martes, 28 de junio de 2022

#hemeroteka #lgtbi #harrotasuna | Sopelak LGTBI pertsonen eskubideen aldeko nazioarteko egunagaz bat egin dut

Hiruka / Sopelako udalak LGTBI adierazpen bateratua egin du //

Sopelak LGTBI pertsonen eskubideen aldeko nazioarteko egunagaz bat egin dut.

Hiruka, 2022-06-28

https://hiruka.eus/sopela/1656418170582-sopelak-lgtbi-pertsonen-eskubideen-aldeko-nazioarteko-egunagaz-bat-egin-dut 

Sopelako Udalak "Anitzak gara, Berdinak gara" leloa duen kontzientziazio-kanpaina abiatu du, LGTBI kolektiboarekiko edozein diskriminazio edo indarkeria saihestearen beharra ikusarazteko. Horretarako, besteak beste, alderdi politikoek adierazpen bateratua egin dute eta udaletxeko lorategiko harmailak LGTBIQ+ banderaren eta bandera transexualaren koloreakaz biniloz jantzi dituzte.

Beste urtebetez, Sopelako Udalak bat egingo du askatasunaren eta berdintasunaren aldeko borrokagaz, eta, horregatik, ekainaren 28ko LGTBI pertsonen eskubideen aldeko nazioarteko egunaren aldeko kanpaina berri bat abiarazi du. Hori jakinarazteko, udaletxearen ondoko harmailetan, Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek LGTBI pertsonen eskubideen aldeko adierazpen instituzional bat irakurri dute.

Gainera, gaurko efemeridea gogorarazteko, Sopelako udaletxeko fatxada ortzadarraren koloreakaz argiztatu dute eta balkoia apaindu; izan ere, “kolore horiek guztiok barneratzen gaituen Sopela bat irudikatzen dute”, adierazi du Teresa Fernández, Gizarte Ekintza eta Berdintasun Saileko zinegotzi sozialistak.

Gaur abiatu duten kanpaina horren baitan, "Anitzak gara, Berdinak gara" lelopean, Bizkaibuseko lau markesinatan LGTBI kolektiboarekiko edozein diskriminazio edo indarkeria saihestearen beharra ikusarazi gura duten kartelak jarriko dituzte. Gainera, kontzientziazio-kanpaina honen barruan, Udalak 200 kartel banatuko ditu udalerriko saltokietan eta 500 poltsa eta oroimenezko txapa ere emango ditu Turismo Bulegoan. Azkenik, udaletxeko lorategiko harmailak LGTBIQ+ eta transexualaren banderen koloreakaz binilatuko dituzte.

Kanpaina honen bidez, Udalak Sopelan eta Uribe Kostan LGTBI pertsonak ikusaraztea eta euren benetako berdintasuna lortzen lagundu gura du. Teresa Fernández zinegotziak adierazi duenez, “lesbianen, gayen, bisexualen, transexualen, transgeneroen eta intersexualen eskubideak garatzea eta bermatzea eta pertsona horiei diskriminazio- eta indarkeria-egoerak saihestea erantzukizun sozial eta instituzionala da, aniztasun sexuala eta afektiboa askatasun osoan bizi ahal izatea bermatzeko”.

Era berean, Udalak sopeloztar guztiak animatu ditu foro sozialek deitutako aldarrikapen-ekitaldietara batu daitezen, sare sozialetatik hasi eta kaleetan edo komunikabideetan bertan posizionatzera, egun hau ikusaraziz eta sentsibilizatuz.

“Egunero, Sopela bidezkoagoa eraikitzen jarraituko dugu, Sopela toleranteagoa. Guztion artean, Sopela integratzaileagoa, askeagoa eta anitzagoa lortzea lortuko dugu. Askotarikoak garelako. Askotarikoak gara. Berdinak gara”, gaineratu du, azkenik, Fernandezek.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.