lunes, 29 de abril de 2024

#hemeroteka #bollerak #lesbianismoa | Duela 41 urte Lesbiana Feministen Jardunaldiak antolatu zituztenek jaso dute Urrezko Hirukia

Duela 41 urte Lesbiana Feministen Jardunaldiak antolatu zituztenek jaso dute Urrezko Hirukia
1983an Euskadiko Lesbiana Feministen I. Jardunaldiak antolatu ziren Errenterian eta honen sustatzaile eta antolatzaileak omendu nahi izan ditu Ehgam elkarteak, aurtengo Urrezko Hirukia haiei emanez.
Naiz, 2024-04-29
https://www.naiz.eus/es/info/noticia/20240429/duela-41-urte-lesbiana-feministen-jardunaldiak-antolatu-zituztenek-jaso-dute-urrezko-hirukia

Urrezko Hirukia jasotzen //
Euskadiko Lesbiana Feministen I. Jardunaldiak antolatu zituztenek jaso dute aurtengo Hirukia saria. Nabarmentzekoa iruditzen zaien ekimen edo pertsonaren baten lana aitortzeko banatzen du sari hau Ehgam-ek. Aurtengo ekimena, baina, Bollotopaketen baitako omenaldi kolektibo baten gisa kokatu dute.

Iaz 40 urte bete ziren Euskadiko Lesbiana Feministen I. Jardunaldiak egin zirenetik. «Jardunaldi haiei eta haien antolaketan eta bertan parte hartzen ibili zirenei ematea erabaki genuen. Eta oro har, hasiera haietan bidea ireki eta antolatu ziren lesbiana feminista guztiei», adierazi dute ohar baten bidez.

Asteburuan Leitzan egindako Bollotpaketen baitan egin zuten sari banaketa, «zerbait zabalagoa» bihurtu asmoz, iaz eman behar zitzaien saria aurtengo ediziora atzeratuz. «Inportantea iruditzen zaigu 40. urteurrena eta Bollotopaketak baliatzea lesbiana feministek egin duten lana aitortzeko eta eskertzeko».

Nines Garcia, antolatzaileetako bat, saria jasotzen izan zen. «Joan den jendeari eskaini nahi diot, dagoeneko hemen ez dagoenari, eta gaur hemen egon gaitezen lagundu zutenei; armairutik atera ez direnei; lehertu dutenei; borrokatu zutenei, borrokatzen ari direnei, borrokan jarraituko dugu».

250 lesbiana inguru elkartu ziren 1983an Zamalbiden (Orereta-Errenteria) egin ziren jardunaldietan, Mugimendu Feministako eta Ehgameko kide lesbianek antolatuta. Hainbat gogoetaren ondoren, lesbianak euren kabuz antolatzeko beharra gailendu zen, eta Lesbiana Feministen Kolektiboak sortu ziren apurka-apurka, hainbat urtez erreferente izan zirenak. Horrez gain, betidanik egon dira mugimendu feministarekiko elkarlan eta harreman estuak, baita mugimendu feministaren baitako dinamikak ere.

«Sexu askapen mugimenduaren memoria egitea ezinbestekoa iruditzen zaigu, Euskal Herrian izan duen historia jasotzea eta ezagutzea. Eta memoria egiteko orduan ezinbestekoa da lesbiana feministek egin zuten bideari erreparatzea eta aitortzea, eta gogoeta egitea kolektibo barruan egon den matxismoaz ere. Horrela, nahikoa aitortu ez den lanari dagokion errespetua eta esker ona adierazteko lehen pausoak eman genitzake», gehitu dute.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.