jueves, 29 de mayo de 2025

#hemeroteka #feminismoa #berdintasuna | Emakumeak parte hartzera deituz aurkeztu dute Berdintasun Mahaia

Hondabirriko Berdintasun Mahaiaren aurkezpena //

Emakumeak parte hartzera deituz aurkeztu dute Berdintasun Mahaia

Hondarribiko "emakume eta eragile feministek" osatuko dute Berdintasun Mahaia. Herrian berdintasunaren alde "eragiteko", bederatzi oinarriren gainean lan egingo dute aurrerantzean.
Oier Iriarte Arrondo | Bidasoko Hitza, 2025-05-29
https://bidasoa.hitza.eus/2025/05/29/emakumeak-parte-hartzera-deituz-aurkeztu-dute-berdintasun-mahaia/

Duela urtebete, “herrian eragiteko” asmoz, Hondarribiko Berdintasun Mahaia sortzeko urratsak egiten hasi ondoren; gaur, hilaren 29an, aurkeztu dute. “Emakume eta eragile feministetako” kide ugarik osatuko dute, eta “aholkularitzarako, eztabaidarako, azterketarako eta proposamenetarako” gunea izango da.

Bederatzi oinarri izango dituzte lan ardatz. Alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Berdintasun Legea herrian ere “errealitate bihurtzeko” asmoa dute. Bestetik, “lan arlo, kultura, jai, aisialdi, kirol”, edo gainerako eremuetako emakume eta gizonen arteko “desberdintasunak eta bereizkeriak identifikatu eta ezabatzeko” lan egingo dute. Ildo beretik, emakumeen “lan eta bizi baldintza duinak lortzearen” alde arituko dira.

“Gorputz eta identitate disidenteen” eskubideak bermatzeko eragingo dute, eta ikuspegi “intersekzional eta dekolonialetik” egingo dute lan. Edozein erako “indarkeria matxistak identifikatzeko, jendaurrean salatzeko eta biktimak babesteko” ekimenak sustatu nahi dituzte, eta emakumeen eta herriko eragile feministen arteko “sarea eratu” eta “haien arteko koordinazioa” ahalbidetuko dute. Alarde parekidearen aldeko apostua egiten du mahaiak.

Gainera, Berdintasun Mahaiaren lehentasunezko hizkuntza euskara izango da, eta “mahai kide guztien parte hartzea bermatuko duen aukerak eskainiko ditu”.

Hala, oinarri hauekin bat egiten duten emakume eta eragileak parte hartzera deitu dituzte, “bada-eta zereginik”. Berdintasun Mahaira batu nahi duen orok Udaleko Berdintasun teknikariarengana jo beharko du, eta “kontent” eta “beso zabalik” hartuko dute.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.