Irudia: Berria |
Ez dago amatasunaren kontrako gogoetarik. Hala uste du Beatriz Gimeno teorialari feministak. Abantailak baino ez dira aipatzen; dioenez, desabantailak ere publikoki jakinarazi behar dira.
Saioa Alkaiza Guallar | Berria, 2014-12-11
http://www.berria.eus/albisteak/106260/seme_alabak_kontsumo_objektu_bilakatu_dira.htm
Teorialari feminista da Beatriz Gimeno (Madrid, 1972), eta Euskal Herrian egon berri da amatasunaren inguruko gogoeta aniztasuna aldarrikatzen, berak idatzitako “Construyendo un discurso antimaternal” (Amatasunaren aurkako arrazoibidea eraikitzen) artikulua ardatz.
Zergatik da beharrezkoa amatasunaren kontrako solasa?
Amatasuna oso garrantzitsua da; bizitza aldatzen du. Ez dago, ordea, aukera gisa hartzeko biderik; izan ere, jasotzen ditugun mezu kultural guzti-guztiak aldekoak dira, beti. Ezin da erabaki.
Diozunez, amatasunak emakumeen egiturazko zapalketan dauka eragina. Zer dela eta?
Amatasuna emakumeak kudeatu behar izaten du, gizarteak ez du-eta ardura bere gain hartu. Amatasuna berdintasunerako galga da.
«Ez dago amatasunak bezainbesteko zilegitasuna duen instituziorik». Zerorrek idatzi zenuen.
Nik hedabideetako arrazoibideak aztertzen ditut. Emakumeei beti galdetzen diete ama izan nahi duten. Beti esaten dute: «Desiratzen nago, baina oraindik ez da iritsi». Beti berdin, gidoilari batek idatzitako esaldi bat dirudi. Inork ez du esaten: «Inoiz ez, ez dut nahi!». Inork ez du aitortzen: «Hau ez da esan zidaten bezalakoa. Leher eginda nago». Hori ez da ikusarazten. Kulturalki debekatuta dago, onartezina da. Zentsura eta autozentsura basatiak dira. Ez baldin badago alde ezkorra islatzen duen gogoetabiderik, ama ez izatea ez da aukera erreal bat. Ez dadila gaizki ulertu: ez dut esaten ama izatea txarra denik, gogoeta aniztasuna behar dela baizik.
Amatasuna gurtu egiten da?
Garai batean, emakumeek ezinbesteak eduki behar zituzten seme-alabak: ezkontzera derrigortzen zituzten, ez zegoen ia antisorgailurik... Egun, ordea, emakumeek aukeratu dezakete ez ezkontzea, bikotekiderik ez izatea... Eta, bat-batean, amatasunarekiko kultua azaltzen da. Maitasun erromantikoaren ordezkapena da; ama-haurra binomioa jaio da. Ama askok haurtxoa definitzeko esaten dute: «Nik jada ez dut inor behar. Asebeteta nago...». Orain, haurrekiko dago maitasun erromantikoa.
Salatzen duzu zenbait feminismo amatasuna idealizatzen ari direla.
7 urtera arteko edoskitze aldiak, erditzearen goraipamena... esentzializatzen ari da, eta emakumeak lotuak izateko era da. Bat-batean, lan egin nahi ez duten feministekin egiten duzu topo, esaten dizutenak garrantzitsuena seme-alabak eta etxea direla. Horrek norberaren proiektuak alboratzea dakar. Gainera, familia batengatik zure autonomiari uko egiten badiozu, zeinek mantenduko zaitu? Gogoetabide amarrutsua da, emakume asko pobreziara kondenatzen dituelako.
Lehen posible ez zen esparruetara iritsi da amatasuna: ama diren lesbianak, intseminazio artifiziala egiten duten emakumeak...
Hori da. Amatasunaren mitoa esparru guztietara zabaldu nahi dute. Seme-alabak kontsumo objektu bilakatu dira, eta jada ez dago inongo oztoporik lortzeko. Zientzia, kapitalismoa... espazio guztiak okupatzen ari dira. Orain denei eskatzen zaie mundura haurrak ekartzea. Baina ez da saldu bezain erraza: garestia da, sufrimendua dakar... Orain, postmenopausian dagoenari ere eskatzen zaio umeak ekartzea!
Polemikoa da zure gogoeta.
Eta ez dakit zergatik. Ez daukat deus ama izatearen aurka. Soilik diot neo-amatasun erromantizatua dagoela, eta mendekotasuna sortzen duela. Gogoeta bide bakarra dago, eta aniztasuna behar da. Eredu hegemonikoak mina ematen du, eta ez du uzten askatasunez jokatzen.
Dena den, kritika bezainbeste zorion mezu jaso dituzu.
Emakume askok idatzi didate esanez identifikatuta sentitu direla. «Ama izan nintzen unetik, nire bizitza bukatu zen. Damu naiz...». Gauza gogorrak irakurri ditut. Txarra da seme-alabak ez maitatzea; txarra haientzat eta amarentzat. Ikusaraziko balitz bizitza bete-betea izan daitekeela seme-alabarik gabe, askok ez lituzkete izango.
Nola eraiki amatasunaren aurkako gogoetabidea?
Tokia egin behar zaie bestelako pentsamoldeei. Ama ez izatea aldarrikatzen dutenen hitzak behar dira, eta damutzen diren horienak. Hala, jendeak beste eredu batzuk lituzke, beste errealitate batzuk ezagutuko lituzte, eta askeagoa litzateke aukeratzeko.
ETA GAINERA…
Construyendo un discurso antimaternal
Betariz Gimeno | Pikara, 2014-02-13
http://www.pikaramagazine.com/2014/02/construyendo-un-discurso-antimaternal/
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.