Hamarka bizilagunek bat egin zuten deialdiarekin atzo arratsaldean // |
Xanistebanetako eraso matxistak irmo arbuiatu dituzte.
Hilaren 2tik 3ra bitarteko gauean salaturiko sei eraso matxistak gaitzesteko elkarretaratzea deitu zuen atzo Oiartzungo Jai Batzordeak.
Olaia Gerendiain Ruiz de Gauna | Oarsoaldeko Hitza, 2022-08-04
https://oarsoaldea.hitza.eus/2022/08/04/xanistebanak-eraso-matxistak/
Oiartzungo Jai Batzordeak elkarretaratzea deitu zuen atzo arratsaldean, Xanistebanen lehenengo gauean -hilaren 2tik 3ra- egondako eraso matxistak irmo salatzeko asmoz.
Hamarka bizilagunek bat egin zuten deialdiarekin 20:30ean txoznagunean, aurreko gauean emandako 6 eraso matxisten aurrean -jakinarazitakoak besterik ez dira horiek- gaitzespen guztizkoa adierazteko.
Herriko jaien lehen gauean jazotakoa oso larri iritzita, plazak hartzeko beharretan ikusi zuten euren burua, enegarren aldiz, emakumeek. “Aske izateko dugun armarik zorrotzena emakumeok* elkar babesteko sareak dira”, esan zuten. Eta ozen aski errepikatu zuten borrokan eta kalean jarraituko dutela, “gauak okupatzen eta jai eredua feministen alde borrokatzen”.
Oiartzungo Udalak salaketarekin bat egin eta babesa adierazi zion jai batzordeari. Bien bitartean, txosna guztiak, baita plazakoak ere, itxita egon ziren 20:30etik 21:00ak arte, herritarren arbuioaren erakusle.
Ez dira isilduko: “Xanistebanetan ere dantza egin nahi dugu, ahotsak urratu arte abestu nahi dugu, herrikideekin hizketaldi luzeetan korapilatu nahi dugu, sareak ehuntzen jarraitu nahi dugu eta egingo dugu!”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.