viernes, 26 de diciembre de 2014

#hemeroteka #trans | Yogurinha Borova: "Inork ez du espero trabesti bat euskaraz abesten ikustea"


Imagen: Deia
Yogurinha Borova | "Inork ez du espero trabesti bat euskaraz abesten ikustea"
Dibertigarria, apurtzailea, eroa, mediatikoa, sailkaezina… baina batez ere harrigarria. Horrelakoxea da Yogurinha Borova, ‘bihotz beroarekin hotzetik sortua’, eta oholtzara igotzen den bakoitzean inor epel uzten ez duena
Julene Larrañaga | Deia, 2014-12-26
http://www.deia.com/2014/12/26/ortzadar/inork-ez-du-espero-trabesti-bat-euskaraz-abesten-ikustea

Yogurinha Borovak ez du bizitza begien aurretik nola igarotzen zaion begira geratzeko inolako asmorik. “Hori baino hobe sortu, asmatu eta berrasmatu”, dio gauza guztien gainetik “sortzaile” sentitzen den artista honek. Oraingoan, Bai, Si, Yes diskoari zukua atera nahi izan dio, eta iazko bilduma horretako kantuen bertsioekin osatu du Missex (Gor, 2014), hamazazpi kantu dantzagarri biltzen dituen lana.

‘Missex’ diskoan zure aurreko laneko kantuen bertsioak egin dituzu. Zer dela eta bertsioak?
Betidanik gustatu izan zait abestiei aldaketak egitea, dimentsio berri bat ematea. Lehen nire kontura egiten nuen hori, eta orain aukera izan dut diskoetxe batekin egiteko. Horretarako, sare sozialetan lehiaketa antzeko bat jarri nuen martxan, eta jende askok kolaboratu du. Mundu osotik iritsi zaizkit proposamenak: Mexiko, Buenos Aires, Berlin… guztira 32!

Tartean luxuzko kolaboraziorik ere bada, Nacho Canutena, kasu.
Bai. Bertsioez gain, abesti berri bat ere badago, Mundo de plástico, Canut anaiek egina. Mauro eta Nacho Canutek Fangoriaren abestiak egiten dituzte, besteak beste; Nachok, gainera, Munduko alabak kantuaren bertsioa ere egin du, euskaraz. Ohore bat da niretzat maila horretako jendeak nire lana jarraitzea eta nire diskoetan parte hartzea.

Zure kantuen hitzak alaiak dira, baina, zenbait kasutan, baita kritikoak ere. Elegantziaz egiten diozu hozka gizarteari.
Bai, kantu batzuk nahiko aldarrikatzaileak dira, sakonagoak, eta beste batzuk azalekoagoak. Kantu batzuekin mezu bat zabaldu nahi dut, kontzientzian eragin nolabait, baina doinu dantzagarriak egiteari utzi gabe. Esango nuke nahiko eklektikoa naizela, eta orotariko musika jarraitzen dut: country-a, folk-a, rock-a, heavy-a… Uste dut eragin horiek ere nabari-tzen direla egiten dudan musikan.

Azken diskoetan euskaraz ere abesten duzu. Zuzenean, eta Euskal Herritik kanpo, euskaraz aritzen zara?
Noski baietz. Diskoetxetik proposatu zidaten kantu batzuk euskaraz egitea, eta ez nuen zalantzarik izan. Euskaldun berria naiz, baina betidanik gustatu izan zait euskara. Gainera, euskarazko musika asko jarraitzen dut. Kanpoan aritzen naizenean ere euskaraz kantatzen dut: Mallorkan, Sevillan, Madrilen… edonon. Bartzelonara noanean ere Euskal Etxera joaten naiz. Han zein hemen, gehienentzat berezia da trabesti bat euskaraz abesten ikustea. Inork ez du espero.

Yogurinharen jaiotzaz hitz egiteko ezinbestekoa da Las Fellini taldea aipatzea. Noiz eta nola sortu zen Yogurinha?
Yogurinha 1994ean sortu zen, Bilbon, Las Fellini kabaret taldearen baitan. Las Fellini oso apurtzailea izan zen bere garaian. Pentsa, trabestiak kabareta egiten! Askok eskuak burura eraman zituzten, baina guk jolastu egin nahi genuen, besterik ez. Ezberdinak izan ginen hasieratik. Urte asko egon nintzen taldean eta ikuskizun mordoa egin genuen han eta hemen. Gerora, beste bide batetik joan nahi nuela ikusi nuen; konturatu nintzen gehiago aritu nahi nuela sorkuntzan, nire kantuak egiten. Diskoetxe ba-ten proposamena etorri zitzaidan, eta bakarkako bidea abiatu nuen. Hala ere, aurreko garai hartako oroitzapen oso onak gordetzen ditut. Eta, esan dezaket, eragin handia izan duela Las Fellinik nigan.

Yogurinha ‘hotzetik’ sortu zela esana duzu. Zergatik?
Hotzeko pertsonaia sortu nahi nuen, Errusiako neska baten estilokoa, adibidez. Izan ere, trabestien munduan, gehienak izen angloxajoiak hartzen dituzte: Sharon, Sandy… estilo amerikarra zen, garai batean behintzat, gehien saltzen zuena, eta nik kontrakoa egin nahi nuen. Beti gustatu izan zait hotzaren kultura: elurra, negua, herrialde hotzak… mundu horrek asko erakartzen nau. Gainera, oso lotsatia naiz; azken batean, Yogurinha hotza da munduak horrelakoxea egin duelako. Horregatik diot Yogurinha hotzetik eta barrutik sortu zela.

Orduan, guk uste duguna baino lotsatiagoa zara?
Bai. Yogurinha sortzailea da exibizionista baino gehiago. Ez dut oholtza hainbeste behar, nahiz eta gero eroso egon bertan. Trabesti berezia naiz. Beharbada, trabesti gehienei eszenatokian egotea da gehien gustatzen zaiena, baina niri gehiago gustatzen zait sorkuntza lana, oholtzara igo aurretik dagoen prozesu guztia: pertsonaiaren estetika eta irudia eraikitzea, bideoklipak grabatzea, hitzak sortzea, eszenografia bat eratzea… Sortzaile sentitzen naiz gauza guztien gainetik. Beti gustatu izan zait estetika eta irudiaren mundua, baina ez polit ateratzeko, ikuspuntu artistikotik baizik.

Leku askotan aritu zara lanean. Desberdintasun asko nozitu duzu jendearen erreakzioan leku batetik bestera?
Bai, dexente. Europa mailan, zailena Parisen aritzea izan zen, hizkuntza aldetik dagoen mugaz gain, izaeraz hotzagoak ere badirelako, orokorrean. New Yorkek harritu egin ninduen; Broadway-tik gertu dagoen antzoki batean aritzeko aukera izan nuen, eta harrera oso beroa egin zidaten. Madonna bezala sentitu nintzen une batez! Berlinen, adibidez, Berlinale jaialdian Ander pelikula estreinatu ondoren egin zen festan aritu nintzen, eta oso ondo joan zen. Londresen ere nahiko ondo, hemengo antzera.

Egun Bilbo da zure bizileku eta lanerako toki nagusia. Zer nolakoa da hiri hau zure lanerako?
Bilbon eroso sentitzen naiz. Hemen denok ezagutzen gara, azken batean ezagunak edo lagunak garelako. Bost edo sei taberna eta lokaletan aritzen naiz batez ere. Madrilen, Bartzelonan edo Sevillan konpetentzia handiagoa da, baina lanerako aukera gehiago ere badago. Beraz, gaur egun sarri atera behar izaten dut kanpora. Niretzat Bilbo beti izan da modernoa. Jaio-tzez Laudiokoa naiz, eta, txikitatik, Bilbora etortzen nintzen bakoi-tzean, zerbait berezia ikusten nion hiri honi. Orain dela 20 urte ere, askorentzat grisegia zen hiri hura, oso erakargarria zen niretzat. Askoz makarra eta potenteagoa zen, bazuen xarma berezi bat. Orduko giroa ez ezik, estetikak ere indar berezia zeukan.

Zure musika bereziki jarraitzen da gay eta lesbianen kolektiboan, ‘giroko’ tabernetan… Zaila egiten zaizu hortik kanpo leku bat egitea?
Betidanik gure jarduna homosexualen kolektiboarekin lotuta egon izan da, eta Euskal Herrian atzerrian baino gehiago. Azken finean normala da, gure aldarrikapen asko bide horretatik baitoaz. Zentzu horretan, ez bada jaialdi berezi bat (adibidez EHGAMek urtero Kafe Antzokian egiten duena edo jaietan egiten den zerbait), nahiko zaila zaigu zirkuitu horretatik ateratzea. La Otxoak, adibidez, arrakasta handia izan zuen bere garaian, eta leku askotan, baina gaur egungo belaunaldiari asko kostatzen ari zaio leku bat egitea.

Yogurinharen atzean Eduardo dago, aktorea eta argazkilaria. Zer esan dezakezu berari buruz?
Yogurinharen hezurdura da Eduardo. Yogurinha zenbat eta gehiago hazi, hori Eduardori esker da. Eduardori gehien gustatuko litzaiokeena munduan barrena ibili eta argazkiak egitea da, baina azken aldian Yogurinhak irentsia du erabat, berarentzat lanean ari baita une oro. Honezkero nahiko nahasita daude; dagoeneko ez dakit non dagoen bien arteko muga. Adibidez, Eduardoren ikuspegi estetikoak eragin zuzena dauka Yogurinharen irudian. Esango nuke bion eragina dagoela biongan, eta, batez ere, biek behar dutela bestea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.