viernes, 30 de mayo de 2025

#hemeroteka #feminismoa #berdintasuna | Teresa del Valle antropologoa saritu du Jaizkibel Konpainiak

Teresaren familia eta AFIT taldearen ordezkariak //

Teresa del Valle antropologoa saritu du Jaizkibel Konpainiak

Hondarribia Berdintasun Hiria saria banatu du gaur Jaizkibel Konpainiak. Zendu berri den Teresa del Valle ikerlari eta antropologo feminista saritu dute, eta bere senideak gerturatu dira, hunkituta.
Oier Iriarte Arrondo | Bidasoko Hitza, 2025-05-30
https://bidasoa.hitza.eus/2025/05/30/teresa-del-valle-antropologoa-saritu-du-jaizkibel-konpainiak/ 

Jaizkibel Konpainiak Hondarribia Berdintasun Hiria saria banatu du gaur, hilaren 30ean, Hondarribiko Itsas Etxean. Omendutako ikerlariaren obraren irudiak, liburu zatien irakurketa, pailazo, besarkada, malko... une hunkigarri ugari bizi dituzte bertaratuek. Haatik, ezin izan dute ekitaldia aurreikusitako ospakizun giroan egin, gaur goizeko Bilboko erailketa bikario matxista dela eta. Minutu bateko isilunea egin dute erailketa salatzeko.

Hondarribia Berdintasun Hiriaren hamaikagarren edizioa da aurtengoa, dagoeneko “tradizio” bilakatu dela azaldu du Filipina Balbina pailazoak, ironiaz eta umorez. Genero berdintasunaren alde lan egiten duten pertsona eta kolektiboen lana ikusarazteko eta aitortza egiteko helburua du sariak.

Gaur egun oraindik herriko jaiak ezin dituztela berdintasun baldintzetan ospatu deitoratu dute, baina, egoerari buelta eman eta “ospakizuna erresistentzia eta eraldaketarako modua” ere izan daitekela aldarrikatu dute.

Arantxa Urretabizkaia, Maria Jesus Berrotaran, Maite Asensio, Maria Jose Noain eta Oihana Etxebarrietak osatu dute aurtengo epaimahaia. Haien “begirada aditua” eta “konpromisoagatik” eskerrak eman nahi izan dizkiete. Ekitaldira bertaratu dira zenbait ordezkari instituzional, tartean, Igor Enparan Hondarribiko alkatea, herriko hainbat zinegotzi, edota Maddalen Iriarte Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bilduren bozeramailea.

Teresa del Valleri omenaldia
Aurten zendu den Teresa del Valleri, “euskal pentsamendu feministaren funtsezko figurari”, egin diote omenaldia gaurko ekitaldian. Euskal emakumea: irudia eta errealitatea lana argitaratu zuen ikerlari eta antropologo feministak 1985ean, “ildo honetako aitzindari”, epaimahaikideen iritziz. Beste hainbeste lan argitaratzearekin batera, bere ikuspegi feministari buruzko iritziak prentsan adierazten zituela oroitarazi dute, feminismoa gaur bezain zabaldua ez zegoen garaian.

Haien lan edo tesiak del Vallek zuzendu izanagatik “hunkituta eta harro” agertu dira zenbait ikasle ohi, are gehiago “unibertsitate publikoaren defendatzaile sutsua” zela jakinik. Baina, ezagutzaren arloan egindako ekarpen handiez gain, bere inguru osoarekin izandako “konpromiso zintzoa” balioan jarri nahi izan dute; izan ere, elkarte eta erakunde askotako kide izan zen ikerlaria, besteak beste, Eusko Ikaskuntza edo Jakinekoa. Egindako lanaren erakusle dira urte hauetan jaso dituen sariak: Emakunderen saria edota gaur Jaizkibelek emandakoa.

Hala ere, del Valle gehien “asebetetzen” zuena “leku eta jendearekiko harremanak” ziren. Horren adibide da, donostiarra izan arren, besteak beste, Hawaii edo Mikronesian egindako egonaldi eta harremanak. Bizi osoa “sare zabal eta trinkoa” sortzen igaro zuen antropologoak, eta ezin harroago daude Jaizkibel Konpainia sare horretako kide izateaz.

Omenduaren senideak gerturatu dira Hondarribiara ekitaldian parte hartzera, eta hunkituta igo dira oholtzara. Jaizkibelen zapia ezarri diete, malko eta besarkada artean. Teresa del Valleren lanengatik “oso harro” agertu dira, eta “oso eskertuak” Jaizkibel Konpainiarekin, antropologo feministari egindako omenaldiagatik.

Del Valleren pentsamendu feministak badu etorkizunik, Antropologia Feminista Ikerketa Taldeak (AFITek) hartu baitu lekukoa. “Zorroztasunez, sentsibilitatez eta konpromisoz” del Valleren “ondarea bizirik mantentzeagatik” eskerrak eman dizkiote antolatzaileek ikerketa taldeari. Antropologia feministak ez du “soilik atzera begiratzen erakusten, oraina ulertzen lagundu, eta etorkizuna eraldatzeko” balio du; eta ikerketei esker “tradizioa une historiko bakoitzeko beharretara egokitzen” dela jakina da gaur egun.

Azkenik, Jaizkibeleko kideek “sari honek lanean jarraitzeko bultzada izan nahi duela” azaldu dute: “gure gizartearen esparru guztietan askatasunerako, errespeturako eta berdintasunerako guneak irekitzen jarraitzeko bultzada”, hain justu. “Tradizioa” eta “arauak” birpentsatzeko deialdia eginez bukatu dute ekitaldia.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.