viernes, 24 de junio de 2022

#hemeroteka #lgtbi | Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiak jaso du EHGAMen Urrezko Hirukia

Naiz / Sejo Carrascosak jaso du saria //

Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiak jaso du EHGAMen Urrezko Hirukia.

EHGAM Euskal Herriko Sexu Askapen Mugimenduak Urrezko Hirukia eta Trapuzko Espartina banatu ditu ostiral honetan. Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiak jaso du Urrezko Hirukia, Espartina ordea ikastetxeetan sexu aniztasuna lantzearen aurkako jarrerentzat izan da.
Naiz, 2022-06-24
https://www.naiz.eus/es/info/noticia/20220624/ikusgune-gasteizko-lgtbi-fobiaren-aurkako-behatokiak-jaso-du-ehgamen-urrezko-hirukia 

Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiak jaso du EHGAMen Urrezko Hirukia. Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduak ostiral honetan azaldu duenez, «gaur egun, Ikusgune LGBT+fobiaren aurkako Euskal Herriko ekimen erreferenteetariko bat da».

«Sari honekin, ikuspegi lokaletik eta herri mugimenduetatik datorren Ikusgune bezalako proiektuaren lana eta eredua goraipatzeaz gain, proiektuaren sorreran eta egungo proiektuaren egitekoan jo eta su ari diren pertsonak ere saritu nahi ditugu», adierazi dute. Sejo Carrascosa Ikusguneko kideak jaso du saria.

Trapuzko Espartina
«Eskerrak eta zorionak eman nahi dizkiegu Ikusguneri. Ez ordea, jarrera atzerakoi eta trans-baztertzaileei», nabarmendu dute EHGAMeko kideek, Trapuzko Espartina ere banatu aurretik.

«Aurtengoan, gure jendartean ematen den jarrera bati jaurti nahi diogu Trapuzko Espartina. Hain zuzen ikastetxeetan sexu aniztasuna lantzearen aurkako jarrerei. Jarrera horiek giza sexualitatearen aniztasuna ukatzen dutelako, ikastetxeak espazio arrotz eta ez-seguruak izatera bultzatzen dituztelako, genero rol eta estereotipoak ikuspegi esentzialistatik birsortu eta indartzen dituztelako eta, azken baten, errealitatea beran ukatzen dutelako», diote.

Ohartarazi dutenez, «zaila da jarrera bati sari bat jaurtitzea, baina tamalez, jarrera horiek hartzen dituzten hamaika izen-abizen eta talde daude. Nazioartean, Hungriako Erdogan bezalako faxistak, Errusiar estatuaren LGBTfobia, pin parentala aldarrikatzen duen Espainiako Vox alderdi anti-feminista eta LGBTfoboa, Ayuso bezalako neoliberal ultraeskuindarra, Castellongo epaile homofoboa edota Abokatu Kristauen Elkartea».

«Baina gurean ere badaude horrelako jarrerak bultzatzen dituztenak, adibidez, Euskal Herriko Feminista Erradikalak auto-izendatutako taldea, zeinak eskoletara idatzi bat bidali duen, non sexu aniztasuna lantzen duten eragile ezberdinak kriminalizatzen dituzten. Horientzat guztientzat, beraz, trapuzko espartina», gaineratu dute.

Bestetik, eskerrak eman dizkiete sexu aniztasuna txertatzen duten irakasle eta eragile guztiei. «Honen harira, Bizkaiko E28 Koordinadoratik martxan jarri den TERFen, ‘feminista’ trans-baztertzaileen, aurkako kanpainara atxikitzeko deia ere egiten dugu».

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.