sábado, 23 de marzo de 2024

#hemeroteka #lgtbi | "LGTBI+ politika publikoak herri guztiarentzako politikak dira; denontzat dira askatzaileak"

Joseba Gabilondo eta Garazi Beramendi //

"LGTBI+ politika publikoak herri guztiarentzako politikak dira; denontzat dira askatzaileak"

Hiruki Larroxa elkarteko kide Garazi Beramendi Alvarado eta Joseba Gabilondo Marques arituko dira Bermeoko LGTBI+ pertsonen errealitateak aztertuko dituen diagnostikoa egiten. Diagnostikoa egiteko herritarren inplikazioa eskatu dute.
Ane Maruri Aransolo | Busturialdeko Hitza, 2023-03-23
https://busturialdea.hitza.eus/2024/03/23/lgtbi-politika-publikoak-herri-guztiarentzako-politikak-dira-denontzat-dira-askatzaileak/

Hiruki Larroxa elkarteko kide Garazi Beramendi Alvarado eta Joseba Gabilondo Marques arituko dira Bermeoko LGTBI+ pertsonen errealitateak aztertuko dituen diagnostikoa egiten. Diagnostikoa egiteko herritarren inplikazioa eskatu dute.

Bermeo LGTBI+fobiarik bariko herri bizigarria eraikitzeko udal diagnostikoa egingo du udalak. Hain zuzen ere, Hiruki Larroxa elkarteko kide Garazi Beramendi Alvarado eta Joseba Gabilondo Marques ariko dira diagnostikoa egiteko lanean. Jendarte eraldaketarako pentsamendu kritikoa sustatzea bilatuko dute, eta LGTBI+ komunitateko kideekin elkarrizketa sakonak egiteaz gain, kolektibotik kanpoko herritarren, eragileen eta elkarteekin batzea aurreikusi dute, talde eztabaidak egiteko.

Zergatik da garrantzitsua horrelako diagnostikoak egitea?
Joseba Gabilondo: Azken urteetan mugimendu feministak erakutsi digu estrukturalak diren bazterketa, indarkeria eta diskriminazio egoera asko ematen direla gure inguruan, eta LGTBI+ kolektibokoak gara horiek sufritzen ditugunetako batzuk. Beraz, uste dugu garrantzitsuak direla diagonistikoak, azterketa egiterakoan testuinguruari asko erreparatzen diogulako; kolektiboko pertsonei asko galdetzen diegu, baina baita gainontzeko herritarrei eta herrian ardura dutenei ere. Izan ere, uste dugu arazo estrukturak horiek aldatzea komunitatearen ardura dela, baina udalena, administrazioena edo boterean daudenena ere bai. Horregatik uste dugu udaletik horrelako diagnostikoak egiteak erraztu dezakeela LGTBI pertsonen bizitzak bizigarriagoak izatea, kontutan hartuta, gero, komunitate guztiaren esku dagoela hori ahalbidetzea.

Garazi Beramendi: Badirudi errealitate hori paper batean jartzea beharrezkoa dela komunitateko kideek bizi duten egoeraz konturatzeko, nahiz eta ez lukeen horrela izan behar. Baina zenbaki edo hitz konkretu horiek diagnostiko batean jartzeak balio du ikusteko herri honetan ere arazo horiek gertatzen direla.

Gero eta diagnostiko gehiago egiten dira?
G.B: Gero eta diagnostiko gehiago egiten ari gara, hori da noranzkoa. Baina ez dira asko.

J.G.: Euskal Herri mailan, diagnostikoa egin zuen lehenengo hiria Gasteiz izan zen, eta gero etorri dira herri txikiak: Orereta, Ordizia, Villabona, Orozko, Bermeo… Ematen du udalak badabiltzala euren herrien bizigarritasuna zabaltzen, baina aztertzeko geratzen diren erpin asko daude oraindik. Ze diagnostikoak egin ditzazkegu emakumeen eskubideei buruz, LGTB+ pertsonen inguruan, edo aztertzen zer gertatzen den arrazismoa jasotzen duten pertsonekin… Badaude hainbat gabezia herriak guztiontzako bizigarriak izateko. Baina, gure kasuan, badirudi LGTB pertsonengan badagoela nolabaiteko fokoa, eta poztekoa da. Hala ere, ezin dugu ahaztu badaudela beste errealitate batzuk eta gorputz batzuk zeintzuek ez daukaten horren bizitza bizigarria.

Diagonostikoa egin den herri horietan badago joera komunik?
G.B.: Herri bakoitza mundu bat da, desberdinak dira denak, baina ez dugu ahaztu behar zerbaiten parte garela, eta hori horrela den horretan, errepikatzen diren gauzak daude. Euskal Herria herri txikia da, eta biolentziak berdinak dira, oso antzekoak izaten dira, eta errelatoak ere bai. Badago antzekotasuna. Guri gustatzen zaigu herriaren berezitasuna kontuan hartzea, baia gero, osotasunean sartu behar dugu. Ea zer ematen digun Bermeo honek.

Udalari erraminta batzuk eman gura dizkiozue oinarri hori kontutan hartuta politika bizigarriagoak eraikitzeko?
J.G: Diagnostikoa bada udal politika publikoak garatzeko tresna bat. Gero, honek, ahalbidetu dezake, agian, herriko LGTB pertsonak artikulatzea, izan daiteke. Baina bueno, hori ere herriak berak edo LGTB pertsonek ikusiko dutela. Nik uste dut zerbait desiragarria dela, beti, egotea arlo zuzenean lan egingo duen kolektibo bat, norberaren izenean berba egiten duena, baina hori herriaren esku dago.

Elkarrizketa sakonak eta talde eztabaidak egingo dituzue orain, Bermeon. Zer bilatzen duzue metodo bakoitzagaz?
G.B.: Asmoa da, batez ere, LGBT pertsonekin elkarrizketa sakonak lortzea, horrek ematen digulako nolabaiteko espazio seguru txiki bat gaia sakontasunean lantzeko, eta hor ere talde eztabaidak lortzea interesgarria izango litzateke. Ze oso inforazio desberdina jasotzen da metodo desberdin horien bitartez. Herritarrentzako, aldiz, galdetegiak jarriko ditugu, eta udal ordezkari zein eragile ezberdinekin herrian egon daitezkeen talde eztabaidak egitea bilatu gura dugu.

J.G.: Talde eztabaidetarako, berriz, garrantzitsua da talde, elkarte eta eragileen inplikazioa egotea, komunitate seguru eta bizigarria sortzeko denen ekarpena ezinbestekoa delako.

Talde eztabaidetarako beharrezkoa da herri inplikazioa, ezta?
G.B.: Bai, zenbat eta inplikazio handiagoa lortu, orduan eta diagnostiko osatuago bat egingo dugu. Bermeon perfil ezberdinetako pertsonak bizi dira, eta ahalik eta jende gehiagorengana iritsi, orduan eta informazio aberasgarriagoa lortuko dugu, gero, eraiki ahalko diren politika horietan isladatzeko.

J.G.: LGTBI+ politika publikoak herri guztiarentzako politikak dira. Gure gorputzak, gure identitatea, gure generoa, gure sexualitatea kartzelan sartzen duen arauak ez gaitu guri bakarrik kartzelaratzen, gainontzeko herritarrak ere kartzelan sartzen ditu. Gu gara arau hori apurtzen dugunak, bai, baina herritarrak ere kartzela barruan daude. Hala, zisheteroarauari buruz edo sexu aniztasunari buruz beste eragileekin lan eginda, horri buruz herrian ze jakintza dagoen aztertu gura dugu, jakin ze jarrera hartzen diren horiekiko, ze harreman eraikitzen diren eta nola egiten dieten aurre. Beraz, nik uste dut garrantzitsua dela esatea politika hauek denontzat direla askatzaileak.

Udal ordezkariek Bermeon gertatzen den sexilioa aipatu dute. Diotenez, badaude herria uzten duten LGTBI+ komunitateko kideak, onarpen handiagoa jasoten duten lekuen bila doazenak. Nabarmenagoa da sexilioa herri txikietan?

J.G: Zabalduago dago herri txikiak LGTBI+foboagoak direnaren ideia, baina ez dugu uste hori horrela denik, edo behintzat, guri gure esperientziak ez digu hori esaten. Ez hiriak baino gehiago direnik. Herria komunitate txikiagoa den heinean, baliteke komunitateko kideek presio gehiago jasotzea, baina, aldi berean, babes gehiago ere jaso dezake. Esango nuke kolektiboko kideengan herri txikietara bueltatzearen joera ere existitzen dela. Euskal Herri mailan, lehen, sexu askapenerako militantzia edo LGTBI+ militantzia hiri handietan ematen zen, baina gaur egun, gero eta kolektibo gehiago daude herri txikietan: Lekeition, Ordizian, Gorbeialdean… Badabiltza taldeak sortzen, eta badirudi zerbait aldatzen ari dela.

G.B: Gerta daiteke hiri handi batera joatea edo norbere herrian espazio seguru bat lortzea, zeinetan zure bizitza garatzeko leku segurua eraikitzen duzun. Egin ditugun hausnarketa, ikerketa eta diagnostiko gehienetan sexilioa aipatzen da, baina bi noranzko horiek ditu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.