jueves, 14 de mayo de 2015

#hemeroteka #feminismoa | Maria Galindo, ekintzaile feminista eta idazlea: «Parekidetasuna kontzeptu hutsa da»

Irudia: Berria / Maria Galindo
Maria Galindo, ekintzaile feminista eta idazlea: «Parekidetasuna kontzeptu hutsa da»
“A despatriarcar” liburuaren egileak gobernuek «etxekotutako» borroka feministak kritikatu ditu. «Gaitzigarria da ezkerra eskuina bezalakoa izatea emakumeoi dagozkigun gaietan».
Saioa Alkaiza Guallar | Berria, 2015-05-14
http://www.berria.eus/paperekoa/1845/040/001/2015-05-14/parekidetasuna_kontzeptu_hutsa_da.htm

Boliviako Mujeres Creando talde feministako ekintzailea da Maria Galindo (La Paz, Bolivia, 1964). Ez hori bakarrik, ordea. Teorialaria ere bada, eta egitura patriarkalaren eraistearen inguruko hausnarketa plazaratu du” A despatriarcar” liburuan. Euskal Herrian izan da egunotan.

Zure teoriaren arabera, borroka feministek ez lukete erakundeetan egon behar.

Patriarkatua, kapitalismoa eta kolonialismoa gauza bera dira fusionatuta: hierarkien egitura indartsu bat. Horregatik, feminismoek ikuspuntua aldatu behar dute, eta uko egin behar diote errotik patriarkala den sistema horretan sartzeari. Feminismoek desegituraketa funtzioa bete beharko lukete, desordena funtzioa, desmitifikaziokoa, zatitzekoa... Estatuek eta nazioarteko organizazioek diote espazio gehiago nahi dugula sistema honetan, baina sistema bera deuseztatu nahi dugu.

Zer da despatriarkatzea?

Despatriarkatzea da eskubideen eta parte hartzearen bidez emakumeen borrokak etxekotu dituen gizarte liberalaren kontrako antidotoa. Egiturak ezbaian jartzea da. Utopia bat da, ortzi muga urrun bat delako; baina, aldi berean, metodo bat ere bada botere egituren desmuntatzea proposatzen duelako. Eta, hirugarrenik, borrokan hasteko abiapuntua ere bada.

Hari beretik, diozunez, estatuei ez zaizkie eskubideak eskatu behar.
Prozesu neoliberala sutsua izan da, eta, menperatzeko mekanismo gisa, lege partzialak eta sektorialak eskaini ditu: behar bereziak dauzkatenentzat, lesbiana eta gayentzat, atzerritarrentzat, emakumeentzat... Baina gatazka soziala disolbatzea baino ez dute helburu. Ez dute estruktura hierarkikoa gainditzen.

Instituzioek eta gobernuz kanpoko erakundeek feminismoak «etxekotu» dituztela diozu.
Zuzenbidearen solasek, ahalduntzearen gogoetabidearen bidez eta indarkeriaren kontrako borrokak baliatuta, feminismoak irentsi nahi izan dituzte. Haatik, argi geratu da garatutako legeak ez direla baliogarriak izan emakumeontzat. Emakumeon egoera erreala aztertuz gero, ikus dezakegu pobrezia kuota handiena dutenak garela, bazterketa handiena, lan karga handiena... Hori ez da egitura neoliberalekin konponduko.

Erakundeetako parekidetasuna ere kritikatu duzu.
Parekidetasuna eta emakumeen txandakatzeak kontzeptu hutsak dira, eta, oinarrian, emakumeak biologikoki emakumeak direlako talde bat osatzen dutela defendatzen dute. Kuota biologikoak dira, irizpide patriarkalaren araberakoa. Hala, emakumeoi ideologia kendu digute. Pentsagaitza litzateke gizon batek, gizon izate hutsarengatik, gainontzeko guztiak ordezka ditzakeela. Gizonek ideia multzoak ordezkatzen dituzte, eta emakumeek ez. Botoan oinarritutako zabor gizarte honetan, emakumeen presentzia erabiltzen ari dira sistema legitimatzeko asmoz.

«Ezin da patriarkatua bukatu kolonizazioa bukatu gabe». Horrela hasten da zure lana. Zergatik dago kolonizazioa horren lotuta patriarkatuarekin?
Iparraldean, hegoalde asko dago, eta hegoaldean, iparralde asko. Hori esanda, pentsa dezagun kakotx artean munduko iparraldetzat dugun honetan: hemen, munduko hegoaldeko emakume masak daude etxeko lanak egiteko, prostituzioan aritzeko, zaintza lanak deritzogun horiek euren gain hartzeko... Horiek patriarkatuaren eta kolonialismoaren arteko lotura argiak dira. Diotenean gizarte neoliberal kapitalistek emakume subjektuari dagozkion arazoak konpondu dituela, hori gezur hutsa da, fikzioa. Lanaldi hirukoitzen arazoa ez da gainditu, ez eta lanaren dibisio sexuala ere: hegoaldetik datoz beste emakume batzuk horiek asetzera. Eta ohar gaitezen: ez dira gizonak hona etortzen direnak lan horiek egitera. Emakumeak dira.

Boliviarra zara. Evo Moralesen gobernuarekin, aldaketarik antzeman al da politika feministen esparruan?
Gobernua zurrunki patriarkala da: ekonomia neoliberala bultzatzea eta lurraren ustiapena du oinarri. Era berean, desarrollismoa da agintarien iparrorratza. Lehen gobernu eskuindarra genuen, eta Evo etorri da, ezkertiarra eta indigenista, eta aurreko gobernuak emakumeentzat bideratutako aurrekontu bera eman du. Gauza bera da. Hau etengabe pasatzen da.

Alde horretatik, aski sonatua den margoketa bat egin zuen Mujeres Creandok: «Matxista ezkertiar batek dauka matxista eskuindar baten antzik handiena».
Gaitzigarria da ezkerra eskuina bezalakoa izatea emakumeoi dagozkigun gaietan. Emakumeon gaiak ezin dira periferikoak izan, zentralak dira. Ez da egiturazko aldaketarik egongo feminismotik ez bada, eta ezkerreko kide batzuek ez dute hori ulertzen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.