domingo, 26 de julio de 2015

#hemeroteka #feminismoa | Hiru belaunaldi, hiru kontakizun

Hiru belaunaldi, hiru kontakizun
Euskal Herriko Mugimendu Feministaren kronika idatzi dute Edurne Epeldek, Miren Arangurenek eta Iratxe Retolazak (“Gure genealogia feministak” liburua). Feminista militante bakoitzak konta lezake berea. Guk hiru belaunalditako kideei eskatu diegu haien argazkia ateratzeko. Epelde eta Arangureni, Anabel Sanzi eta Maite Axiariri sei galdera egin dizkiegu: haien garaiko aldarrikapenak; mugimenduaren erakundetzea; mugimenduaren indarra eta prestigioa; jendarteak zertan egin duen aurrera; eta zertan egin duen atzera.
Onintza Irureta Azkune | Argia, 2015-07-26
http://www.argia.eus/argia-astekaria/2471/mugimendu-feminista

1 - Zein ziren zuen garaiko aldarrikapenak?

Maite Axiari. Garai hartako giroa aipatuko dut. 20 urte nituen 1968an eta bi urte lehenago Bordelera joan nintzen estudioak egitera. 21 urterekin ginen adinez nagusi eta estudianteen bizitegiak ez ziren mistoak, baziren alde batetik neskatoenak eta bestaldetik mutikoenak. Lehenbiziko errebolta, 1967an, mistotasuna lortzeko izan zen. Bestalde, oroitu behar da kontrazepzio pilula legala bihurtu zela 1967an. 1968ko estudianteen mugimendua gai horiekin hasi zen Frantzian.

Hortaz gain, emakumeen askatasuna alor guztietan aldarrikatu genuen: lehenik, familietan eta adiskideen artean etxeko lanak partekatzea. Bigarrenik, autonomia ekonomikoa lortu: gure ofizioa hautatu nahi genuen, estudioak egin... Ekonomikoki independentzia lortzea biziki inportantea zen enetzat eta denbora hortako neska gehienentzat... esposatzen baginen ere. Frantzian, 1965etik goiti bakarrik lortu zuten emazteek haien kontu korrontea ukaiteko eskubidea, senarraren baimenik gabe. Urte berean lortu zuten ofizio bat hautatzeko eskubidea, laneko kontratu bat izenpetzea senarraren baimenik gabe! Hirugarrenik, gure buruen jabe nahi genuen izan, neskek ez genuen gure amak bezala bizi nahi. Laugarrenik, lanean soldatak igoalak nahi genituen, eta hortakotz legeak kanbiatu behar ziren. Bosgarrenik, astialdian: lehen, emazteak bakarrik ateratzen baziren, huts bat sentitzen zen, ez bazen gizonik taldean ateratzeko. Ez zen hain ontsa, gutxiesten zen. Hori aldatu dugu. Seigarrenik, gizonen boterea agertzen zen alde guztietan: talde politikoetan, sindikatuetan. Botere jokoak ziren gizonen artean ere, baina bereziki gizon eta emazteen artean. Postuak, ardurak, aiseago hartzen zituzten gizonek. Aldatzen ari da, baina bada oraino egiteko! Zazpigarrenik, kontrazepzioa eta abortua: MFPFri (Emazteen mugimendua eta familia plangintza) esker, pilula lortu zen legalki 1967an. Legea gauza bat da, baina lan anitz zegoen egiteko mentalitateak aldatzeko, bakoitza bere buruan libre izateko, noiz ukango duzun haur bat edo ez ukaitea ere hautatzeko. “Gure gorputza gurea da”, erraten genuen, eta abortatzeko eskubidea ere aldarrikatu genuen.

Anabel Sanz. Basauriko mugimendua oso indartsua zen eta buru-belarri sartu nintzen, erabat liluratuta, institutuan hasi bezain pronto. Nerabetan, hormonak aztoratuta, gorputzari eta sexualitateari buruzko mezua, jarrera eta diskurtsoa ikaragarria iruditzen zitzaidan. Sexualitatea gai ahaztezina izan da.

Lana eta lanaren sexu banaketa, ibilbide luzea izan duen gaia izan da. Denboraren erabilera edo zaintza, gure garaiko gaiak izan arren, gaur egun ere lehentasunezkoak dira. Indarkeria matxista, abortua, elkartasun feminista, sexu aniztasuna, identitatea eta feminismoaren subjektua gure agendan daude betidanik eta betiko.

Miren Aranguren eta Edurne Epelde. Gu hasi ginenean, adierazteko modua emakumeen eskubideen alde egitea zen. Emakumeen Mundu Martxak eskubideen aldarrikapenerako tresna oso baliagarriak ziren. Pobrezia eta indarkeria sexista izan ditu oinarri, eta horiek izan dira gure jardunaren oinarri ere. Pobreziari tiraka baserritarren egoeraz, lan feminizatuez, gazteen egoeraz, migrazioen eraginaz, zaintzaren krisiaz… jarduteko aukera izan dugu. Indarkeriarekin berdin, osotasunean landu dugu (ez etxekotzat hartuta) eta alternatiba landu dugu: autodefentsa feminista. Mundu Martxari esker hasi ginen, adibidez, erailketak kalean salatzen.

2 - Zer iritzi duzue mugimenduaren erakundetzeaz?

Maite Axiari. 1981ean Frantzian presidente hautatua izan zen Mitterrand sozialista eta ezker mugimenduetan esperantza bazen, pentsatuz gauzak aldatuko zirela aiseago sozialistekin. Bestalde, anitz denbora pasa genuen militantzian, eta mugimendua pixka bat utzi genuen.

Emazteen Eskubideen Ministerioa sortu zen memento hortan eta ofizialtasun horrek emazteen egoera aldatzen ahal zuen. Horrek, ene ustez, alde batetik indartu ditu emazteen eskubideak jendarte guzian, baina bestaldetik, ez du emazteen askatasunaren mugimendua aski sostengatu, eta emeki-emeki apaldu da.

Anabel Sanz. Oso nabaria izan da: feminismoak proposaturikoa instituzioek hartu dute beretzat, eta urardotu ondoren, berdintasun bihurtu dute.

Egoera ez da beti berdina, eta ikuspuntu teknikoa eta politikoa borrokan daude. EAEn behintzat, teknikoki feminismoa dezente sustatu da eta nabarmena da. Baina horrek ez du esan nahi politikoki jarraitzen gaituztenik. Adibidez, Emakundek, arartekoak eta pasa den legegintzaldiko Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero egin dute bat Hondarribiko alarde mistoarekin, baina Emakunderen alderdiak, EAJk, alarde tradizionala babesten du.

Zaintza partekatua da beste adibide bat. Emakundek adierazpen oso garbiak egin arren, ez dute ezertarako balio, ez orokorrean, ezta bere alderdian ere. Feminismoa alderdien agendan dago, komeni zaienean. Hala ere, feminismoak gauzak aldatzea posible dela agerian utzi du.

Miren Aranguren eta Edurne Epelde.
Hasieratik izan da Bilgune Feministan gai garrantzitsua. Azken urteetan gertatu denaren kontakizun amankomunik ez dugu. Kontua ez da feminismoaren instituzionalizazioa, baizik eta feminismoak erakunde publikoekiko zer? Udaletako kontseiluetan parte hartuko al dugu? Erakundetzeak alde onak eta txarrak izan ditu. 1990eko hamarkadan erakundeek garrantzia hartu zuten eta mugimendu feminista militantez hustu zen. Erakundean ari den feministak ez dauka talde feministak daukan askatasuna. Gauza oso interesgarriak egin dira erakunde publikoetatik, ezin dituzu guztiz alde batera utzi. Herri batzuetan oso erraza zen udal kontseilura ez joatea eta beste batzuetan ez hain erraza. Egokitzen joan behar izan dugu.

Feministen profesionalizazioak kategoria berri bat sortzea ekarri du: “Dakitenak” eta “ez dakitenak”, feminista adituak eta ez adituak. Lanbide bihurtu da. Lehen feminismoa kalekoa zen eta orain espazio gehiagotara zabaldu da. Oso ondo, baina kalekoa galtzen ari da.

Irudia: Beldur Barik
3 - Indarrez nola dabil?

Maite Axiari. Apal atzematen dut mugimendua, beharrik gazte batzuek elkarte batzuk sortu dituzte, eta badakite emazteen eskubideen alde lan egin beharko dutela hemendik goiti.

Halere ohartzen gara, mugimendua ez bada bizi ere lehen bezala, bere hegoak ez direla ebakiak izan. Zerbait gertatzen bada, berehala izaten ahal da oldartzea. Adibidez, aurten Frantziako Lan ministroak lege bat aldatu nahi zuen: urtero enpresa guziek badute obligazioa gizonen eta emazteen laneko baldintzen diagnosia egiteko eta oraingo ministroak obligazio hori kendu nahi zuen. Lege horretan parte hartu zuen ministro emazteak internet bidez jendea abisatu du eta berehala bildu ditu sinadurak.

Hortakotz, 2000. urtetik Euskal Herriko Emazteen Kolektiboarekin gauza ttiki batzuk antolatzen ditugu.

Anabel Sanz. Euskal Herriko mugimendu feminista bizirik eta oso indartsu dago, eta Estatukoa ere bai. Baina gurea gorenean dago, momentu honetan formatzeko aukera ugari daude. Agian, formatzeko lekua aldatu da, nire garaian talde feministak besterik ez geneuzkan. Gaur egun, ordea, masterrak daude, jabekuntza eskolak eta abar. Teoria feminista ikastea eta ezagutzea inportantea da, baina, hori baino askoz garrantzitsuagoa da argi izatea aktibismo politikoa ezinbestekoa dela.

Gainera, bestelako jendea agertu da, feminismoaren (edo elkartasunaren, ekologismoaren…) kontsumitzaileak, hitzaldietara joaten dira, eta ondo badatorkie manifestazio batera… Baina ez daude taldeetan eta ez dute buruan nola egin gauzak aldatzeko. Jarrera horrek kezkatzen nau.

Orokorrean gauza asko, politak eta oso politikoak egiten ari dira: berrienak Klitto proiektua, gorputz grafiak, feministen arteko eztabaidak, Emakumeen Mundu Martxa, Alternatiben herria eta abar. Hurrengoa, Euskal Herriko Topaketa Feministak izango direla espero dut.

Miren Aranguren eta Edurne Epelde. Kopuruz ez dakit lehen baino gehiago edo gutxiago garen, baina belaunaldi berria oso indartsu dator. Formazioa asko garatzen ari da. Feminismo kontsumitzaileak kezkatzen gaitu. Formatzen, jasotzen, ikasten ari gara… inteligentzia feminista ondo dago, baina praktikan ez bada gauzatzen? Hasteko, gure garaian, gosea gutxiagoren artean zegoen, eta askoz autodidaktagoak ginen: txostena pasa eta denon artean eztabaidatu. Burua praktikan genuen gehiago.

4 - Ba al du prestigiorik?

Anabel Sanz. Ez dut uste prestigiorik lortu dugunik, handirik ez behintzat. Azken finean, genealogia feminista ez da onartzen.

Miren Aranguren eta Edurne Epelde.
Feminismoak autoritatea irabazi du. Mugimendu sozialen aldarrikapen nagusietan erdigunerago jarri da aldarrikapen feminista, genero ikuspegia akademian garrantzitsua da, ikasketa feministak daude, hezkuntzatik, komunikabideetatik feminista gisa deitzen gaituzte. Lehen guk joan behar genuen.

Gu hasi ginenetik txiribuelta eman du, harrigarria. Aliatutzat geneuzkan emakumeetan eman da aldaketa batik bat. Emakume bertsolariek, artistek, kirolariek kontzientzia hartzea lortu dugu. Bakoitza bere eremutik ari da. Lehen atea itxita zegoen.

5 - Zertan egin da aurrera?

Maite Axiari. Anitz gauzetan, ez ditut denak aipatuko baina. Lehenik, matxismoa gehiago mespretxatzen da jendartean. Bigarrenik, emazteen independentzia ekonomikoan. Hirugarrenik, bakarrik bizitzeko eskubideetan. Laugarrenik, homo eta lesbianen eskubideetan. Bosgarrenik, politikan kuotak ezarriak izan dira.

Kontrazepzioarentzat, abortuarentzat, politikarentzat, lanarentzat… legeak aldatu ditugu, baina atxiki behar dira, eta hobetu.

Anabel Sanz. Gauza askotan, legeak adibidez, baina ez dira betetzen. Politika publikoak, baina ez daude gobernuan daudenen agendan, edo ez dira behintzat lehentasun, bestela zerbait gehiago egingo litzateke indarkeria matxistaren kontra, esaterako.

Miren Aranguren eta Edurne Epelde. Feminismoak ideologia eta proiektu politiko bezala, gero eta toki gehiago dauka bestelako jendartea eraikitzeko bidean. Bide oso luzea dugu, baina lortu dugu tortillari buelta ematea; 1990-2000n inorentzat ez zen beharrezkoa feminismoa, modaz paseak ginen, testuingurutik kanpo. Emakumeak dauzkagun eskubideen kontzienteago egin gara. Ez gara konformatzen patriarkatuak eskaintzen digun patuarekin. Gure interesak gero eta erdirago jartzen ditugu.

Dena dela, oso zaila da esatea zertan ari garen aurrera eta zertan atzera. Mugimenduak aurrera egin du argi eta garbi. Gizarteak aurrera egin duen ala ez esatea zailagoa da.

6 - Zertan egin da atzera?

Maite Axiari. Bortiztasuna ez da apaldu eta beharbada hedatzen ari da. Bestalde, denak ez dira ohartzen emazteen bizia aldatu eta hobetu dela alor batzuetan, eta gazteek ez dakite aski nola aldatu diren. Horregatik inportantea da –Gure genealogia feministak liburua du eskutan– hau egitea. Eskerrak liburu hau idatzi dutenei. Neskak libertate gehiagorekin bizi dira, baina libertate hori ez badute lantzen eta zaintzen, galtzen ahal dute. Beharrik libertatea dastatu duzularik ez duzu gibelera joan nahi!

Anabel Sanz. Arazo bat da berdintasunaren ameskeria, legeek eta politika publikoek ematen dute benetan egiten ari dena baino gehiago egiten ari dela. Baina, arazo handiena dudarik gabe matxismo berria da, gizon batzuk oso haserre daude betiko pribilegio batzuk galdu dituztelako eta antolatzen ari dira gure kontra egiteko.

Indarkeria matxistaz ari garela, arlo batzuetan aurrera egin dugu, baina berdintasun politika publikoak martxan jarri zirenetik urte asko pasatu dira eta erasoak eta hilketak ez dira jaitsi. Jendartearen pertzepzioa da, ordea, baliabide gehiegi erabiltzen dela.

Miren Aranguren eta Edurne Epelde. Sexismoan. Feminismoa ari da esaten gizona-emakumea dikotomia puskatu behar dela eta umeak sekula baino neskago eta mutilago dira. Katalogoak inoiz baino arrosagoak eta urdinagoak. Atzerapausoaren adierazle garbia da. Gaur egungo neska gazteen “begiratu nazazue” hori adibidez. Neskek 4 urterekin amaren arropa igoala daukate.

Aske garela sinetsarazi digute, baina hala da? Adibide pare bat. Lehen emakumeak ez zuen sexuaz gozatzeko aukerarik, baina orain zortzi orgasmo lortzeko gai izan behar dugu! Hori aske izatea da? Etxetik kanpo lana egiteko aukera daukagu, baina emakume asko gaizki sentitzen dira etxea garbitzeko astirik ez daukatelako. Aske gara? Aurrera eta atzera egin dugu. Aukera batzuk ditu oraingo emakumeak, baina horien truke bestelako zailtasunak ere bai. Eta beste adibidetxo bat: zuk jantzi galtzak lasai, baina ipurdia bistan duzula ibili beharko duzu, hotza pasatzen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.