viernes, 30 de mayo de 2025

#hemeroteka #feminismoa #berdintasuna | Euskal Herriko antropologia feministaren aitzindaria

Teresa Del Valle ikerlari eta antropologoa //

Euskal Herriko antropologia feministaren aitzindaria

XI. Hondarribia Berdintasunaren Hiria sarietan Teresa Del Valle ikerlari eta antropologoa eta haren ondorengoak omenduko dituzte. Gaur izango da ekitaldia, 18:30ean, Itsas Etxean.
Ane Mendizabal Sarriegi | Bidasoko Hitza, 2025-05-30
https://bidasoa.hitza.eus/2025/05/30/euskal-herriko-antropologia-feministaren-aitzindaria/ 

Hondarribia Berdintasunaren Hiria saria berdintasunaren alde ari diren pertsonak eta taldeak saritzeko sortu zuen Jaizkibel konpainiak 2015ean, eta egun «toki guztietan» berdintasunaren alde pausoak ematen ari direla ikusaraztea du helburu. Gaur arratsaldean egingo dute XI. ekitaldia, eta bertan, Teresa Del Valle (Donostia 1937-2025) ikerlari eta antropologo feminista eta haren ondorengoak [Antropologia Feminista Ikerketa Taldeko (AFIT) kideak] omenduko dituzte. Del Valle antropologia feministaren aitzindaria izan zen Euskal Herrian, eta haren ondorengoek irmo heldu diote hark zabaldutako bideari.

Handia da Del Vallek utzitako ondarea. Haren obra osoaz gain, hainbat kontzeptu ere garatu zituela azaldu du AFITeko kide Maggie Bullen antropologoak. «Pertsona baten memoriak lantzerakoan mugarriak ezartzea gustatzen zitzaion. Bizitzako momentu klabeak jakin behar genituela zioen». Beraz, harengandik ikasitakoari jarraiki, ikerlari eta antropologo euskaldunaren ibilbideko mugarriak nabarmendu ditu Bullenek.

Bilbon jaio zen arren Donostian egin zuen bizitzaren zatirik handiena. Horren aurretik AEBetara joan zen, Historia eta Antropologia ikastera. Hawaii haren bizitzako mugarri garrantzitsua izan zen, eta handik Mikronesiara joan zen lekuko lana egitera. «Orduko hartan oso jende gutxik egiten zuen halako lan etnografikoa eta izandako esperientzien bidez gizarte antropologia eta antropologia feminista deskubritu zituen».

Trantsizio garaian itzuli zen Donostiara, Euskal Herriko Unibertsitatea hasi berri zen garaian. Antropologia sailik existitzen ez zenez, Filosofia fakultatean sartu zen eta pixkanaka-pixkanaka, beste pertsona batzuekin, gizarte antropologia eta antropologia feminista ezartzen joan zen.

Ikerlanak
Del Vallek eta haren taldeak ikerlan ugari garatu zituzten. ‘Mujer vasca. Imagen y realidad’ da haien ikerlan ospetsuenetakoa, euskal emakumeei buruzko lehen ikerlan «potentea» izan zelako.

Bullenek «lan kolektibo» bat izan zela zehaztu du, «izan ere, askotan jendeari taldea aipatzea ahaztu egiten zaio, eta hori oso garrantzitsua zen Teresarentzat». Historian zehar emakumeak ez dira errekonozituak izan egin dituzten ikerketa lan eta ekarpen horiek guztiengatik, eta horregatik, haren irakaskuntza feministan «genealogia» asko nabarmentzen zuela azaldu du AFITeko kideak. «Nondik eta norengatik ikasten dugun errekonozitu beharra dagoela uste zuen».

Jose Miguel Barandiaran eta Julio Caro Baroja garaiko figura handiak izan ziren, «eta, hara non, Teresa Del Valle bere ekipoarekin zerbait berritzailea proposatzen hasi zen». Aipatutako ikerlanean euskal matriarkatuaren teoria aztertu zuten. Hirian, baserrietan eta kostaldean euskal boterea neurtu, eta Barandiaranek eta beste hainbat antropologok defendatutakoaren kontrara, egiaztatu zuten euskal emakumeek ez zutela beste leku batzuetan baino botere gehiago izan.

Ondorio horiek «nahiko polemikoak» izan zirela azaldu du Bullenek, baina jaso zituen kritika guztiei «indartsu» aurre egin ziela: «Oso argi zituen gauzak eta oso talde ona zuen. Kritikarekin hazi egin zen, indartsuago egin zuten, eta egiten ari zenaren garrantziaz ohartu zen».

Del Valle, gainera, «oso entzule ona eta arretatsua» zela azaldu du, eta «dena oso interesgarria» iruditzen zitzaiola. Hala, Alardearen afera hasi zenean harengana jo zuen Bullenek. «Gaia nola ulertu galdetu nion, eta antropologia feministatik landu beharrekoa zela esan zidan». Alardea ikertzeko talde bat osatzen lagundu zien orduan eta argitaratutako lanak [‘Tristes espectáculos: las mujeres y los Alardes de Irún y Hondarribia’] herri askotako jaiak birplanteatzeko ate bat zabaldu zuen.

Del Valleren ustez aferak mugarekin zuen zerikusia. «Europan sartu ginenean aduanak desagertu eta jendeak lana galdu zuen. Etorkizunera begira ezegonkortasuna sortu zen eta zenbaitek Alardeari heldu ziotela zen bere tesia». Horregatik, berarentzat gatazka hau mugarri bat izan zen Euskal Herriko mugimendu feministan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.