sábado, 25 de julio de 2015

#hemeroteka #sexismoa | Azken astean salatutako eraso sexistak gaitzetsi dituzte hainbat herritan

Irudia: Topatu / Zumaia, 2015-07-24
Azken astean salatutako eraso sexistak gaitzetsi dituzte hainbat herritan
Topatu, 2015-07-25
http://topatu.info/azken-astean-salatutako-eraso-sexistak-gaitzetsi-dituzte-hainbat-herritan/

Udako festak hastearekin batera, eraso sexisten salaketek gora egin dute. Azken astean bost herritan mobilizatu behar izan dira: Pasaian, Zumaian, Ordizian, Sestaon eta Portugaleten. Horiek publiko egin direnak besterik ez dira, eta eraso guztiak ez dira jai giroan izan.

Ordizia
Bi eraso sexista salatu dituzte Ordiziako festetako lehen asteburuan. “Bi eraso izan dira salatuak, baina sobera dakigu gehiago izan direla”, adierazi du mobilizatzera deitu duen herritar taldeak. Azpimarratu dute erasotzaileak ez zeudela bakarrik: “Beraien lagunak, egoeraren aurrean ezer egin ez eta gainera barre egiten zutenak, konplize dira”. Bi kasuetan emakumeek aurre egin diote erasotzaileei, eta salaketa jarri.

Erasoak gaitzesteko, ehunka herritar bildu da festen bigarren asteburuko txupinazoaren atarian.

Portugalete eta Sestao
Gizon bat neska bati jazarri zitzaion larunbatean Portugaleten. Emakumeak defendatu eta ihes egitea lortu zuen. Ertzaintzak 21 urteko gizon bat atxilotu zuen herenegun, goizaldean, eta uste dute igandean herri berean izandako beste eraso sexista batekin ere lotuta egon litekeela. Herritar andana bildu da erasoa gaitzesteko elkarretaratzean.

Sestaon, berriz, gizonezko bat atxilotu dute bikotea jipoitzea leporatuta.

Zumaia
Zumaiako asanblada feministak eta Berdintasun Foroak jakinarazi dute azken hilabeteetan indarkeria sexistarekin lotutako hainbat salaketa jarri dela herrian. 80 urteko gizon batek hainbat adingabekori ukituak egin dizkiela salatu dute, eta lekuko baten testigantzari esker lortu dute gertakarien berri izatea. Baleike.eus agerkarian adingabeko neska baten amak kontatutakoa jaso dute.

Pasaia
Trintxerpeko (Pasaia) jaietan ere hiru eraso sexista salatu dituzte: gizonezko batek hiru emakume adingabekori egin zien eraso iragan ostiralean. Ustezko erasotzailea atxilotu dute, eta herritar andana mobilizatu da gertaera salatzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.