jueves, 28 de junio de 2018

#hemeroteka #testigantzak | Armairu bat

Irudia: Alea
Armairu bat.
Rikardo Arregi Diaz de Heredia | Berria, 2018-06-28

https://www.berria.eus/paperekoa/1920/035/001/2018-06-28/armairu_bat.htm

«Mundu zabalean aho batez onartutako egia da», idatzi zenuen poema hura gogoan, zuri, Rikardo, negua gustatzen zaizula, ez uda, eta, beraz, eguraldiari buruzko solasaldi askotan gogaikarrietatik libre bizi izan zaitezkeela, inor ez baita ausartuko zure aurrean udari eta eguraldi ustez onari buruzko erretolika ezagunak errepikatzera zu ez molestatzeagatik. Horrela, gutxi gorabehera (eta Jane Austen aipatu ez bazuen, beste jainkoren bat aipatuko zuen), hitz egin zidan aspaldian geroago adiskide on bilakatu zen pertsona on batek, garai hartan euskal jendearen artean poesiaren eta literaturaren agintean sinisten zuenak (orain eszeptikoagoa dela uste dut). Nahasmendutik atera nuen berehala, eta azaldu jendeak beroaren eta udaren laudorioak egiten dizkidala, ohiturari jarraituz, bekokian behera izerdi tanta lodiak edo alkondara eta elastikoetan izerdiak utzitako orban handi lotsaemangarriak ikusten dizkidanean ere.

Ez, uda ez dut gustukoa, baina ez nago hiru hilabetez erresuminduta bizitzeko prest, eta abantailak, aurkitu ahala, aletzen dizkiot nire buru gehiegi berotuari: hasteko, eta garrantzizkoena da zalantzarik gabe, udan gainerako urtaroetan baino opor egun gehiago dut lanean, nahi dudana, irakurri adibidez, egin ahal izateko. Kontsolabideak, edo engainuak, horrela bilatzen ditut egun freskoagoen esperoan. Aurten, gainera, udak niretzat dituen abantailetako batean saiatuko naiz berriro ere, asko kostatzen zaidan arren: kanpoan irakurtzea.

Parkeetako eserlekuetan liburuak irakurtzen dituztenei poema bat eskaini nien behin, benetan miresten baititut (asko ere ez dira). Haiek bezalakoa izan nahi nuke, baina ez naiz beti ausartzen. Etxe ondoan plaza eta parke ederrak daude bertan goxo egoteko, eta askotan pentsatu dut, bertatik igarotzean, primeran egongo nintzatekeela hor, zuhaitzek babestuta, gerizpe abegikorrean irakurtzen lasai asko udako goiz argitsu edo arratsalde luzeetan. Baina, esana dut, ez naiz beti ausartzen, jende gehienaren begirada salatzaile, mesfidati edo errukiorrak sentitu ditudalako nire gainean parke edo plaza batean irakurtzera eseri naizenean, zer esan taberna bateko terrazan eseri naizenetan. Badirudi hemen (Gasteizen, euskal txokoetan) jende askorentzat parke edo plaza batean eserita irakurtzen ari den figura bakartiak zerbait susmagarria dakarrela berez. Zergatik ez du hori, irakurri alegia, etxean egiten? Hain bakarrik dago? Hain zeregin gutxi dauka horrela egoteko? Autobusean egongo balitz behintzat! Egia da teknologia berriek arindu dutela apur bat jende bakartiaren gainean dagoen zalantza, mesfidantza edo errukia, gaur egun edozein gailu elektroniko eskuetan erabiltzeak adierazten baitie besteei pertsona ez dagoela isolaturik, kontektatuta dagoela, lanean beharbada, probetxuzko zerbait egiten alegia. Jendeak ez nau hain gaizki begiratuko, liburu baten ordez gailu elektroniko bat izango banu esku artean. Proba egin dut, baina liburuak nahaigo ditut. Hemen esan dut, zeren beste herrialde batzuetan (iparralderago ia beti, Salvador Espriuren poema ospetsuan bezala: «nord enllà / on diuen que la gent és neta / i noble, culta, rica, lliure, / desvetllada i feliç!)» ez baitut errukiz beteriko begirada hori sentitu parke, plaza edo kafetegi batean irakurtzen egoteagatik bakarrik. Buenos Aireseko salbuespenarekin, jakina.

Gaurko eguna, ekainaren 28a (oi, harrotasuna), aprobetxatu beharko nuke armairu honetatik ateratzeko, beldurrak uxatzeko, irakurtzen ari naizen liburua hartu eta ondoko plazako eserleku batean harro esertzeko, irakurtzea gauza bitxi, arraro, xelebre eta 'queer' bat dela pentsatzen (pentsatu?) dutenei erakusteko ez nauela lotsatzen naizen hau: irakurle bat. Lantokian nire antzeko bat aurkitu dut; hasieran gaiaz tentuz berbetan, segituan aitortu diogu elkarri gustatzen zaigula, uda iristean, plaza, parke edo terraza batean lasai esertzea eta irakurtzea, baina batzuetan lotsa ematen digula gure perbertsio honek. Aurten geldituko gara noizbehinka.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.