viernes, 22 de marzo de 2024

#hemeroteka #oroimena | Korrikaren zirrara 30 eskutan, eta milaka gorputzetan

Lekukoa eramango dutenen talde argazkia //

Korrikaren zirrara 30 eskutan, eta milaka gorputzetan

Bi une berezi eta hunkigarri utziko ditu, gutxienez, 23. Korrikak gurean: Mikel Martin omenduko duena, eta Pilartxo Olaskoaga eta Mikel Ugalde euskaltzaleei euskararen alde egindako lana aitortuko diena.
Ikerne Zarate | Oarsoaldeko Hitza, 2024-03-22
https://oarsoaldea.hitza.eus/2024/03/22/errenteria-orereta-korrika-lekukoak/

Bihar gauean, larunbatarekin, eta gauerdirako minutu gutxi falta direla iritsiko da Errenteria-Oreretara 23. Korrika, Lezotik (23:51an Renfen). Korrikari merezitako harrera egin eta herria girotzeko egun osoko egitaraua ondu du Korrika Batzordeak. Zumardia izango da agertoki nagusia.

Hamar kilometro, 30 lekuko aldaketa eta gutxienez, bi une berezi eta hunkigarri utziko ditu 23. Korrikak gurean. 2.653 kilometroan izango dira bi une berezi horiek, Biteri kaleko 30ean lehena. Xenpelar AEK euskaltegiaren lekukoa Mikel Martin Conde ekintzailea zenaren senideek hartuko dute, euskaltegiko ikaskide eta irakasleek hala erabakita. Koloretsu nahi dute Martinen omenezko kilometroa, eta txapelak, boak eta apaingarriak ez ahazteko eskatu dute.

Kilometro berean, Morrongilleta kalearen hasieran, beste une berezia. Euskalgintzarentzat erreferente diren Pilartxo Olaskoaga eta Mikel Ugaldek hartuko dute lekukoa Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunearen izenean. Lau Haizetararen bultzatzaile, elkarteko zuzendaritza taldean aritu zen Ugalde 1990eko hamarkadan. Haiei aitortza egin nahi die euskaltzaleon topaguneak, «euskararen alde egin duten eta egiten jarraitzen duten lanarengatik».

Lekukoaren eramaile guztiek talde argazkia atera zuten atzo arratsaldean. Albiste honekin batera doana da. 30 eskuk laztanduko dute lekukoa, baina 23. Korrikaren zirrara milaka gorputzetara sartuko da.

  • 23. Korrika. Biharko (larunbata) egitaraua.
  • 13:30. Zumardiko karparen irekiera eta brindisa Mikel Martin Conderen omenez.
  • 14:30. Bazkaria Zumardiko karpan. Txartelak: 20 euro helduena, 14 haurrena (AEKn, Arkaitzan eta Sindikaton salgai).
  • 16:00. Euskararen Paparazziak sari banaketa, Zumardiko karpan.
  • 16:15. Bingo musikatua.
  • 19:00. Txalainak taldea.
  • 23:51. 23. Korrikari harrera Renfe ondoan.
  • 00:45. DJ Expuela Xenpelar AEKn.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.