viernes, 22 de marzo de 2024

#hemeroteka #lgtbi | Bermeoko Udalak LGTBI+ pertsonen errealitateak aztertzeko diagnostikoa egingo du

Bermeo Udalak herriko LGTBI+ erraliteatea aztertuko du //

Bermeoko Udalak LGTBI+ pertsonen errealitateak aztertzeko diagnostikoa egingo du
Europa Press, 2024-03-22

https://www.europapress.es/euskera/noticia-bermeoko-udalak-lgtbi-pertsonen-errealitateak-aztertzeko-diagnostikoa-egingo-du-20240322135352.html

Bermeoko Udalak (Bizkai) LGTBI+ pertsonen errealitateak aztertuko dituen diagnostikoa egingo du Hiruki Larroxa elkartearekin batera. Banakako elkarrizketak egingo dira eta galdetegi bat prestatu da, eta urtea amaitu orduko diagnostikoa amaituta egotea espero dute.

Vanessa Juez Bermeoko Udaleko Berdintasun teknikariak ekimenaren aurkezpenean azaldu du helburu nagusia dela udalerriko LGTBI+ kolektiboaren egoera ezagutzea. Bermeon ez dago LGTBI+ pertsonen mugimendurik, eta helburu nagusia ez bada ere, mugimendua saretzea ere bada asmoa.

"Askotan gertatzen da LGTBI+ kolektibokoek herri txikietatik alde egiten dutela herri handiagoetara edo hirietara. Bada, jakin gura dugu zer den herri handi edo hiri horietan askatasunez bizi ahal izateko aurkitzen dutena, eta guk Bermeon eskaini ahal izateko", adierazi du Juezek.

Horrela, diagnostikoa osatzeko banakako elkarrizketak egingo dira. Bermeoko Udalak LGTBI+ kolektiboko 20-35 urte bitarteko zenbait pertsona identifikatuta ditu, eta horiekin egingo dituzte elkarrizketak. Beren eguneroko bizitzan eta esparru ezberdinetan bizi dituzten egoeren berri izan nahi da.

Era berean, herritar guztiei zuzendutako galdetegi bat ere sortu da, herritarren aurreiritziak, ezagutzak, jarrerak eta jokabideak biltzeko asmoz. Galdetegiak anonimoak izango direla azaldu dute.

Galdetegia bete nahi dutenek diagnostikoaren berri emateko egin diren karteletan dagoen QR kodea eskaneatuta egin dezakete; Bermeoko Udalaren webgunetik (www.bermeo.eus) sartuta ere bete ahalko da galdetegia. Era berean, galdetegiak paperean egongo dira udal eraikin batzuetan, interesa daukaten horientzat.

Zenbat eta herritar gehiagok parte hartu, orduan eta aberatsagoa izango da emaitza, eta horregatik, herritar guztiak animatu dituzte parte hartzera, "ez duelako denbora askorik eskatzen". Elkarrizketak eta galdetegiak izanda ateratako ondorio eta proposamenekin hasiko dira gero LGBTI+ udal politikak diseinatzen.

Bermeoko Udaleko Berdintasun Sailak helbide elektroniko bat ere sortu du: LGTB@bermeo.eus. Prozesuari buruzko edozein galdera egiteko erabil daiteke, bai eta aurrerantzean kolektibokoek eduki ditzaketen edozein galdera egin eta zalantzak argitzeko ere.

"Denontzako herria"
Arantza Ormaza Tarantino Bermeoko Udaleko Berdintasun zinegotziak agerraldian azaldu duenez, "Bermeo denontzako herria izan behar dela argi daukagu, eta horretarako lan egingo dugu".

Bere hitzetan, pertsona asko dira herritik alde egin dutenak "herrian ez dutelako euren lekua aurkitu edo herrian ezin izan dutelako aske bizi". "Horri buelta eman behar diogu, Bermeo herri segurua, askea eta denona izatea lortu behar dugulako. Gure herritarren sexilioarekin amaitzea dugu helburu", nabarmendu du.

Beraz, herritarrak animatu ditu herriko LGTBI+ diagnostikoaren lanketa parte hartzera. "Denon lanarekin herri hobe bat lortuko dugulako", ziurtatu du.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.