Egoitz Arbiol Albeniz // |
«Ohartu behar dugu bizi garen jendartea dominazioaren kultura batean oinarritzen dela»
Hiruki Larroxako kide Egoitz Arbiol Albenizek 'Gizonak eta herri mugimendu parekide(ago)ak' hitzaldia eman zuen asteazkenean Baionako Biltxoko elkartean. Genero eraikuntza, parekidetasuna, eraldaketa tresnak eta abar izan zituen hizpide.
Julene Muruaga Hiriart | Berria, 2024-03-09
https://www.berria.eus/bizigiro/ohartu-behar-dugu-bizi-garen-jendartea-dominazioaren-kultura-batean-oinarritzen-dela_2121952_102.html
Gizontasunaren azterketa, pedagogia feminista, talde gatazken ebazpenen inguruko ikerketak, esku hartzeak, diagnostikoak eta dokumental lanak egiten dituen kooperatiba bat da Hiruki Larroxa LGTBQI+. Egun, ikus-entzunezkoetan ere ari dira bertako kideak, dokumental bat sortzen ari baitira Hernaniko (Gipuzkoa) LGTBI historiari buruz. 2020. urte bukaeran sortu zuten kooperatiba, Hernanin, eta Egoitz Arbiol Albeniz (Hernani, 1988) izan zen sortzaileetako bat. Biltxoko elkartean antolatutako mintzaldi baten kari, Baionan izan zen asteazkenean. «Inportantea da gizonak ardura hartzea gai honetan eta hastea gu geure burua deseraikitzen eta geure inguruak errotik eraldatzen», adierazi zuen.
Gizonak eta herri mugimendu parekide(ago)ak tailerra eraman zenuen asteazkenean Baionara. Nolatan?
Egiten ditugun hitzaldi guziak bezala, dinamikoa eta parte hartzailea izan zen tailer hau ere. Guk uste dugu horrelako hitzaldi formatuek ez dutela eskatzen pertsonen inplikaziorik, baina, eraldaketa pertsonalak eta kolektiboak egiten direnean, ezinbestekoa da inplikatzea.
Zeintzuk dira helburuak?
Gure helburua da birpentsatzea zer harreman sortzen diren militantzia arloan, generoa kontuan hartuta; hau da, gizon eta emakumeen, edo gizon eta gizon ez direnen arteko botere harremanak zeintzuk diren irudikatzen hastea edo identifikatzea da helburua. Tresnen inguruan ere pentsa dezaten nahi dugu, eta haiek nola garatu zehazten hasi nahi dugu guzion artean. Hori guzia nahi dugu harreman orekatu eta simetrikoak lortzen saiatzeko.
Genero botereen (des)eraikitzea, gizonek parekidetasunerantz egin beharreko urratsak, militantziaren barneko ohiko indarkeria sinboloak...
Horretara heltzeko, inportantea da nondik gatozen jakitea; ohartu behar dugu bizi garen jendartea dominazioaren kultura batean oinarrituta dagoela, eta dominazio horrek gurutzatzen gaituela guziok: edozein genero, edozein pertsona arrazionalizatu... eta klaseak ere kontuan hartu behar dira. Hori ikusten saiatzen hasita, ohartzen gara dominazio kultura oinarritzen dela patriarkatuak sortzen dituen bi identitate edo nortasun nagusitan, eta haien artean badela harreman asimetria bat; alde horretatik, gizona da subjektu pribilegiatua. Hortaz, zer egin gizon gisa horrelako espazioak hartzen ditugunean? Zer egin gizon gisa herrigintzan aritzen garenean? Ziurrenik, ohartu beharko genuke gure genero eraikuntzaz. Beharbada, agerikoa den zerbait da, baina gizonok ere badugu genero bat, eta genero hori ikasia da; ikasi ditugu hainbat rol, hainbat jarrera, ikasi dugu gorpuzkera jakin batzuk hartzen... eta jakin behar dugu nola eraiki ditugun, horiek desegiten hasteko.
«Gizonek gizonei hitz egingo ez badiegu, nork hitz egingo die?»,erran zenuen elkarrizketa batean.
Badago elementu zentral bat gizontasunean: gizonen arteko anaidia. Adibidez, Olatz Gonzalez Abrisketak ‘fratiarkatuaz’ hitz egiten du. Zer da ‘fratiarkatua’? Bada, gizonen artean izaten den boterekeria; hau da, gizonen artean ere erregulatzen gabiltza, behin eta berriro, boterezko harreman horietan. Eta, batez ere, ikerketa feminista askok esaten dute gizonak gizonekiko aritzen direla sozializatzen denbora guzian; adibidez, nerabezaroan oso argia da nola ‘ligoteoak’ hasten direnean gizonak gizonekiko dabiltzan ligatzen emakumeekin, heterosexualitateari dagokionez. Orduan, inportantea da gizonak gizonei hastea solasean, ziurrenik badaukagulako intragenero begirada bat; eta nik hitz egiten badiot gizon bati gizonen arteko dinamikaz edo pribilegioez, jakingo du zertaz ari naizen.
Eta emazteei dagokienez?
Emakume batek aipatzen diolarik gizon bati eraldaketa, adibidez, beti dago erresistentzia bat; eta hori oso injustua da, baina hala da, egituraz horrelakoa baita jendartea. Badago ardura kontu bat ere: ikusten dut emakumeak ari zaretela feminismoan, jendartearen eraldaketa sustatzen eta patriarkatua amaitzen saiatzen, eta gu inguruetan ibili gara beste gauza batzuk egiten eta beste gauza batzuetan pentsatzen. Uste dut inportantea dela gizonek ardura hartzea gai honetan eta hastea gu geure buruak deseraikitzen eta gu geure inguruak errotik eraldatzen.
Gizontasunari begira, nola ikusten duzu Euskal Herria?
Interesgarria da Euskal Herrian zer gertatzen ari den gizontasunaren kontuarekin; ezker mugimenduko gizonezkoak deseroso dira gai horren inguruan, eta hori oso interesgarria da. Horrek esan nahi du horri, behintzat, buelta bat eman diotela. Baina uste dut badagoela kezka bat gai horren inguruan, eta interesgarriena izango litzateke kezka utzi eta ekiten hastea. Ez geratzea kezka teoriko, emozional eta sentimentaletan, baizik eta ekitea.
- LOTSABAKO
- Hiruki Larroxa deskribatzeko bi hitz? Maitasuna eta borroka.
- Erreferente bat? Nire anaia.
- Kantu bat? ‘Inor begira izanda ere’, Micerena.
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.