viernes, 19 de junio de 2015

#hemeroteca #pierpaolopasolini | Pasoliniri buruzko erakusketa ireki dute San Telmo Museoan

Pasoliniri buruzko erakusketa ireki dute San Telmo Museoan
Zinemagile italiarraren bizitza eta sorkuntza lanaren inguruko ibilbide bat osatu dute.
Nerea Lizarralde | Irutxuluko Hitza, 2015-06-19
http://irutxulo.hitza.eus/2015/06/19/pasoliniri-buruzko-erakusketa-ireki-dute-san-telmo-museoan/

Pier Paolo Pasolini idazle eta zinemagile italiarrak (1922-1975) Erromarekin izan zuen harremanaren bitartez bere figura aztertu dute “Pasolini Roma” erakusketan. Harreman hura osatzen eta definitzen duten eremu guztietan sakondu dute San Telmo Museoan zabaldu duten erakusketan: poesia, politika, konpromiso zibila, sexua, maitasuna, adiskidetasuna eta zinema.

Bartzelonako Centre de Cultura Contemporàniak, Parisko Cinémathèque Française-k Erromako Azienda Palaexpo – Palazzo delle Esposizioni-k eta Berlingo Martin Gropius Bau-k ekoiztutako proiektua da. Europako Batasuneko Cultura programaren babesa jaso du.

Sei eremu kronologikotan egituratu dute. 1950eko urtarrilaren 28an Erromara iristen denean hasten da eta 1975eko azaroaren 2an, Ostiatik gertu, bere gorpuaren aurkikuntzarekin ixten da. Erroma, Pasolinirentzat, ez zen dekoratu edo bizileku soilik. Erromarekin topo egitea Pasolinirentzat amodio istorio bilakatu zen, bere desengainuekin, maitasun eta gorroto sentipenekin, erakarpen eta arbuio faseekin eta joan etorriekin. Pasolini polemistarentzat, gizarte italiarraren bilakaeraren analista zorrotzarentzat, Erroma izan zen behaketa eremu nagusia; ikerketa, gogoeta eta borroka eremu iraunkorra. Eta, hain zuzen, hainbeste maite zuen hiriaren eraldaketatik hasi zen Pasolini 60-70 hamarkadetako Italiaren eta italiarren aldaketa aztertzen.

Pasolini aurreko eta ondorengo Erroma bat dago: bere idatziek eta filmek hiriaren imajinario berri bat sortu zuten. Pasolinik Erroma ez zuen jartzen bere liburu edo filmen eszenatoki huts gisa; Erroma “birsortu” egin zuen literatura eta zinemaren bitartez. Sortzaile handi bezala, hiri “vaticano” eta politiko honen, bere auzoen eta biztanleen mito berria eratu zuen.

Erakusketak, ikusgai izan den egoitza bakoitzean inguruarekin lotura bat bilatu du. Horrela, Bartzelonan, garaiko kataluniar intelektualekin izandako harremana nabarmentzen zen, hizkuntzarekiko interesa eta poeta katalanen antologia baten itzulpena, objektu ezberdinen bitartez. San Telmoren kasuan, Pasoliniren izaera kritikoa eta azaltzen duten objektuak bildu dira. Alde batetik, Piero Salvik egindako argazkiak daude, Pasolini Burgosko Auziaren aurkako manifestaldian azaltzen dutena; bestetik, Donostia Zinemaldia-k 1977an Pasoliniri buruz egindako atzera begirakoaren inguruko publikazioa dago, San Telmo Museoak argitaratutakoa, ‘Pasolini’, Ivan Zulueta donostiarrak diseinatutako azala duena. Erakusketa urriaren 4a arte izango da zabalik (asteartetik igandera, 10:00etatik 20:00etara; astelehenetan itxita, jaiegunetan zabalik).

Larunbatero bisita gidatuak egingo dituzte (12:30, euskaraz / 17:30 gaztelaniaz), eta erakusketarekin lotutako hainbat jarduera egingo dituzte. Proiekzioak emango dituzte: uztailaren 16an Mamma Roma (Mamma Roma, 1962 . 102 min., JB eusk azpit), uztailaren 30ean Pajaritos y pajarracos (Uccellacci e uccellini, 1966. 89 min., JB gazt azpit), abuztuaren 6an Teorema (Teorema, 1968. 100 min., JB gazt azpit) eta abuztuaren 27an Pasolini (Pasolini, 2014. 86 min., JB gazt azpit). Pasoliniri buruzko gau berezi bat egingo dute abuztuaren 22an eta gauez irekiko dute erakusketa. Irailaren 16an zinema eta disidentziari buruzko mahai ingurua egingo dute. Bertan parte hartuko dute Donostia Zinemaldiko Jose Luis Rebordinos eta Joxean Fernandezek eta Jabier Rebollo eta David Trueba zinema zuzendariek.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.