domingo, 14 de agosto de 2022

#hemeroteka #feminismoa | Geroa, gizonik eta emakumerik gabe

Jule Goikoetxea eta Miren Aranguren //
Geroa, gizonik eta emakumerik gabe.

Maite Asensio Lozano | Berria, 2022-08-14

https://www.berria.eus/udako_serieak2022/08/14/utopiarantz/feminismoa.htm 

Feminismoa. Gatazkarik gabeko paradisurik ez, baina bortxa gutxiagoko mundu hobe bat irudikatu dute Jule Goikoetxeak eta Miren Arangurenek, feminismoa tresna gisa hartuta. Harreman afektiboak, antolaketa ekonomikoa, zaintzeko moduak aldatuko lituzke gizon eta emakume kategoriak desagertzeak.

Holobionteez hitz egiten hasi dira, kafeak eta infusioak prestatu bitartean; hala deitzen diete zientzialariek hainbat espeziez osatutako izaki bizidunei. Nahiko kontzeptu berria da, multiespeziearen ideiarekin lotua, eta, zientzia fikziozkoa dirudien arren, beste errealitate batzuk irudikatzen laguntzen dio Jule Goikoetxeari, eta utopia feminista definitzen: «Gizonen eta emakumeen desagerpena hain da iraultzailea, ezen zaila baita ulertzea bera; agian mendeak beharko ditugu. Baina ezin badugu pentsatu zerbait diferentea, ezingo dugu sortu. Beraz, gizonik eta emakumerik gabeko gizarte batean, zer egongo da? Bada, holobionteak, adibidez». Miren Arangurenek barrez jaso du proposamena, baina ados agertu da muinarekin: «Gizonen eta emakumeen desagerpena luzerako doa, baina dagoeneko hasi gara».

Utopia feministaz eta utopia feminismotik hausnartzen jarri ditu BERRIAk Jule Goikoetxea filosofo eta EHUko irakaslea (Donostia, 1981) eta Miren Aranguren Bilgune Feministako eta Emagineko kidea (Iruñea, 1981). Prozesu gisa ulertu dute biek, ez amaierako helburu gisa, eta errealitatera lotua. «Ezin dugu pentsatu egun batean mundu guztia ona izango dela, edo ez denik egongo supremazismorik, adibidez, animaliekin edo beste gizaki batzuekin. Beti egongo dira gatazkak eta botere harremanak, eta hori da zailtasun nagusia: gatazkak ere izango dituen utopian pentsatzea», azaldu du Goikoetxeak. Arangurenek ere aldarrikatu du mundu hobeago bat irudikatzeko ariketa: «Zapalkuntza sistema batzuk gainditzeko prozesua litzateke utopia. Eta hor, nik bai imajinatzen dut indarkeria gutxiagoko espazio bat, baina ez gatazkarik gabekoa; gatazka egongo da, noski, baina bortizkeria gutxiagorekin eta elkarbizitzarako beste mekanismo batzuekin kudeatuta».

Mundu hobe hori marrazteko tresna indartsua da feminismoa haientzat. Goikoetxea: «Diagnostiko konplexuagoa du, aberasgarriagoa eta interesgarriagoa». Aranguren: «Interpelazio asko izan ditugulako, eta absentzien inguruko kontzientzia badugulako. Zerbait horizontala egin nahi badugu, herritarra, feminismoak gaitasun handia ematen digu identifikatzeko zein falta diren eta nola eraiki sareak». Eta beste zerbait horren abiapuntuan bat etorri dira biak: utopia feministan ez dago gizonik eta emakumerik. «Edo sexuak ez du inolako garrantzirik», zehaztu du Arangurenek: «Orain harreman guztietarako behar baitugu: gizon eta emakume izateari atxiki dizkiogu esanahiak, funtzioak eta eskubideak».

Ildo horretan, sexua «nodo» bat dela berretsi du Goikoetxeak: «Erlazio pila bat biltzen dira sexuaren inguruan; hortaz, sexua deseginez gero, sistema auzitan geratuko da. Azken batean, sexua sailkapen bat da, baina berez ez da existitzen; hori ulertuta, oso erraza da sailkapen berriak sortzea. Horixe egungo gizartean badaudela gizonak eta emakumeak, baina hori alda dezakegu: emakumeak materialitate jakin bat dira, esanahi jakin batzuk dituztenak, eta gizonak ere bai; beraz, materialitate edo gorputz desberdinak sortu behar dira, gizon-emakume kategorietatik kanpo».

Izan ere, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna ezinezkoa da, haren ustez: «Gizonak eta emakumeak egotearen funtzio bakarra da batzuek besteak esplotatzea; emakumeak patriarkatuan baino ez du zentzua». Sexuaren korapilo horrek, gainera, beste eremu batzuk ere blaitzen ditu: «Nola egingo genuke lan sexuaren araberako banaketarik gabe? Kapitalismoa ez litzateke existituko egun ezagutzen dugun bezala. Patriarkatua ez bada desegiten, ezingo dugu sistema ekonomikoa aldatu».

Emakumeen eta gizonen desegitea imajinatzean, ariketa praktikoago bat egin du Arangurenek, ekainean Bilgune Feministaren hogeigarren urteurrena ospatzeko Oñatin (Gipuzkoa) egindako ekitaldia gogora ekarrita: «Gure arnasgune feministetan aniztasunerako zabalpen izugarria ikusten ari gara: orain dela hamabost urteko topaketekin alderatuta, beste subjektu eta gorputz batzuk daude orain, eta horrek beste errealitate bat sortzen du. Hor jada ikus daiteke aldaketa».

Afektibitatea zabaldu
Zaila da gizonik eta emakumerik gabeko mundu bat irudikatzea, baina binarismo horren kateak hausteak aniztasun eta askatasun handiagoa ekarriko lukeela uste dute. Adibidez, harreman afektiboen eremuan. Arangurenek eta Goikoetxeak deitoratu dute plazeraren ideia bikote (heterosexualen) erlazioetara eta sexu harreman genitaletara mugatuta dagoela maiz. «Indibiduoaren sorkuntza patriarkalari» egotzi dio filosofoak: «Naturatik zatituta gaude: matrimonioan bizi behar dugu sistemak funtzionatzeko, ahal bada umeak egin, eta gainerako guztiak ez dauka garrantzirik. Kontrakoa behar luke: afektibitatea eta plazera askoz modu zabalagoan ulertu behar ditugu».

Ildo horretan, konfinamendu garaiaz oroitu da Aranguren: «Etxean itxi gintuztenean, ez genuen bereziki faltan txortan egitea, baizik eta jendearekin egotea, mendira joatea, eguzki izpiek azala ukitzea... Gure egunerokoan garrantzi handia dute halakoek, baina ez diegu aitortzen. Bestelako harremanei tokia egitea aberatsagoa litzateke». Bikotetik ez ezik, familiatik askatzea ere badakar: «Segurtasun erabatekoa ematen duten egituretako bat da: apurtu ezin dena, beti hor egongo dena. Soilik estatistikoki, gezurra da, indarkeria handia baitago familietan, baina, gainera, lotura horiek desegin behar dira: harreman inportanteak izan daitezke, baina inola ere ez bakarrak eta baldintzarik gabeak».

Horren haritik, utopiarako prozesuan «egitura emozionalak» ere aldatzeaz mintzatu da Goikoetxea: «Egun, pertsona gehienek desiratzen dute bikotean bizitzea, baina duela ez asko hori derrigorrezkoa zen: obligazioak desioa sortu zuen apurka. Eta, hala, emakumeak egun saiatzen dira identitate gutxi gorabehera eroso eta seguru bat lortzen, bikotearen eta amatasunaren bidez, nahiz eta bi horiek egitura emozional ziurgabeenetakoak diren». Hari horri jarraitu dio Arangurenek, irmo: «Guraso izatearen esanahia askatu egin behar da, bai biologiatik, bai bikote egituratik».

Gurasotasuna, bestela
Hain justu, amatasunaren inguruko eztabaida feministari heldu dio Bilgune Feministako kideak: «Zerk egiten gaitu ama? Are, zerk egiten gaitu aita? Uste dut galdera zentzudunak direla. Izan ere, gizon askori inporta zaien bakarra da hazia jartzea eta ondorengo herentzia eta aztarna ziurtatzea, eta ez hainbeste zaintzea edo pertsona batekiko ardura hartzea». Gogora ekarri du ume ugari daudela zaintza premian, gizarte zerbitzuen esku, eta gizarteak ez diola horri erantzuten: «Jabetza pribatuaren ideiak ere guztiz zeharkatzen du auzi hau: 'Umea nirea izango da, ni izango naiz haren arduradun bakarra, eta inork ez dit esango nola zaindu'. Oso arriskutsua iruditzen zait; egoera biolento asko dago halakoen atzean».

Bestelako eredu bat imajinatzea, gurasotasunari dagokionez, errazagoa zaie biei. «Egon badaudelako», esan du Arangurenek: «Deitu guraso, deitu sare, deitu nahi bezala: denbora batez menpekoa izango den pertsona baten zaintza edo ardura kolektiboki hartzean datza». Ama eta aita figurak desagertzearen alde agertu da Goikoetxea: «Demagun haur batzuk hiru edo lau pertsonaren artean zainduko dituztela: taldearen seme-alabak izango dira, eta guraso figura beste pertsona batzuetara zabalduko da. Noski, etxebizitzak eta denboraren antolakuntza horretara egokituko dira, eta zaintzarako baliabide publikoak egongo dira».

Arangurenek antzeko sistema bat irudikatu du gainerako zaintza lanetarako ere, eremu publikoa eta komunitarioa uztartuta: «Menpekotasuna duten pertsonen zaintzaren parte batek profesionala izan behar du, duina eta espezializatua, eta zerbitzu publikoetatik garatua. Baina, egun, estatuak edo administrazioak ezin digute bermatu komunitateak ematen digun pertenentzia sentimendua, aitortza, oinarrizko ongizatea: kalean agurtzea, kafe bat hartzea, besarkatzea... Azken batean, barneratu behar dugu elkarrekin bizi garela eta elkar zaindu behar dugula».

Hori gauzatzeko prozesuan, baina, aldagai eztabaidatu bat txertatu du Goikoetxeak: «Horrelako eredu batek lotura juridikoren bat izan behar du: pertsona baten zaintzaz arduratzen bazara eta ez baduzu zaintzen, koakzioa jasango duzu, eta eskubideak gal ditzakezu. Baliabideak egongo dira, baina kontrola ere bai, kontrolik eta koakziorik gabe ezin baita aldatu ‘habitus’-a». Arangurenek, berriz, zaintzaren premiaz kontzientziatzeko modua ikusten du maskulinitatea auzitan jarriz: «Gizontasuna beti lotu izan dut irudi batekin: planeta bat, eta gizon bat haren inguruan, guztiaren jabe sentitzen dena, erabat autonomoa balitz bezala eta ezerk eragingo ez balio bezala. Uste dut hori aldatzeak potentzial politiko handia duela: zaurgarri sentitzea, kontziente izatea denak eragiten digula; horrek bestelako harremanak sortzen ditu, lehian ez baizik eta elkartasunean oinarritutakoak».

Edonola ere, luzea izango den bide horretako lehen pausoak emanda daudela sinetsita daude biak. «Dikotomiara jotzen dugu: distopian —kolapsoa— ala utopian —paradisua— pentsatzera. Baina orainaldira ekarri behar dugu: egunerokoan sortu behar ditugu bestelako errealitateak, harremanak, praktikak... Hori da gure utopia orain, eta egiten ari gara», berretsi du Arangurenek. Haziak ereiten ari dira, eta lurrean sendo egonkortuta daudela erantsi du Goikoetxeak: «Garrantzitsua da errealitatera konektatuta egotea. Utopiak konplexutasun guztia bildu beharko du; ezin da izan esaldi sinple bat. Niretzat, ideia sugestibo bat da utopia: pentsatzen eta ibiltzen laguntzen dit».

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.