoki dezakeen daturik ematera ere. Nahiago izan dugu beraien lekukotasunaren egia jaso, norena den egia hori argitara ematea baino. Beharbada irakurleari zaila egingo zaio batzuetan xehetasun zenbait ondo ulertzea, baina adierazitakoa esan bezala jasotzea ere beharrezkoa zen, batzuetan gramatikalki egokiena izan ez den arren, esaten dena bezain garrantzitsua izan ohi delako gauzak nola esaten diren, nola gertatu ziren ulertzeko.Istorio sorta hau osatzeko beraien testigantzak eta bizipenak ezagutzera eman diguten gizon eta emakume guztiei gure eskerrik zintzoena adierazi nahi diegu lerrootan, egin duten ahaleginagatik eta erakutsi duten bihotz-zabaltasunagatik.

Argitalpen honekin ez da ezer bukatzen
Idatzi hau egin dugunon asmoa zera izan da: gaiaren inguruan egin beharko den azterketa landuago, sakonago eta zabalagoaren abiapuntu izatea. Izan ere, auzia hainbeste jendearentzat horren larria eta mingarria izanik ere, uste dugu gizarteak ez diola oraindik heldu merezi duen sakontasun eta betetasunarekin. Hori dela eta, zabalik utzi nahi dugu bizitza istorio sorta honekin ireki dugun atea, landu dugun aro historiko horretan beraien sexualitatea ahal bezala baina osoki bizi izan zutenentzat, bai, baina baita bizirik irauteko bestelako bideak hartu zituztenentzat ere.

Lan honekin hasitakoa osatzea neketsua da oso, korapilatsua. Badakigu hori. Mikrofono aurrera bildu beharko ditugu orain arte barrua hustu ez duten hainbat eta hainbat gizon eta emakume. Askok ez dute hitz egin, beldur direlako edo ez dutelako nahi. Berdin dio, horien guztien lekukotasunak jaso beharko genituzke ez dadin urte haietan gertatutako guztia betirako ahaztu, iraganaren hautsak ezkutatuta. Baten batek pentsa dezake ez dela horrenbesterako jende horrek bizi izandakoa argitara ekartzea. Guk besterik diogu, huts barkaezina litzateke hori guztiori ahaztea. Zorretan gaude horren jazarpen bortitza sufritu zuten guztiekin, “ume, nerabe eta gazte zirela, izatea izan ez zuten guztiekin” beraien maitasun edo larru grinak ezkutuan, klandestinitantean, zurikerian edo ukaziorik bortitzenean bizitzera behartuta egon zirelako. Zorretan gaude haiekin guztiekin.

Hau ez da bakarkako lana izan, auzolanean egindako ahalegina baizik. Gay mugimenduan edo borroka lesbikoan konpromezua hartua dugun emakume eta gizonen esfortzua izan da: “haiek egin zituzten elkarrizketak, hark ordenagailura pasa, neronek jasotako guztiari itxura eman eta beste haiek idatzitakoa zuzendu zuten”. Alegia, hasiera hasietatik auzolanean oinarritutako ekimena izan da hau, taldean erabaki eta taldearentzat egina, taldearen inguruan ditugun guztientzako aberasgarri izango zelakoan.

Zergatik? Hau delako, duda izpirik gabe, herri honetako emakume eta gizon homosexualen oroitzapen kolektiborako mugarria. Iragana ezagutuz, oraina ulertu dezakegula uste dugu, eta geroari begira sexu askatasunaren aldeko jarrera eraginkorrak sustatu. Hori da ahalegin honen xede nagusia, homofobia eta lesbofobiaren kontrako borrokan baliagarri izatea, eta ez besterik. Gainera liburu honetan jasotako informazioa aberasgarria izango zaie neska eta mutil gazteei, honekin ikasiko baitute eurak direla iragan ikaragarri horren oinordeko zuzenak.

Bizipen lekukotasunak
Ia bi urte eman genituen testigantza guzti hauek jasotzen, grabatzen eta idazten. Ondoren horrekin guztiarekin zer egin erabaki behar izan genuen, nola egin beraien bizipenak horren zintzoki eskaini ziguten horien testigantzak modu xume baina era berean zehatz eta sentikorrean ezagutzera emateko.

Azkenean, grabatutako elkarrizketak “bizitza istorioen” bidez argitaratzea erabaki genuen. Pentsatu genuen hori zela modurik aproposena lekukotasuna eman zuten guztiek aipatutako ildo eta ardatzek (sexualitatea, errepresioa, familia, borroka eta homofobia, besteak beste) bakoitzaren egunerokotasunean izan zuten eragina argi eta garbi ezagutzeko. Ez hori bakarrik, bizitza historiei esker aukera izan dugu agerian uzteko gizarte indar eta egiturek gu guztion bizimoduan eragiten dituzten ondorioak ikasteko.

Bizitza istorioak ez dira bakarrik honen edo haren bizipenak, badira ere familia baten, herri baten edo ingurumari baten istorioak. Emakume eta gizon horiei entzunda ikusi, eta ikasi dugu une historiko zehatz horretan herriaren zati batek bizi, gozatu, sufritu eta, zergatik ez esan, ikasi zuena. Beraz, lan honen xedeak zehaztu ondoren –adierazgarriak izan zitezkeen lagunen testigantzak bilatzea, hain zuzen- haiekin guztiekin izan ginen, beraien lekukotasunak elkarrizketa bidez jaso genituen, ondoren informazio hori guztia sailkatu, eta amaitzeko istoriko guztiak alderatuz ondorioak atera genituen. Hori da lan honetan biltzen den ahalegina.

Beste begiradak
Bada antzezlan bat “Bere izena aipatzera ausartzen ez den maitasun”a goraipatzen duena, Oscar Wilde idazlearen “De Profundis” idazlanean oinarrituta. Erraietan iltzatutako sentimentuak aitortu eta izendatzearen inguruko beldurrak metafora egokia izan daitezke frankistek maitasun homosexualarekin egin nahi izan zutena ulertzeko. Gaitsezpenak baina, bestelako adierazpen eta harreman moduak ekarri zituen, sexu berekoak gogoko zituzten emakume eta gizonei bizirik iraun, maitatu eta txortan egitea ahalbidetu zizkietenak. Begiradak izan ziren eta dira elkar ezagutzeko bidea, ahozko harremana debekatua zuten une, toki eta garaietan. Horixe esan digute lekukotasuna eman diguten guzti-guztiek.

Ez dakigu begirada berezi horrekin jaio ziren edo egoerak hartaratuta ikasi behar izan zuten, baina bai begirada ausartak izan zirela ez zirelako begi horiek inoren zapalkuntzara makurtu. Sexu disidenteen begiratu horrek ez zuen aintzat hartuko moral, aginte, aurriritzi edo enparaurik. Bere izena aipatzera ausartzen ez den maitasunak ez bezala, begirada ausart haiek maitasuna zuten aldarri, larrua bizitzeko eta gozatzeko edozein aukera zuten zilegi, inori baimenik eskatu gabe. Begi haiek ez zioten men egiten ez kolore bateko zein besteko zurikeriari. Horrexegatik lan honekin gogora ekarri nahi ditugu, eta omendu, begidara ausart, garden eta likitsarekin Elizak, familiak, gizarteak eta botere orok inposatu nahi zieten ixilkeriari aurre egin zioten emakume eta gizon guztiak.

AURKIBIDEA
7 / Aurkezpena
15 / Bizitza istorioak
17 / Joaquín
22 / Gabriel
32 / Empar
46 / Mercedes
53 / José Ignacio
64 / Martín
72 / Txema
80 / Manuel
86 / Xabier
92 / Mikel
100 / Alberto
105 / Imanol
122 / Karmele
121 / Testuinguru historikoa
137 / Begirada ausartak: ondorio gisa

ESTEKAK
Web | Aldarte

http://www.aldarte.org/miradas-atrevidas/es/
>
IKUS-ENTZUNEZKOAK
Miradas atrevidas / Begirada ausartak
Aldarte | YouTube, 2014-12-16

http://youtu.be/t3JVDIS9kPw
>
DOKUMENTAZIOA
Oroitzapenak
Juanjo Olasagarre | Deia, 2014-12-20

http://www.deia.com/2014/12/20/opinion/columnistas/zirrikituetatik-begira/oroitzapenak
“Begirada Ausartak” izeneko liburua eta dokumentala
Nontzeberri, 2014-12-17

http://www.nontzeberri.com/Albiste7.aspx?a=7728
Begirada haiek...

Aldartek eta EHGAMek frankismoa eta trantsizioa ezagutu zuten hamahiru gay eta lesbianaren lekukotzak bildu dituzte 'Begirada ausartak' liburuan, urteetan isilarazita egon den memoria historikoaren eremu bat oroitarazteko.
Jon Rejado | Berria, 2014-12-17
http://www.berria.eus/paperekoa/1856/010/001/2014-12-17/begirada_haiek.htm
>
DOCUMENTACIÓN
“Miradas atrevidas: historias de vida y amor lésbico y gay durante el franquismo y la transición en Euskadi”, un libro y un documental para recuperar la memoria histórica LGTB
Frías | Campus Diverso, 2014-12-20

http://diarium.usal.es/frias/2014/12/20/miradas-atrevidas-historias-de-vida-y-amor-lesbico-y-gay-durante-el-franquismo-y-la-transicion-en-euskadi-un-libro-y-un-documental-testimoniales/
Presentación del libro y del documental 'Miradas atrevidas'
El Correo, 2014-12-16

http://agenda.elcorreo.com/evento/miradas-atrevidas-452962.html

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.