miércoles, 25 de agosto de 2021

#hemeroteka #lgtbi | 'Sexilioa' gelditzeko haziak

Irudia: Berria / Kattalingune Vianako Foruen plazan //

'Sexilioa' gelditzeko haziak.

Kattalingune Nafarroako LGTBI zerbitzua herriz herri dabil Lizarrerrian, sexu eta genero aniztasuna lantzen. Erdiguneetan paratuz, ikusgaitasun handia lortzen dute.
Iker Tubia | Berria, 2021-08-25
https://www.berria.eus/paperekoa/1876/028/001/2021-08-25/sexilioa-gelditzeko-haziak.htm 

San Juan ostatuko terrazan lau emakume zahar jarri dira kafea hartu eta toldoaren itzalpean goxo solastatzeko. Eguzkiak gogor jotzen du Vianako Foruen plazan (Nafarroa), baina haize pixka bat dabil. Bi terrazak beteta daude, eta plazaren erdian atoi bat dago parez pare irekita, leiho bat balitz bezala. Bideo bat erakusten du behin eta berriro. «Euskaraz hitz egiten dute», esan du batek. «Ez, gaztelaniaz ere bai. Elebiduna da», zuzendu dio besteak. «Hara, bandera eta guzti. Nola deitzen diote orain horri: LG...», plazaren erdian dagoen postuko kartelei begiratu die gogoa freskatzeko. «LGTBI, hori da». Beste gai batera pasatu dira.

Saioa Petrizan bakarrik dago ortzadarraren bandera batek apaintzen duen mahaian eserita. informazio liburuxkak ditu aurrean, eta eskumuturrekoak; atzean, oholtza bihurtutako atoia. Eskumuturrekoen esanahia kontatu die hartu nahi zituzten haurrei. Tantaka-tantaka etorri zaio jendea. Kattalingune Nafarroako Gobernuaren LGTBI zerbitzuak antolatutako kanpaina da: Aniztasuna erein, askatasuna jaso. Iaz Erdialdeko herrietan ibili ziren, eta aurten Lizarrerrian: Viana bisitatu ondoren, Mañerun egonen dira gaur; bihar, Murietan, eta etzi, Oteizan.

Landa eremuan egin dute kanpaina, sexilioa errealitate bat dela jakinda. Asko baitira herria atzean uzten duten LGTBI komunitateko kideak, onarpen handiagoaren edo beste aukera baten bila. «Helburuetako bat ikusaraztea da, eta herrian sexu eta genero aniztasunari buruz hitz egitea», azaldu du Petrizan Kattalinguneko sexologoak. Informazio eske gutxi joan diren arren, herritarrak ohartu dira han direla.

Ama bat agertu da bi semeekin. Petrizani zuzendu zaio: «Eskuorri bat hartzera etorri gara. Seme nagusiak galderak egiten ditu: 'Zer da trans?' eta halakoak. Ni saiatzen naiz azaltzen, baina pentsatu dut hobe izanen dela semeak berak irakur dezan, nahiz eta irakurtzea ez duen askorik maite». Kattalingunekoak eskumuturrekoa eskaini dio mutilari, baina ezetz esan dio, burumakur eta lotsaturik. Anaia txikiak baietz, berak bat nahi duela.

Paula Martinez irakaslea eta Begoña Maruri hezitzailea ere han izan dira informazioa galdegiten. «Eskolan egoera batzuk izan ditut, eta horiek bideratzeko aholku eske etorri naiz», kontatu du Martinezek. Marurik tutoretzapeko etxebizitza batean lan egiten du: «Haietako batzuek zalantzak dituzte sexualitateari buruz, eta informazioa behar nuen». Martinezek uste du halako kanpainak beharrezkoak direla: «Batez ere herrietan, bestela dena Iruñean egiten delako». Behar zuten informazioa lortu dute.

Urrutitik begiratu diote askok pantailan ageri den bideoari. Sagui Sheinkmanek ere halaxe egin du hasieran, eta gero argazki bat egin du sakelakoarekin. Azkenean, plazara itzuli da, hori zer zen galdetzera. Tel Avivekoa da (Israel), eta Donejakue bidea egiten ari da. Beste herri batean ikusi zuen kanpainaren berri, baina uste zuen kontzertu bat izanen zela. «Ni LGTB naiz, eta hau ederra iruditzen zait. Oso garrantzitsua da herrietan halako informazioa ematea, dena ez baita Madril. Gainera, LGTBI adingabe askok oso gaizki pasatzen dute». Nafarroako Gobernuaren logotipoa seinalatu du gero: «Erakundeek hau ordaintzea ere garrantzitsua da». Kontent ekin dio berriz bideari.

Zuriñe Sancho Vianako Gizarteratze teknikaria eta Eva Garcia Gizarte Ongizate eta Berdintasun zinegotzia ere agertu dira. «Gai hau normalizatu nahi dugu, batzuetan kosta egiten delako jendearengana iristea. Tabu asko daude sexualitateari dagokionez», esan du zinegotziak. «Jende asko etorri ez arren, plaza erdian egonda soilik, ikusgaitasuna lortuta, pauso bat eman dugu aurrera», kontatu du teknikariak. Herrian kanpaina anitz egiten dituztela gogorarazi du.

Hazien beharra
Petrizanek aukera izan du egun hauetan inguratu zaizkienei herrietako egoeraren inguruan galdetzeko: «Jende askok esaten digu ongi, errespetatzen dutela». Baina Villatuertan bi emakume joan zitzaizkion. Biek zuten LGTBI komunitateko seme-alaba bat. Batek zioen herrian oso gaizki pasatu zuela gay izateagatik, eta sexiliatu zela. Besteak kontatu zuen familian askok gaizki hartu zutela, baina herrian ongi. Berdin bukatu zuen: ‘sexilioan’. «Gai honetan ez dago dena lortuta», dio Kattalinguneko sexologoak.

Hain zuzen ere, Lizarrerrian eraso homofobo bat izan da udan; Estellesa autobusean, Lizarratik inguruko herrietara doan zerbitzuan. Mutil bati egin zioten eraso, hitzez. Atzean jarri zitzaion bat, alboan bestea. «Bide osoa eman zuten oihukatzen: 'Labana sartuko dizut', 'Marikoi zikina', 'Gay zikina', 'Badakit non bizi zaren eta non jaitsiko zaren'. Gidariak ez zuen deus egin», kontatu du erasoa jasan zuenak. Estellesara kexa bidali zuen, eta oraindik ez diote erantzun.

Horrelakoek agerian uzten dute LGTBIfobiaren kontrako borroka ez dela iraganeko kontua. Horregatik dihardu Kattalingunek Nafarroan barrena haziak ereiten, sexu eta genero aniztasunari ikusgaitasuna ematen, eta behar dutenei heldulekua eskaintzen: askatasun uzta jasoko dutelakoan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.