Argazkian, asanblada egun horietariko batean baturiko jendea //
Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean hausnartzeko hitzordua izanen dute, baita giro seguruan eta sanoan bestatzekoa ere. Gaur egungo galdera, eztabaida eta erronkei begira jartzeaz gain, iraganari ere so eginen diote, orain dela 40 urte Euskal Herriko lesbianen lehen topaketak antolatu zituztenei eskertza eta aitortza eginez.
Jenofa Berhokoirigoin | Argia, 2024-04-28
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2868/bollotopaketak
https://www.argia.eus/astekaria/docs/2868/pdf/Argia2868-26-31.pdf
Euskal Herriko bolleren topaleku bihurtuko da Leitza apirilaren 26, 27 eta 28an. Jende andanak eman du izena Bollotopaketetarako eta 550 bat bollera batuko dira asteburuan, identitate horretatik hausnartzeko asmoz. Bollerak nagusiki, eta oro har sexu/genero disidenteak: "Hetero-disidente guztiak izango dira ongietorriak, baina eduki zentrala bollerismoa izango da, hau da, subjektu bolleroa, haren genealogia, egungo egoera politikoa eta dauzkagun erronkak", zehaztu dio antolatzaileetariko batek Emaraun aldizkariko elkarrizketatzaileari. Izen-emateen aurreikuspen guztiak gainditu direla ikusirik, ezin ukan gogo bati erantzutera datozela. Subjektu politiko horretatik eta horrentzat antolaturiko jardunaldiak ez direlako ohikoak Euskal Herrian.
Gutasun hori izendatzeko terminoak aldatu arren, egon dira iraganean ere helburu berarekin muntaturiko topaketak: 1983ko "Euskadiko Lesbianen Topaketak", 1987ko "Euskadiko Lesbianismoari buruzko Topaketak", 1997ko "Euskal Herriko Lesbianen Topaketak" eta ondotik, maila lokalagoan antolaturiko beste zenbait. Lehen ediziotik 40 urte pasa direla, hasi ziren iaz Bollurria bollera talde transfeministakoak Bollotopaketen irudikatzen, hain zuzen, urtemuga hori nolazpait markatzeko gogoz.
Antolatzaileek badakite aitzineko bollerei –anakronismoak saihestuz, orduko "lesbiana feministei"– anitz zor dietela. Hori azpimarratzeko hitzordua ere izanen da Leitzakoa: "Pertsona hauek merezi dute euren ekarpenen eta borrokaren aitortza kolektiboa, eta espero dugu omenaldiaren oihartzuna garai horretan ibilbidea hasi zuten pertsona guztietara heltzea, baita bertan egoteko aukera ez dutenengana ere", dio antolatzaileetan den Argi Lertxundik. 1983ko maiatzaren 21 eta 22ko Zamalbideko (Errenteria) lehen topaketa horietatik bide luzea egin delako.
Garaiko antolaketan egondako Nati Ruforekin hitz eginez begi-bistakoa gelditzen zaigu ordukoen indarra, kemena eta ausardia. Garai hartan lesbianak ez zirelako ikusiak ezta izendatuak ere. "Bi emakume elkarri loturik agertuz gero, lagunak ziren. Lagunak bai, baina elkarrekin sexu harremanak geneuzkan lagunak ginela erakutsi nahi genuen. Ikusgarritasuna zen gure helburu nagusia, ikusten ez dena ez delako existitzen". Noiz eta, harreman horiek legez zigorturik ziren testuinguru batean: homosexualitatea zigortzen zuen Arriskugarritasunaren eta Errehabilitazioaren Legea 1978 urtera arte zutik egon zen Espainiako Estatuan –Frantziako Estatuan 1982a arte zigortu zituzten harreman homosexualak–. Legez zigortuak izateaz gain, gaixo eta anormal gisa sailkatuak ziren: homosexualitatea eritasunen zerrendan sailkatu zuen Osasunaren Mundu Erakundeak 1990a arte.
Horiek horrela, nahiz eta beharra argi ukan, karrikak hartzea ez zitzaien urrats arina: "Gutariko batek beti zioen 'benga, pankarta ez dela bakarrik aurreratuko, momentuko ez dauka gurpilik!'. Aurpegia erakutsi behar genuen eta horretarako prest geundenak gutxi ginen". Ingurukoen trufak, irainak, epaiketak eta erasoak zituzten ordainsari: "Zirko batean bezala ginen, manifestatzen baino jende gehiago zegoen manifestazioari begira". Euskal Herriko sexu askapenerako militante guztiek dute gogoan ‘Francis’ Vicente Vadillo Santamaria Errenteriako trabesti ezagunaren hilketa. 1979ko ekainaren 10ean polizia batek tiroz hil zuen Errenteriako Apolo diskotekan. Hilketa horren salatzeko manifestazioak izan ziren gay eta lesbianen eskubide eta askatasunaren alde Euskal Herrian egindako lehen ekimen publiko eta politikoak. 1977an osaturiko EHGAM Euskal Herriko Gay eta Lesbianen Askapen Mugimendua izan zen eragile nagusia.
Ikusgarritasun hori lortu nahian antolatu zituzten lesbiana aktibisten arteko lehen topaketak: “Ikusgarritasuna genuen aldarrikapen nagusi, eta bide horretan hainbat kolektiboren artean topatzea interesgarria zitzaigun, aldarrikapenak eta helburuak elkarrekin adosteko. Gurea zabaldu nahi genuen eta bagenekien elkartuz indar gehiago izango genuela”, oroitzen du Rufok. 250 bat lagun batu ziren Errenterian.
Baina gutasun horrek nondik eragin beharko zuen? EHGAM mugimenduaren baitatik? Hasieratik militantzia esparru izandako mugimendu feministatik? Autonomoki lesbiana feministen artean antolatuz? "Hor bagenuen eztabaida, non eragin genezakeen gehiago, eta bietan zeuden kontraesanak. EHGAM guretzat oso mugimendu maskulinoa zen, eta garai hartan feminismoak oso jardun heteronormatiboa zuen, ziurrenik egoerak berak behartuta", kontatu zion Pilar Mendibil Pilonek ARGIAri 2019ko elkarrizketa hartan. Azkenean, mugimendu feministaren baitatik eragitea ez zuten baztertu, baina horri gehitu zioten lesbiana feministen artean antolatzeko urratsa. 1985ean sortu zuten, adibidez, Euskadiko Lesbiana Feministen Kolektiboa, aitzineko urteetan lurraldeka osatutako kolektiboen topagune izango zena.
40 urte pasa arren, mugimendu feministarekilako elkarlanak zein batasunak segitzen dute dinamikaren osagai inportante izaten. Hain zuzen, Bollotopaketak ere transfeminismotik ondu dituzte, eta antolaketarako asanbladako kide anitz dabiltza mugimendu feministan ere buru-belarri.
1983ko Euskadiko Lesbianen Topaketen gauzapenean aritutakoei eskainiko die aurtengo Urrezko Hirukia EHGAM taldeak. “Gure genealogiak eta erreferente kolektiboak ezagutzeari balioa eman nahi izan diogu Urrezko Hiruki honen bidez, eta pertsona horiek LGBTI+ borrokan izandako aitzindaritza aitortu nahi izan dugu. Gehiegitan bigarren mailan eta ezkutuan geratu dira LGTBI+ askapen borrokan ekintzaile lesbianak, eta oro har mugimendu honi emandako bultzada eskertu eta saritzeko modu xume bat da hau". Usaian ekainaren 28aren kari banatzen baldin badute ere saria, aurten Bollotopaketetan eginen dute, "aitortzari esanahi kolektiboa eta ospakizun-ukitua emateko" xedez.
Orduko ikusgarritasunaren helburuaz galdetuz gero, ondokoa dio Bollotopaketetako Ibis Ugartek: "Praktiken inguruko onarpen soziala handitu den arren, dinamika normatiboek ematen dituzten pribilegioetatik kanpo gelditzen diren bizitzak defendatu nahi ditugu, praktika ez-normatiboak erdigunean jartzeko. Horretarako, lesbianismoa bizitzeko beste eredu batzuek ikusgarritasuna hartu beharko lukete, zehazkiago, merkatuari eta sistemari deserosoak egiten zaizkienek”.
Lesbiana feministatik bollerara
Horregatik joan da "lesbiana" subjektuari lekua hartzen "bollera" subjektua. Lesbiana terminoaren erabilpena nagusitzen bada ere jendartean, norbanako batzuk "bollera" hitzarekin izendatzen dute beraien izana: "Nolabait definitzearren, esan dezakegu bollera desira lesbikotan jatorria duen baina hortik harago doan posizio politiko bat dela. Bollerismoak gizonak eta emakumeak sortzen dituen sistema heterosexualari uko egiteko aukerak irekitzen ditu, eta beste identitate posible bat proposatu. Beste identitate horri tiraka, bollerak ez gara emakumeekin txortan egiten duten emakumeak, emakumetasun inposatuari uko egiteko sortzen den kategoria politikoa delako bollera", diote antolatzaileek.
Aitzinekoen borrokari esker, ikusezina geroz eta agerikoagoa bihurtu dela ezin uka, eta onarpenaren bidean, mentalitateen eta legeen aldaketak irabazi direla ere argi da. Duela 40 urte lesbianismoan kokatzea eta lesbiana gisa plazaratzea baldin bazen apurtzailea, normalizazioan eta onarpenean aitzina egin arau, sen iraultzailea birkokatzen joan dira lesbiana politiko batzuk, "lesbiana feminista" subjektutik "bollera" subjektura salto eginez. Funtsean, bollera identitatea taldean eta politikoki mamitzeko asmoz, subjektu horri bideratuko diote asteburuko hitzaldi nagusia, asteburuko hitzordu nagusien artean izango dena.
Bilakaera horren isla izan nahi du Bollotopaketetan egonen den Bollologia. Euskal Herriko bolleron mugimenduaren genealogia bisual bat erakusketak. Asanbladako lau lagun aritu dira artxiboen miaketa horretan eta oro har, modu autonomoan eta talde ttipika antolatu dira jardunaldietako eskaintza guztiak. Autogestioan eta horizontaltasunean oinarrituriko programa osatu dute: "Egitarauan agertzen diren gaiek antolakuntzako kideek dituzten kezka eta interes politikoak islatzen dituzte. Asanbladetan identifikaturiko korapilo eta erronketatik tiraka proposatu dira", Ugartek dioenez. Iazko azaroan gaiak zerrendatu eta bakoitzaren interesen arabera osatu zituzten lantaldeak, hortik eskaintza modu autonomoan lantzeko ideiarekin. Tailerrak, hitzaldiak, dokumentalak, podcastak, erakusketak... finean, sei hilabete pasa eta, uzta aberatsa atera zaie. Asteburuan jorratuko dituzten gaien multzoa askotarikoa da: herri txikietako eta landa eremuetako bolleren errealitateak; terf mugimendu esentzialistaren aurkako borroka; boterea eta sexualitatea; drag tailerra; etxebizitza hautuak; bolleren arteko indarkeriak; bollerak eta zahartzaroa; sare bolleroak eta familia nuklearra; Palestinari transfeminismotik begiratzeko postura… Horrez gain, sorkuntzak, mugimenduak eta bestak ere izango du lekua: Danele Sarriugarte eta Miren Narbaizaren Poperra, afterra, utopia ikuskizuna; bertso saioa; gorputz adierazpeneko jam saioa; Kafuné Kolektiboaren Nire irudia zure haragian antzezlana; kanariar borroka torneoa; espazio publikoa berenganatzeko ekintza kultural-politikoa; sortzaileen azoka; karaokea eta dj-ak… "Hausnartzeaz gain, jai giroa ere bermatu nahi dugu, testuinguru cisheterozentratu batean festarako espazio seguruak ez dauzkagulako nahi bezain beste. Giro seguruan jardunaldi horiek bizitzeko aukera ere izango du bollera eta genero/sexu disidente orok”, dio Lertxundik.
Sarea ehuntzen segitzeko
40 urte pasa arren, bere horretan berdin-berdin garrantzitsu izaten segitzen duen osagaietariko bat dugu saretzea. Lesbianen ikusgarritasunean eta normalizazioan aitzina egin arren, jendarte heteroarautua, finean, guti aldatu delako: beti bezain sendo, zurrun eta inposatzaile izaten segitzen du. Hezkuntzak, legediak, iruditegiak, politikak, sorkuntzak, komunikabideak, hitzak, ideiak, erabakiak... hots, guztia da arau horren euskarri eta akuilu. Errealitate horretan, zaintza eta indarra beharrezkoak dituzte lesbianek eta are gehiago bollerek; eta bide horretan, inportantzia handia dute sare bolleroek. Oinarrian hori ere bazuten helburu Bollotopaketako antolatzaileek. "Prozesu parte-hartzaileak eta asanblada irekiek berebiziko garrantzia izan dute. (...) Jardunaldiak heltzen direnean, egindakoaz gozatzeko eta harro sentitzeko momentua izango da, eta momentu aproposa ere izango da aliantza horietan sakontzeko", dio Ugartek. 70 bat lagun batu dira asanbladetan, Euskal Herriko hainbat txokotakoak, hirikoak zein herri ttipietakoak.
1970eko hamarkadaren bukaeran zegoen saretze beharraz luze eta zabal aritu zaigu Rufo. Hor ere dena zegoen egiteko: gutasunik ez zegoen eta sarea sortu eta osatu beharra zuten. Solasaldiak antolatzen zituzten, lesbianen arteko gogoeten bidez taldea sendotzeko: "Funtsezkoa zitzaigun taldean hausnartzea. Hainbat panfleto eskuratzen genituen eta horretaz gogoetatzen genuen. Adibidez, butch-fem izaerari buruzko alemanen eta ingelesen testu batzuk eskuratu eta horretaz aritzen ginen luze eta zabal. Azkenean, hitz egiten ez bagenuen, gauza asko ez genekizkielako". Sexualitatearena zuten beste gaietariko bat, garaian ez zegoelako harreman sexual-afektibo lesbikoei buruzko galderak, ideiak zein gogoetak partekatzeko espaziorik. Bide horretan, tresna eta erreferentzia nagusia izan zuten Sorginak aldizkaria. 1986an sortu zuten eta 1995a arte iraun zuen. Ondotik, 1998tik 2000 urtera, berriz plazaratu zuten. Garaiko Euskal Herriko lesbiana feministen sorkuntza gehienak biltzen zituen –poesia, argazkigintza, umorea, hausnarketa teorikoa...– eta nazioarteko gogoetak Euskal Herriratzeko tresna ere bazen.
Saretze bidean bestak "berebiziko garrantzia" izan zuela oroitzen du Rufok. Ingurua ezezaguna zitzaionari hurbilketa-bidea errazten zion: "Festak antolatzen hasi ginen (Donostiako) Atotxako Duque de Mandas kalean geneukan lokalean. Jendeak horren berri ukan zuen eta inguruko herri txikietakoak hasi ziren etortzen (Alkizatik, Tolosatik...). Topaleku horiek ezinbestekoak genituen isolaturiko emakumeak batzeko: etorri eta beste batzuekin topo egiteko, bakarrik ez zeudela sentitzeko, elkar babesteko, harremantzeko, ligatzeko... Hori guztia zekarten festarako espazioek".
Bollotopaketen dinamikaren eta egitarauaren nondik norakoak entzutearekin piztu zaio Leitzara etortzeko gogoa Rufori. "Ikusgarritasuna behar genuen eta ikusgarri egin ginen; aldarrikapenak bagenituen eta aldarrikatu genuen. Bide berriak irekitzea lortu genuen, baina oraindik badaude irekitzekoak. Nik nirea egin dut. Guk egin dugu gurea eta lekukoa pasa dizuegu eta aurrera zoazte ideia eta aldarrikapen berriak gehituz". Iparrorratza geroari begira jarri eta lekuko hori Leitzako plazaren erdian astinduko dute asteburuan, harrotasunez.
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.