viernes, 15 de mayo de 2015

#hemeroteka #familiak | Gay, lesbiana eta etorkinen sendiak arazotsuen multzoan sartu ditu Madrilek

Gay, lesbiana eta etorkinen sendiak arazotsuen multzoan sartu ditu Madrilek
Familia plana onartu du Espainiako Gobernuak. Abortuak saihesteko, ikasketak ez oztopatzeko bekak eskainiko dizkie haurdun gazteei. Pentsioak igo nahi dizkie amei
Maite Asensio Lozano | Berria, 2015-05-15

Familia Babesteko Plan Integrala onartu zuen atzo Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak. Berritzailea baino gehiago—225 neurrien hiru laurden martxan daude jada—, ideologikoa da egitasmoa, familia eredu tradizionala indartzea baitu helburu; Alfonso Alonso Osasun eta Gizarte Gaietako ministroak berak onartu du PPren boto-emaileekiko «konpromisoa» bete dutela. Hala, familia aniztasuna «arazoak» dituzten sendien multzoan txertatu du gobernuak. «Beharrizan bereziak dituzten familien» atalean sartu ditu gay, lesbiana eta transexualen sendiak, etorkinenak, preso dauden edo egon diren amak, eta gaixotasun larriak dauzkaten pertsonak zein adinekoak dituztenak.

Zirriborroa lantzen ari zirela jada zeresana sortu zuen puntu horrek: LGTB elkarteak kexu agertu ziren, ez zirelako planean ageri. Azkenean, laguntza behar dutenen multzoan sartu ditu gobernuak. «Espainian kopuruz gehiengoa den ereduaren beharrizan diferenteak edo gehigarriak dituzten kolektiboak» dira, ministroaren arabera; 58 neurri bideratu ditu haientzat.

Edonola ere, sendi horietatik kanpo jarri du gobernuak planaren fokua. Familiaren inguruan PPk agertu izan dituen kezkak bildu baititu egitasmoak: biztanleriaren zahartzea, jaiotza tasa baxua eta amatasunaren «babesa». Ildo horretan, «harrituta» mintzatu da Alonso, emakumeek «berandu» dituztelako beren lehen haurrak —31 urtean dago batez bestekoa Espainian—. Ume gehiago nahi ditu ministroak, eta horretarako, amatasuna «babesteko beharra» ikusten du.

Haurdunentzako laguntzak aurreikusten ditu planak, «egoera zaurgarrian» daudenentzat batik bat. Ildo horretan, arreta berezia eskainiko die adingabeei eta gazteei: beka sistema bat abiatu nahi du gobernuak, «amatasuna ez dadin oztopo izan ikasketekin jarraitzeko», Alonsok adierazi duenez —autonomia erkidegoek dute beken gaineko eskumena, halere—. Abortuak saihesteko politika hori indartuko du gobernuak orain, abortuaren erreformaren porrotaren ondoren: PPren erkidego gobernu batzuek onartu dituzte amatasuna babesteko legeak azken urteotan.

Era berean, amen pentsioak handitzeko asmoa ere agertu du Espainiako Gobernuak: bi seme-alaba izan dituzten andreen pentsioa %5 igoko litzakete, hiru izan dituztenena %10, eta lau ume edo gehiago izan dituztenena %15. Alonsok gogoratu du emakumeen pentsioak gizonenak baino %30 txikiagoak direla, neurri batean, seme-alabak zaintzeko lanaldia murrizten dutelako amek. «Berdintasunaren aldeko neurria da, emakumea ama gisara aitortzekoa, eta gizartearen iraunkortasunarekiko konpromisoa». Toledoko Itunaren barruan negoziatu beharko du neurria.

Oposizioaren kritikak eragin ditu familia planak. Batetik, hauteskunde kanpainan onartu dutelako; bestetik, berrikuntzarik ez dakarrelako, ezta dirurik ere: 5.526 milioi euroko aurrekontua jarri dio gobernuak, baina ez du zehaztu zein sailetik aterako den.

ESTEKA

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.