sábado, 18 de junio de 2022

#hemeroteka #lgtbi #politika | Zelai Amenabarro. Legorretako alkatea: «Udalerri osoa inplikatuta, neurrien eragina askoz hobea izango da»

Berria / Zelai Amenabarro, Legorretako alkatea //

Zelai Amenabarro. Legorretako alkatea: «Udalerri osoa inplikatuta, neurrien eragina askoz hobea izango da»

Oihane Puertas Ramirez | Berria, 2022-06-18

https://www.berria.eus/paperekoa/1910/006/001/2022-06-18/udalerri-osoa-inplikatuta-neurrien-eragina-askoz-hobea-izango-da.htm 

Legorreta (Gipuzkoa) 1.485 biztanle inguruko herria da, eta han egin dute lehenengoz herri txiki bateko LGTBI herritarren errealitateari buruzko diagnostikoa. Zelai Amenabarro (Legorreta, 1985) herriko alkatearen arabera, «garrantzi handia» du horrek, komunitatearen egoera agendara eraman eta «erdigunean» jarri behar delako, besteak beste. Nabarmendu du herri osoak inplikatu behar duela hori lortzeko.

Zer dela eta piztu zen diagnostikoa egiteko kezka?
Orain arte, ekainaren 28aren bueltan adierazpen bat onartzen genuen, eta, urte osoan, ekintza bat egiten genuen LGTBI komunitateari begira. Oso puntuala izaten zen.

Ikusten genuen urtez urte ahoa betetzen zitzaigula hitz politekin, baina gero benetan urte osoan ez geniola behar besteko garrantzia ematen. 2020an beste pauso bat ematea erabaki genuen: urte horretako adierazpenean berretsi genuen urte osoan LGTBI pertsonen inguruan lan egiteko konpromiso politikoa. Hori izan zen diagnostikoaren abiapuntua, eta bi helburu izan ditu: herriko argazki bat edukitzea eta honen ondoren neurri jakin batzuk abian jartzea.

Herri moduan, zer konpromiso bildu dituzue?
Gaika, neurri jakin batzuk proposatu ditugu, pixkanaka landuz joango garenak. Azpimarratuko nuke udalerri osoak inplikatu beharko lukeela jardun honetan, eta diagnostiko hau ez dela LGTBI komunitatearentzat bakarrik, herri osoarentzat da. Lan tresna bat izatea nahiko genuke. Udalerri osoa inplikatuta, hartuko ditugun neurrien eragina askoz hobea izango da.

Nola aplika daiteke herriko erakundeetan?
Kasuan-kasuan ikusi beharko genuke. Adibidez, guraso eskola bat daukagu, urte osoan martxan daukaguna. Haren gai zerrendan LGTBI komunitateari toki bat egitea izan daiteke neurrietako bat. Pixkanaka horrelako neurriak hartuz joango ginateke herriko eragileekin.

Zein da erronkarik handiena?
Datu adierazgarri bat agertu da, niri atentzio handia eman didana eta asko poztu nauena. Gaur egun, gazteek ez dute beren burua herritik kanpo irudikatzen; beren proiektua Legorretan bertan dagoela sentitzen dute. Niretzat, horri erantzutea erronka bat da, baita erantzukizun handi bat ere. Alegia, gazteek hori sentitzen badute, nire ustez oraintxe da garaia horretarako politika estrategikoak martxan jartzeko. Orain, zera egin behar dugu: egituratu neurri hauek denak nola abiaraziko ditugun. Mapa hori osatu beharko dugu, diagnostikoan atera diren neurriei erantzuten hasteko irailetik aurrera.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.