miércoles, 22 de marzo de 2017

#hemeroteka #transfobia | Javier Saez del Alamo. Soziologoa: «Gorrotoaren diskurtsoa da: transexualen duintasuna urratu dute»

Irudia: Berria / Javier Saez del Alamo
Javier Saez del Alamo. Soziologoa: «Gorrotoaren diskurtsoa da: transexualen duintasuna urratu dute».
Arantxa Iraola | Berria, 2017-03-22
http://www.berria.eus/paperekoa/2133/003/001/2017-03-22/gorrotoaren_diskurtsoa_da_transexualen_duintasuna_urratu_dute.htm

«Muga-mugako kasua da». HazteOirrek martxan duen kanpainaren aurka egiteko argudioak badirela argi du Javier Saez del Alamo soziologoak, baina, halaber, aitortu du adierazpen askatasuna urratu gabe horren aurka egiteko ongi findu behar direla argudiook eta horietan oinarritutako estrategiak. LGTBI mugimenduko ekintzailea da, eta gorroto delituak eta gorroto diskurtsoak eragozteko bideen inguruan ardaztu ditu gogoeta ugari.

Nola egin dakieke aurre halako mezu transfoboei?
Nire ustetan, egiten ari direna gorrotoaren diskurtsoa da: izan ere, pertsona transexualen duintasuna urratu dute. Ezin dira pertsonak iraindu, ez banaka, ezta taldeka ere; ezin da haien duintasunaren aurka egin. Helburu argi bat du autobus horrek: transexualen errealitatea ukatzea. Autobusa esaten ari da pertsona horiek ez direla existitzen: ezin direla existitu. Zenbaitetan, badirudi gorroto diskurtsoez aritzeko oso-oso agerikoa izan behar duela pertsona baten edo talde baten kontrako mezuak: oso esplizitua. Kasu honetan ez dago halako mezurik; baina, nolabait ere, ukatu egiten du izateko modu bat, eta hauspotu egiten du pertsona transexualen inguruko etsaikeria; era horretako mezuek ez dute ezertan ere laguntzen. Hori da, gutxienean, nire ikuskera, eta beste hainbat alorretan ere erabiltzen dena. Esaterako, ‘Muerte a los gitanos’ [Heriotza ijitoei] mezua hedatzen duen webgunean pentsatzen ari naiz; zuzenean ari da eskatzen ijitoak deuseztatzeko. Adierazpen askatasuna? Baina talde bat bortxaz tratatzea proposatzen ari da... Webgunearen hori adibide muturrekoagoa da, eta delitutzat har daiteke; hain justu, orain zigor kodean aintzat hartzen da Interneten gorroto mezuak sustatzen dituzten guneak erretiratu egin behar direla.

Baina HazteOir taldeak autobusean ipinitako mezuarentzat ez du balio adibide horrek. Izan ere, ez da hain esplizitua...
Zigor zuzenbidearen bidea hortxe dago; salaketa bat ipintzen bada, erantzun bat eman behar dute epaileek. Baina oso muturreko erantzuna da hori; eragozpena da Espainiako legeriak ez duela erantzun administratiborik halakoetarako. Arrazoizkoagoa litzateke, esaterako, isun bat ipintzea. Pertsona horiek laidoztatu egin dute transexualen komunitatea? Bada, jaso dezatela isun bat.

Zein egoera klase bideratu beharko lirateke horrela?
Xedea da talde eta pertsona guztientzat tratu parekidea sustatzea; diskriminaziorik gabea. Horien inguruko urraketek delitu izaera hartzen dutenean, oso muturrekoak direnean, zigor kodearen bidez landu beharko dira: gorroto delituak izango dira. Usu bi kategoria bereiztera egiten dugu alorrean. Batetik, bazterkeria dakarten jarrerak daude: esate baterako, arraza jakin bateko pertsona bati dantzaleku batean sartzen uzten ez diotenean, edo etnia jakin batekoa delako lanik ematen ez diotenean... Horiez aparte daude zigor kodean zerrendatutako delituak: erasoak izan daitezke, edo norbaiten etxea kiskaltzea. Baina, kasu bietan ere, hutsuneak ditu Espainiako legeriak. Diskriminazioen kasuan, ez dago isunak ipiniko dituen organismo bat; erakunde bat adieraziko duena: «Nola dantzaleku honetan sarrera galarazi diozuen pertsona honi, isun bat ipiniko dizuegu». Horrelakoak egiten dira beste herrialde batzuetan, eta, nolabait ere, horiek dira zigor neurritsuagoak. Baina, tamalez, ez dago horrelako neurriak bideratzeko erakunde independenterik.

Autobusarena, zure ustetan, horrela bideratu behar litzateke?
Bai, tira, ekintzaile bat naiz ni; ez naiz fiskala, ezta epailea ere, baina, nire ustez, erdibide egokia litzateke; izan ere, jarrera diskriminatzaile argia dago autobusean.

Era horretako neurri batekin agerian utz daiteke, behintzat, jokaera horren egokitasun eza...
Bai, kontua da agerian uztea diskriminatzea ez dela debaldekoa. Espainiako Konstituzioak berak dio ezin dela inor diskriminatu; ez generoa, ez etnia, ez erlijioa... Motibo bakar bat ere ezin da erabili horretarako: testuak babestu egiten ditu pertsonak diskriminazioaren aurrean. Eta autobusarenaren gisako kasuen aurrean ez bada deus ere egiten, zigorgabetasun sentimendua heda daiteke, eta horrek ez du batere laguntzen: jendeak senti dezake edozein eraso klase eginda ere ez dela deus ere gertatzen. Isun administratibo bat jarrita, mezua helaraz diezaiekezu arrazistei edo transfoboei: «Hau ez da toleratzen. Adierazpen askatasunak, legea oinarri hartuta, muga bat du: hain zuzen ere, honako hau». Eta, bide batez, horrela gizarte osoari helarazten diozu horren inguruko mezua.

Mezua tapatuta, Euskal Herrian da autobusa. Eragotzi behar zaio zirkulazioa, zure ustetan?
Bai; Madrilen, adibidez, gerarazi egin zuten. Eta nik uste dut hori egin behar dela: izan ere, mezua mozorrotzen saiatzen badira ere, badakigu zein den. Beraz, nik ongi ikusten ditut autobusa gerarazteko hartzen diren edo har daitezkeen urratsak. Behin-behinean, behintzat, epaile batek horren inguruko erabaki bat hartu arte.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.