miércoles, 18 de agosto de 2021

#hemeroteka #gayak #hiesa #queerentena | Gayak eta pandemia

Irudia: Acción Gay / Act-Up taldeko manifestazioa //

Gayak eta pandemia.

Rikardo Arregi | Deia, 2021-08-18

https://www.deia.eus/opinion/columnistas/zirrikituetatik-begira/2021/08/18/gayak-eta-pandemia/1144409.html 

Orain dela urtebete baino gehiago hasi nintzen zerbait sumatzen, edo suma- tzen nuen apur horrekin hipotesi bat garatzen, baina lagunarte txikienetan soil-soilik ateratzen nituen nire ondorio behin-behinekoak, aldi berean hipotesia balioesten eta probatzen nuen bitartean. Adituekin kontsultatu dut, leku desberdinetan bildu ditut datuak. Orain prest nago nire hipotesia plazaratzeko: adinean sartuta dauden gayak izan dira (gara) oraingo pandemia emozionalki hobeto kudeatu dutenak, gaurko hizkera erabiltzearren, covid-19 gaixotasuna eta gaixotasunaren arriskuak hobeto eraman dituztenak. Jakina, besteak bezala etxean egon dira itxita, askotan bakarrik, musukoa eramaten dute, lanean aritu dira, baina buruan beste gaixotasun askoz izugarriago bat izan dute (dugu), beste garai larriago bat, estigma beldurgarri hura. Hiesaz ari naiz, bai.

Hiesa sortu zenean, gazteak, eta ez hain gazteak, ginen gayek eskarmentua handia eskuratu genuen birusak direla eta, gaixotasuna gertu-gertu izan genuen, lagunak hiltzen ikusi, bazterkeria edonon nabaritu, prebentzio neurriak hartu, odol analisien beldurra sentitu, militantzia berritu (gogoratu ACT UP), botika koktelak dastatu... Horren guztiaren ondoren, oraingo pandemia hau drama gehiegirik gabe bizi izan dute adinean sartutako gay gehienek, nire ustez. Hortik ibili diren eta oraindik dabiltzan drama-queen horiek (maskararekin itotzen naiz, PCR probek ez dute ezertarako balio, gel hidroalkoholikoak eskuak hondatzen dizkit, txertoak txarrak dira, nire askatasuna hau eta nire askatasuna bestea, negazionistak) heterosexualak dira, eta ez dute euren bizitza osoan (utzidazue argi eta garbi esaten) gehiegi ere sufritu.

Hiesaren aurkako txertorik ez da oraindik, baina gaixotasuna menderatuta dugu (ez herrialde pobreetan), eta asko dakigu farmazia industriak izan duen jokabideaz. 40 urte pasa dira 1981ean lehen kasuak agertu zirenetik. Asko dakigu izuaz, bakardadeaz, taldeen ahultze eta indartzeaz, elkartasunaz eta elkartasun faltaz. Eskarmentua dugu, baina ez diguzue askorik galdetu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.