martes, 7 de marzo de 2017

#hemeroteka #liburuak #feminismoa | Feminismoaren erronkak libururatu ditu Mari Luz Estebanek, Lisipen

Irudia: Berria / Mari Luz Esteban
Feminismoaren erronkak libururatu ditu Mari Luz Estebanek, Lisipen.
Mugimendu feministak mahai gainean dituen hainbat gai jorratu ditu 'Feminismoa eta politikaren eraldaketak' lanean. «Argiak eta ilunak», emandako pausoak eta kezkak bildu ditu Estebanek.
Maialen Unanue | Berria, 2017-03-07
http://www.berria.eus/paperekoa/1736/030/001/2017-03-07/feminismoaren_erronkak_libururatu_ditu_mari_luz_estebanek_lisipen.htm

‘Feminismoa eta politikaren eraldaketak’ du izena Mari Luz Estebanek ondu duen azken liburuak: Susa argitaletxearen Lisipe bildumaren bigarren alea da. 1976an du abiapuntua, egileak azaldu duenez: «'Gure genealogia feministak' liburuan agertzen den bezala, aurrekariak ere badauden arren, orduan hasten da feminismoa, gaur egun ezagutzen dugun bezala». Ordutik gaur arte feminismoak Euskal Herrian izan dituen ezaugarriak eta eraldaketak aztertu ditu; baieztapen batzuk egin ditu, baina, batez ere, pertsonalki sortu zaizkion eta mugimendu feministaren barruan mahai gaineratu diren hainbat galdera bildu ditu: «Euskal feminismoa egiten ari den gogoeta prozesu baten parte bat da, elementu bat gehiago: euskal feminista guztiak jabetu dira aldaketa batzuk eman direla eta egokitu egin behar dugula».

Hiru bloke ditu lanak: batetik, politika egiteko modu berriak; bestetik, «argiak eta ilunak», eta epilogo bat. Lehenengo zatiaren izenburua Politika berrasmatzen ari gara? da; horri erantzunez, Estebanek baietz uste du: «Hasieran ez nuen uste aldaketak hainbeste izango zirenik, eta orain, berriz, esango nuke jarraitutasun dezente topatu ditudala. Aldaketa sakonak ere gertatu dira, kezkak sortzen dituztenak».

‘Zenbait izarguneren argiak eta ilunak’ du izenburu bigarren atalak: «Uste dut liburu osoan islatu dudala argien eta ilunen ideia: badaude argi asko, baina badaude, era berean, parte ilunagoak, edo kezkak». Botereaz eta lidergoaz, indarkeria matxistaz eta zaintzaz hausnartu du horren barruan.

Epilogoan, mugimendu feminista nola ikusten duen azaldu du: «Nire ustez, mugimendu feminista zerbait bada, mugimendu kolektibo bat da, emakume asko eta emakume mota asko biltzen dituena». Alde horretatik, «gorputz kolektibo» gisa irudikatzen du: «Ez dugu galdu behar kolektibotasuna: elkarrekin harremanetan gaude, eta horrela egingo dugu aurrera».

Abantailak eta kezkak
Euskal feminismoaren ezaugarri eta eraldaketen hainbat ertz jorratu ditu. Esaterako, mugimendua «zahartzen eta, era berean, gaztetzen» ari dela, haren ustez. «Esango nuke kaleko mugimendua gero eta gehiago gazteen eskuetan dagoela, eta eskerrak eman behar dizkiegu mugimendua mantentzen dutelako». Horrez gain, Estebanen esanetan, mugimendu feminista dibertsifikatzen hasi zen 1980ko hamarkadan: «Elkarteez aparte, mugimendua sartu zen unibertsitatean, instituzioetan, eta gero eta feminista profesionalizatu gehiago ditugu». Uste du horrek mugimenduari «abantaila asko» ekarri dizkiola, feminismoaren ekiteko gaitasuna zabaldu baitu horrek. Baina kezkak ere sortzen dizkio: «Non gelditzen dira elkarteak? Elkarte asko daude, baina emakume feminista asko eta asko ez daude elkarteetan, eta hori, maila batean, kezkagarria da».

Politika erreformisten eta politika eraldatzaileen uztarketa ere landu du: «Jarraitu nahi dugu kalean protestatzen, jarraitu nahi dugu neurri eraldatzaileekin, baina, aldi berean, erakundeetan egon nahi dugu. Ez dakit hortik zer etorriko den». Estebanek ohartarazi du erakundeek «sekulako boterea» dutela gizarte mugimenduak neutralizatzeko, «parte bat hartzeko, eta ez osotasunean». Baina hori ez da feminismoarekin soilik gertatzen, haren ustez: «Ezkerra egiten ari da hori Euskal Herrian, eta horretaz oso gutxi ari gara hitz egiten: ez gara ebaluazioak egiten ari». Feminismoak erakundeetan egoteko apustua egin du, eta azterketa egitea merezi du, haren ustez.

Feministen elkarguneei buruz, bi nabarmendu ditu: emakumeen etxeak eta unibertsitateak. «Biak dira garrantzitsuak, baina unibertsitatean hierarkiak markatuago daude, dakitenak eta ez dakitenak, eta horizontaltasuna zailagoa da. Emakumeen Etxeetan iruditzen zait botere harremanak egon daitezkeela, baina mota guztietako pertsonak elkartzea oso interesgarria da».

Mugimenduak 40 urtean egin duen ibilbideari erreparatuta, bi aro desberdindu ditu Estebanek: XX. mendekoa eta XXI. mendekoa. «Eta esango nuke hirugarren aro baten hasieran gaudela, baina nire hipotesia da». Zenbait gako eman ditu sailkapen hori azaltzeko. Joan den mendean, mugimendu feminista «beste gizarte mugimendu bat» zen Euskal Herrian, haren ustez. «Euskal kultura bezala, oso unitarioak izan ginen, oso horizontalak eta oso antisistema». Eta, Estebanen esanetan, unitarioa eta horizontala da gaur egun ere. Ez hain antisistema, erakundeetan sartu den heinean.

Aztertu dituen eraldaketa zenbaitek «muturra» jo dutelakoan dago Esteban, eta horrek ireki dezake, haren esanetan, aipatzen duen hirugarren aro hori. Militantzia ereduak aldatu izana da adierazleetako bat: «Badirudi emakume batzuk ez daudela prest elkarte batean egoteko, baina bai puntualki parte hartzeko, eta horrek aldatzen du pixka bat antolatuta egotearen ideia». Beste bat instituzioetan egotea da: alda dezake hausturaren eta erreformaren arteko oreka, Estebanen esanetan. Elkargune berrien sorrera eta erakundetzearen inguruan izaten ari diren eztabaidak ere gakotzat ditu: «Horretaz, adibidez, ez dugu hitz egin lehenago feminismoan: lehen antisistema zen gehiago, behetik aldatzea; orain, sektore batean, behintzat, hitz egiten ari da nola aldatu goitik erakundeak feminismotik». Egoera berriak dira, Estebanen ustez: ez dira bat-batean gertatzen diren aldaketak, baina bai «momentu jakin batean» mugimendu feministaren ekiteko moldea aldatu dutenak. «Eztabaida horien emaitzek alda ditzakete, era berean, feminismoa egiteko eta ulertzeko modua».

Feminismoa eta ezkerra
Estebanek «feministentzat» egin du liburua, publiko nagusia izango delakoan, baita oro har Euskal Herriko ezkerreko politikan interesa dutenentzat ere: «Feminismoaren eraldaketa batzuk horri bakarrik dagozkio, baina gehienak orokorragoak dira». Kezka bat azaleratzeko aprobetxatu du: «Herri honetan nahiko garapen ona izan du feminismoak, bai teoria aldetik, bai elkartegintza aldetik, baina batzuetan iruditzen zait teoria feminista eta teoria orokorra ez direla hainbeste elkartzen».

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.