sábado, 30 de mayo de 2015

#hemeroteka #bikoteak | «Enpatia, errespetua eta pazientzia behar dira negoziatzeko»

«Enpatia, errespetua eta pazientzia behar dira negoziatzeko»
Bikote homosexualek heterosexualek baino gauza gehiago negoziatu behar dituztela uste dute Pedro Machok eta Javi Gonzalezek. Horrek baditu abantailak.
A.A.G. | Berria, 2015-05-30

Pedro Machok eta Javi Gonzalezek urteak daramatzate bikote moduan. Urte hauetan makina bat gauza negoziatzea egokitu zaie. Horietako azkena duela gutxi izan zen: oporretara nora joan erabakitzea. «Hiru aukera genituen, eta plan oso desberdinak. Gainera, gure asmoak eta nahiak ere desberdinak ziren. Baina ados jarri gara», azaldu du Machok. Biek argi dute zein izan behar duen negoziazioaren abiapuntua: «Argi izan behar da bata ez dela bestea baino gehiago, negoziazioa parekoen artean egiten dela. Horrekin batera, berba egiten hasi aurretik, kanpotik aldez aurretik ezarritako rolak, aurreiritziak eta abar gainditu behar dira». Hortik aurrera, eskarmentua da gakoa, Gonzalezen ustez: «Negoziatzen negoziazioaren bidez ikasten da. Enpatia, errespetua eta pazientzia behar dira, batzuetan dosi handietan».

Bikote homosexualek heterosexualek baino gauza gehiago negoziatu behar izaten dituztela uste du Machok, bikote heterosexualen kasuan, oraindik ere, makina bat gauza rol edo genero banaketak ezartzen dituelako. Horrek gauzak gehiago negoziatzea badakar ere, baditu bere abantailak: «Autoaren kasuan, adibidez, gogo handiena daukanak edo bidea hobeto ezagutzen duenak gidatuko du, inongo aurreiritzirik, inolako arazorik gabe. Bikotearen beraren barne dinamikaren bidez egiten dira gauzak, askoz modu berdintsu, espontaneo eta errealago batean».

Horri esker, hainbat negoziazio errazagoak gertatu zaizkie, eta zenbait kasutan berez etorri zaizkie: etxeko lanen banaketa eta diruaren kudeaketa, adibidez. Diruarekin hasieratik argi izan zuten: «Kontu komunak ditugu, eta ez gabiltza neurtzen bakoitzak zenbat sartzen edo gastatzen duen. Dena biona da. Gastu inportanteren bat aurreikusten dugun bakoitzean ere aukerak aztertzen ditugu bion artean, eta ados jartzen gara». Etxeko lanei dagokienez ere, berez egin dute banaketa: «Gutako bat garbitasunarekin apur bat obsesiboa da, eta bestea ordenarekin. Gainera, batek denbora gehiago dauka besteak baino, lan ordutegia dela eta. Biok jakin badakigu besteari zer kostatzen zaion gehiago edo zer gustatzen zaion gutxiago. Hori guztia hartzen dugu kontuan», nabarmendu du Gonzalezek. Dena den, onartu dute batek besteak baino gehiago egiten duela etxeko kontuetan.

Familia eta lagunak

Oreka gehiagotan bilatu behar dute denbora librearen kudeaketan. «Bati gehiago gustatzen zaio etxean egotea, eta besteari irtetea. Oso kuadrilla plurala daukagu, gainera. Baina ikasi dugu bikotea izateak ez duela esan nahi den-dena elkarrekin egin behar dugunik. Asteburuko plan bat atsegin badu batak, eta besteak ez, zergatik amore eman?», galdetu du Machok. Familiaren kasuan, «oso harreman ona» duten arren, aparte mantentzen saiatzen dira. «Badira egun zehatz batzuk, amaren eguna edo ezkontzaren bat, adibidez, non elkarrekin joaten garen, baina ez guztietara. Gabonetan, esaterako, bakoitzak bere gurasoen etxean afaltzen du abenduaren 24an, eta biok lagunekin abenduaren 31n. Edo iloben urtebetetzeetara odoleko osaba joaten da bakarrik, salbuespenak salbu».

Negoziazioaren amaraunean

Asko dira egunerokoan berdintasuna lantzen duten bikoteak. Genero rolek eragindako ajeak gainditzea, ordea, ez da erraza. Hain zuzen, bikote berdinzaleen negoziazio ereduak ikertu ditu Amaia Agirre soziologoak.
Ainara Arratibel Gascon | Berria, 2015-05-30
http://www.berria.eus/paperekoa/1899/046/001/2015-05-30/negoziazioaren_amaraunean.htm

Urratsak egin dira, baina argi dago oraindik ere lan asko dagoela bikote berdinzaleen diskurtsoak eta errealitateak bat egiteko. Baina garrantzitsua da bidea egiten hasi izana». Amaia Agirre Euskal Herriko Unibertsitateko soziologoak baikor hitz egiten du egunerokoan berdintasuna lantzen duten bikoteez, eta haien ahalegina nabarmendu du. Haien negoziazio ereduen ezaugarriak bildu ditu bere tesian.

Hasiera batean, haurren zaintzari buruzko tesia egitea zen Agirreren asmoa. Baina tesi zuzendari Mari Luz Esteban antropologoak gaia aldatzeko esan zion, eta orduan erabaki zuen bikote berdinzaleen negoziazio prozesuak aztertzea. «Diskurtsoa errealitatearekin bat zetorren ikusi nahi nuen». Hamabost bikote aztertu zituen, 25 eta 50 urte artekoak, eta errealitate batekin topatu zen. «Bikote askok, etxeko lanen banaketan uzten dute parekidetasunaren kontzeptua. Horren inguruan sistematikoki negoziatzen eta eztabaidatzen dute, ez horrenbeste beste hainbat gaiez: sexualitatea eta diruaren kudeaketa, adibidez». Gainera, nabarmendu du kasu gehienetan emakumeak direla eztabaida planteatu eta negoziazioa mahai gainean jartzen dutenak. «Parekideak ez diren praktiken ondorioak beraiek pairatzen dituzte gehien, eta, mahai gainean jarrita, aukera dute aldatzeko».

Hainbat alor aztertu ditu tesian. Diruaren kudeaketa da horietako bat, eta bertan atera du ikerketaren ondorio agerienetako bat. «Oso gutxi negoziatzen dute horretaz, eta gehienak uzkur agertzen dira hori planteatzeaz, maitasun erromantikoaren ideiaren kontra doalakoan. Hitz egiten badute, zeharka egiten dute, edo erabaki inplizituen bidez. Oraindik ere maitasun erromantikoak pisu handia du».

Dena den, bikoteetan sumatzen da dirua kudeatzeko eredu berri bat. «Gehienetan, bikotekide bakoitzak kontu korronte propioa du, eta beste bat bien izenean gastu komunentzat. Hala ere, harremana aurrera doan heinean eta seme-alabak edukitzean, joera batzekoa da». Gogorarazi du izaten ari den joera aldaketa hori gizarte ereduaren aldaketaren ondorio ere badela. «Gaur egun, gero eta ohikoagoa da banatzea, eta bikoteak jakitun dira errealitate horretaz. Beraz, diruaren banaketa egiten dute, arazorik sortzen bada ere». Normalean, gainera, diru gutxien irabazten duenak planteatzen du hori. «Diru gehien duenarentzat ez dago arazorik».

Gainera, ikusi du haurren zaintzaz gutxiago negoziatzen dutela. «Zaintza eta etxeko lanak poltsa berean sartzen dituzte, baina etxeko lanez askoz gehiago eztabaidatzen dute. Horri lotuta, nabari da emakumeen aldetik zaintzarako behar eta presio moral, sozial eta kultural bat dagoela. Haiek kontziente dira horretaz, eta jakitun dira, berdinzaleak izanda, hori gainditu behar dutela, eta pixkanaka ari dira bidea egiten. Baina argi dago bikote harremana ez dela gauza isolatu bat, eta gizarte ereduek pisua dutela». Bikotearen egoera ekonomiak ere asko baldintzatzen du hori. «Normalean, gizonak soldata handiagoa du, eta, hori dela eta, emakumeak hartzen du baimena. Lesbiana bikoteen kasuan, joera baimena bien artean banatzea da. Alde horretatik, oreka handiagoa dago».

Etxeko lanak bakarrik

Haatik, gehienek etxeko lanen negoziazioan jartzen dituzte indarrak eta begiak. «Gai potoloagoak besteak dira, baina, ez denez horrenbeste hitz egiten, horretan sinplifikatzen dute negoziazioa». Denbora librearen kudeaketari dagokionez, saiatzen dira bestearen zaletasunak eta lagunak errespetatzen. «Baina kasu horretan ere emakumeek aukera gutxiago dituzte, umeak tartean daudenean batez ere».

Bestalde, bikote homosexualek hasieratik hitz egiten dute bikote ereduaz. «Heterosexualek, berriz, arazoren bat dagoenean. Hor ikusten da homosexualek lan ideologiko handiago bat egin behar izan dutela».

«Erosoa izan ez arren, egin behar den ariketa da»
Larraitz Arandok eta Gari Iturbek argi dute bikote eta guraso moduan ondo egoteko beharrezkoa dela bakoitza arlo pertsonalean ondo egotea.
A. Arratibel Gascon | Berria, 2015-05-30
http://www.berria.eus/paperekoa/2525/047/503424/2015-05-30/erosoa_izan_ez_arren_egin_behar_den_ariketa_da.htm

Seme-alabak izan aurretik gauza ugari negoziatzen zituzten Gari Iturbek eta Larraitz Arandok, baina are gehiago guraso izatea erabaki zutenetik. «Guk garbi izan genuen guraso izan aurretik ondo hausnartu behar genuela zer zekarren horrek eta nola irudikatzen genuen gure gurasotasuna», azaldu du Arandok. Nahiko berdin irudikatzen zuten. «Nik aita izan nahi nuen bera haurdun geratzen zen unetik. Ez nuen nahi, bera haurdun geratu, eta nik lehengo bizimoduarekin jarraitu. Azken batean, bion gauza baita», esan du Iturbek. Askori kosta egin zitzaien erabakia ulertzea. «Azalpen bat baino gehiago eman behar izan nizkien lagunei parrandara edo mendira ez joateagatik. Gero ezingo nuela egin esaten zidaten. Baina ez zitzaidan bidezkoa iruditzen. Zergatik nik, eta ez berak? Azken batean, biok izango ginen guraso». Arandorentzat garrantzitsua izan zen hori. «Nik, kirol asko egiten nuen, eta haurdun geratzeak geldialdia zekarren niretzat. Bera ondoan edukitzea inportantea izan zen».

Behin umea jaio, eta bide horretatik jarraitu zuten. «Argi genuen biek nahi genuela zaintzaz disfrutatu, umeez disfrutatu». Horretarako, ezinbestekoa ikusten zuten beraiek ere ondo egotea. «Nire kasuan, adibidez, fisikoki ondo egoteko beharrezkoa dut kirola egitea, eta, emozionalki eta sozialki ondo egoteko, lana eta lagunak ere oso garrantzitsuak dira niretzat. Azken batean, ama izateaz gain, beste gauza asko naizelako. Berak ere bere beharrak ditu, eta, hori dela eta, ezinbestekoa zen oreka bat topatzea». Hala, egoera ondo aztertu, eta Iturbe, lanaz aldatu, eta jardun erdian hasi zen lanean, eta gero eszedentzia eskatu zuen. Arando, berriz, lanaldi murriztuarekin hasi zen. «Horrela ondo moldatzen ginen». Ez zen erraza izan Arandorentzat. «Negar batzuk egiten dituzu, zentzu batean sentitzen duzulako gizartearen presioa. Batzuek ez dute ulertzen zu horren goiz lanera itzultzea». Iturbek ere sentitu zuen nolabaiteko presioa. «Jendeak ia egunero galdetzen zidan: 'Non dago amatxo?', eta nire barrurako pentsatzen nuen aita nintzela, eta berdin-berdin zaindu nezakeela». Orain, bigarren haurrarekin, jendeak ez die hainbeste galdera egiten, eta, ondo antolatuta, biak ari dira disfrutatzen zaintzaz. Oreka bat lortu dute.

Astialdiaren banaketa ere negoziatu dute. «Baina hor ez dago bakarrik bien arteko adostasuna, baizik eta norberak ere jakitea bere espazio horiek mantentzen. Hala, badakigu bat lagunekin doanean edo kirola egitera doanean, bestea haurrekin geratuko dela. Izan ere, lagunek eta astialdiak ere gauzak ematen dizkigute».

Ados dago horrekin Iturbe. «Ez da erraza, baina gainontzean egunerokotasunak ito egiten zaitu, eta bikote moduan garrantzitsua da, halaber, norberak bere espazioak izatea». Baina, aldi berean, garrantzitsua iruditzen zaie baita ere bikotea zaintzea eta goxatzea. «Gure bikote harremana ere zaindu behar da, eta saiatzen gara horretan. Egia da zailena dela, baina maiz egiten dugu ariketa hori. Bikote moduan gure tarteak eta momentuak hartzen ditugu. Biontzako baditugu gure proiektuak eta ilusioak, eta hori oso inportantea da».

Dena den, aitortu dute negoziazioak askotan ez direla errazak izaten. «Askotan ez da erosoa izaten eseri eta hitz egitea, baina egin beharreko ariketa da. Bikotearentzat onuragarria da».

ESTEKA
http://www.berria.eus/paperekoa/2612/047/503424/2015-05-30/enpatia_errespetua_eta_pazientzia_behar_dira_negoziatzeko.htm

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.