viernes, 12 de noviembre de 2021

#hemeroteka #lgtbi | Berotasuna

Argia / KOSA Santutxuko Karmelan //

Berotasuna.

Ekaitz Herrera Azkarraga | Bizkaiko Hitza, 2021-11-12

https://bizkaia.hitza.eus/2021/11/12/berotasuna/ 

Etxebizitza batean pilatu ohi den pizza kaxa kopurua norberak kozinatzeko daukan denborarekiko proportzionala da. Taberna batean eskatu ohi den kafesne kopurua kalean dagoen tenperaturarekiko alderantzizko proportzionala da. Aldi supermerkatuko produktuekin betetako hozkailua norbere kontsumo idealen kontraesanekiko zuzenki proportzionala da. Nire bizimoduaren ekuazioa horrelakoxea da. Sinplea, errepikakorra. Eta ekuazio hori baliagarria zait bizimoduaren eremu guztietan aplikatzeko. Argindarraren fakturarekin ere, berdin. Berogailua isiotzeagatik ordaindu beharrekoa etxe barruan pasatzen den denborarekiko esponentziala delako negu garaiotan. Horregatik, etxean igarotako denbora tartea murrizten ahalegindu naiz asteburuan. Eta emaitza emankorra izan da, ezbairik barik.

Goretex geruzak soinean jantzita eta Ipar Polorako aproposa dirudien txanoa ipinita, Bilbon hasi dut asteburua. Santutxuko Karmela gune autogestionatuan. EHGAMek, Euskal Herriko sexu askapenaren aldeko mugimendurik beteranoenak, bere burua berramesteko hausnarketa zikloari ekin dio. Eta espazio libre horretan antolatu du, hain zuzen ere, KOSAren, Koronabirus Osteko Sexu Askapena zikloaren geldialdirik esanguratsuena. Identitate eta genero disidentziari lotutako mahai ingurua orain, euskarazko kulturgintzaren eta mugimendu transmaribibolloaren arteko zubiei buruzkoa gero, eta, Langileen Autodefentsa Sareak antolatutako mokadu beganoak bien bitartean. Eta ni, hantxe, berbaldiak entzuten, besarkada bat jasotzeak eragiten duen epeltasun hori bezain goxo, non eta berogailurik bako eremuan. Benetako berotasuna ematen baitit Euskal Herriko mugimendu transmaribibolloak duen ahalduntze eta lanketa maila ikusteak. Miraz begiratzen diot mugimenduari, egunerokotasunean topatzen ez ditudan izen-abizen, erreferente, gorputz ez-arautu, diskurtso eta dinamikak ikasteko aukera eskaintzen dizkidalako. Bertara joanda agurtu ditudalako aspaldi ikusi bako lagunak. Hezur-haragitan ezagutu ditudalako orain arte digitalki baino ezagutzen ez nituenak. Sentitu dudalako mundutxo honetan bakarrik ez zaudela diotsun barne ahotsa. Eta horixe bera esaten nion herrikide dudan marika bati, kotxean, etxerako bidean, berogailua topera genuela: “Izugarrizko mugimendu transmaribibolloa dugu Euskal Herrian. Kristolako gaitasuna eta potentziala dituena. Honelako topaketetara sarriago etorri beharko genuke. Nork daki, beharbada guk geuk ere aletxo bat, txikia bada ere, ipini dezakegu”. Epeltasuna, berriro.

Asteburua Gasteiz aldean amaitu dut, ohekidearen etxeko izara artean kateatuta. Tarteka beharrezkoa delako topaketetan ikasitakoak praktikara eramatea. Zer arraio. Merke eta on. Han ere lortu dut-eta epeletan sartzea. Eta hori da, hain zuzen, asteburu honetatik atera dudan ondorioa: Euskal Herriko mugimendu transmaribibolloa inguruan izanda, ez dut berogailurik isiotzeko premiarik izan. Euskal Herriko eraikinik altuenaren (eta falikoenaren) jabea den horren aurrean, aukera askatzaileagoa, merkeagoa eta osasuntsuagoa begitandu zait.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.