Alea / Eraso transfoboa salatzeko mobilizazioa //
Azken eraso transfoboa salatu dute Gasteizen.
Alea, 2021-07-31
https://alea.eus/gasteiz/1627717023608-emakume-trans-eraso-fisikoa-gasteiz-mobilizazioa
Eraso transfobo baten berri eman du aste honetan Ikusgunek: uztailaren 22an, gizonezko batek 64 urteko emakume trans bati eraso fisikoa egin zion Gasteizko Alde Zaharrean, "marikoi zikina" oihukatuz. Ehunka lagunek gertatutakoa salatu dute ostiral honetan.
Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak 64 urteko emakume trans baten kontrako eraso transfobo baten berri eman du. Joan den ostegunean, uztailaren 22an, Gasteizko Alde Zaharreko taberna batean, gizon batek "marikoi zikina" oihukatu zuen; emakumeak begiratzeko buelta eman zuenean, aurpegian hiru ukabilkada eman zizkion erasotzaileak, eta biktima lurrera erori zen.
Erasotutako emakumeak salaketa jarri du Ertzaintzaren aurrean.
Azken asteetako LGTBI+fobiaren "gorakada larriaz" ohartarazi du Ikusgunek. "Gaur salatzen dugun eraso honekin hamalau dira jada azkenengo hiru hilabeteetan Araban ezagutu ditugun LGTBI+fobia kasuak, trans pertsonak izanik eraso fisiko, gorroto diskurtso eta bazterketa gehien sufritzen duen kolektiboa", azaldu du behatokiak.
Gasteiz Txiki Auzo Elkarteak, Kutxiko Taskeroek eta E28 Koordinadorak deituta, erasoa salatzeko elkarretaratzea egin dute ostiral honetan, 19:30ean Aiztogile kaleko sarreran (Fariña ortopediaren aurrean), ‘Aurrean izango gaituzue. Zuen gorrotoak ez du lekurik gure auzo eta herrietan’ lelopean.
Salaketarako bitartekoak
Azken kasuaren berri ematearekin batera, Ikusgunek genero identitate edota sexu orientazioagatik egon daitezkeen erasoei adi egoteko dei egin du. Horretarako, gogorarazi du LGTBI+fobiaren aurkako Gasteizko behatokiak hainbat bide dituela salaketak helarazteko, edozein eraso LGTBI+fobiko jasan edo ikusten badugu:
- 633 309 653 telefonoaren bitartez.
- Online salaketa: www.ikusgune.eus webgunean.
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.