domingo, 24 de mayo de 2015

#hemeroteka #ezkontza | Eskubidea irabazle

Irudia: Berria
Eskubidea irabazle
Irlandan boto-emaileen %62k onartu dute sexu bereko bikoteen ezkontzak legeztatzea. Munduko lehenbiziko herrialdea da erreferendum bidez onartzen.
Mikel Rodriguez | Berria, 2015-05-24
http://www.berria.eus/paperekoa/1913/020/001/2015-05-24/eskubidea_irabazle.htm

Irlandako Errepublikan herritarrek erreferendum bidez erabaki dute sexu bereko bikoteei ezkontzeko eskubidea onartzea. Esperotakoa zen baietzak irabaztea, baina azken emaitzak eta erreferendumerako kanpainak Irlandako gizartea astindu dute, eta aurrez aurre paratu dute bere tradizio katoliko hertsiarekin: gobernua, alderdi nazional guztiak, hedabide handiak, sindikatuak eta patronala agertu ziren eskubidea onartzearen alde; aurka, berriz, Eliza katolikoaren kupula, abortuaren aurkako taldeak, muturreko elkarte kontserbadoreak eta zenbait diputatu. Enda Kenny lehen ministroaren ustez, eskubidea erreferendum bidez onartuta munduan «lidergo aitzindaria» erakutsi du Irlandak.

EB Europako Batasunean, Irlandak baino lehen Kroaziak eta Eslovakiak egin zituzten sexu berekoen ezkontza eskubidearen inguruko erreferendumak. Bi herrialdeek kritikak jasan zituzten eskubideak bozkagai paratzeagatik. Bi herrialdeetan muturreko talde kontserbadoreek erreferendumera deitzeko beharrezko sinadura kopurua lortu zutelako egin zuten. Kroazian, 2013ko abenduan: %37,9ko parte hartzearekin, %65ek ez zuten onartu sexu berekoak ezkondu ahal izatea. Eslovakian, berriz, aurtengo otsailean: eskubidea ez onartzearen aldekoek irabazi zuten, baina parte hartzea ez zenez %50era ailegatu —%21ekoa izan zen—, baliogabe gelditu zen. Eliza katolikoko Frantzisko aita santuak babesa eman zion ezkontzeko eskubidearen aurkako kanpainari.

Irlandan, ordea, bertzelakoak izan dira emaitzak, eta horregatik aurkeztu du Kennyk eredugarritzat. Hiru milioi herritarrek baino gehiagok zuten botoa emateko eskubidea: %60ko parte hartzearekin, %62 agertu ziren eskubidea onartzearen alde, eta %37 aurka. Sexu berekoen ezkontzak erreferendum bidez legeztatu dituen munduko lehenbiziko herrialdearen emaitzak. Kenny lehen ministroak oraindik behin betiko emaitzak jakin aitzinetik zoriondu zituen baietzaren alde botoa eman zutenak. Gazteak izan zituen gogoan, eta bereziki atzerritik espresuki botoa emateko bueltatu ziren milaka gazteak. «Uste dut gazteek, bereziki papertxo batean x bat paratzeko edonondik bidaiatu duten horiek erakutsi dutela gai honi zer-nolako balioa eman dioten, eta politikari, berriz, zer-nolako garrantzia».

Ingalaterra protestantearen zanpaketaren azpian garatu zuen Irlandak bere katolikotasun sakona. Uhartearen zati gehienak independentzia lortu ondoren (1922), katolizismoa bilakatu zen estatu berriaren identitatearen ikurretako bat. Horregatik, zenbait eskubideren aldarrikapenek talka egin izan dute erlijiotasun horrekin. Adibidez, errepublikak iaz arte ez zuen abortuaren legerik izan, eta, gainera, soilik amaren bizitza arriskuan dagoenean baimentzen du abortua; bortxaketa, intzestu edo fetuaren anormaltasun kasuetan, ez.

Baina sexu berekoen ezkontzaren auziarekin ez da hori gertatu. Kenny lehen ministroak berak onartu du gai horren inguruan denborarekin iritzia aldatu duela. Katoliko praktikatzailea da, eta Fine Gael alderdi demokristauko burua. Aitzineko gobernuak, Fianna Fail eskuineko bertze alderdi nagusiarenak, jada 2010ean onartu zuen sexu bereko bikoteek legezko estatusa izateko legea, baina ezkontza izan gabe. «Kanpaina ia iraultza sozial baten gisakoa izan da», adierazi zuen atzo Leo Varadkar Osasun ministroak. Gay dela jendaurrean adierazi duen lehenbiziko ministroa da Irlandan.

Zalantzak Eliza katolikoan
Diarmuid Martin Dublingo artzapezpikuak ere termino bera erabili du erreferendumaren emaitza azaltzeko: «iraultza soziala». Are gehiago, Eliza katolikoak Irlandan duen egoerarekin kezkatuta agertu da, eta erran du erakundeak «eztabaida sakon bat eta errealitatearen azterketa bat» hasi behar dituela. Eliza katolikoa hagitz boteretsua izan da beti Irlandan, baina, gehienbat Elizako kideek hamarkadatan haurrei egindako sexu abusuak argitaratzen hasi zirenetik, kalte handia jasan du haren prestigioak.

Ezetzaren alde lerratu diren sektore guztiek ez dute interpretazio berbera egin, ordea. «Gure ikuspuntutik, alderdi politiko batek ere ordezkatzen ez duen gizartearen sektore handiagoa ordezkatu dugu», adierazi du MFM Inporta Duten Gurasoak muturreko talde kontserbadoreak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.