miércoles, 12 de agosto de 2015

#hemeroteka #dantza | Parekidetasuna plazara

Parekidetasuna plazara
Lehen aldiz dantzatu dute ezpata dantza emakume eta gizonek batera Leitzako udaletxe aurrean. Datorren larunbatera arte iraunen dute jaiek
Bidatz Villanueva Etxague | Berria, 2015-08-12
http://www.berria.eus/paperekoa/1825/034/001/2015-08-12/parekidetasuna_plazara.htm

Beste urte batez, Aurrera dantza taldeak ezpata dantza dantzatu zuen atzo Leitzako (Nafarroa) udaletxe plazan, San Tiburtzio egunean. Aurten, ordea, haize berritua sumatu da. Lehen aldiz, emakume eta gizonek parte hartu zuten ekitaldian. Izan ere, tradizioz gizonek soilik dantzatu dute ezpata dantza jendaurrean. Eguerdian hasi ziren jotzen txistulariak eta danbor jotzaileak, eguzkia goi-goian zegoela. Binaka atera ziren dantzariak, eta bi multzotan banatu. Orduan ekin zioten ordu erdi inguruko dantzaldiari.

Ehunka lagun zeuden udaletxe plazaren inguruan. Bizkorrenak itzaletan jarri ziren. Gainontzekoek eguerdiko eguzkiaren azpian ikusi behar izan zuten ekitaldia. Baina inor ez zen kexu. Guztiak zeuden dantzariei so, eta asko, hunkiturik. Askoren animozko oihuak entzun zitezkeen. Dantzariek jasan behar izan zuten beroa gehien, gorputz osoko jantzi zuri-gorriak soinean zituztela.

Dantza pieza bakoitzari txalo zaparrada batek jarraitu zion. Tarteka geldirik egoteko astia izan zuten dantzariek. Orotara, 64 aldiz jaso zuten hanka, ia belarria ukitzeraino. Amaierakoa izan zen une gorena. Egin ohi duten moduan, bi dantzarik beste bat goratzen dute buruz gora, beste seik inguratzen dituztela. Dantzaria jasota eduki zuten bitartean iraun zuten txaloek, eta ondoren ere bai. Bazegoen malkorik bota zuenik.

Ilaran irten ziren udaletxe plazatik, binaka, eta hasieran eragindako bi banderekin: ikurrina eta leitzako armarria, alegia. Txistuek eta danborrek itxi zuten prozesioa. Jende anitz bildu zen dantzariengana ekitaldiagatik zoriontzera, eta haiek poz aurpegiarekin erantzun zieten, dena ongi irten zen seinale.

Izar Ugartemendia eta Alaitz Oiartzun izan ziren dantzarietako bi. Nekatuta zeuden, baina emaitzarekin kontent. «Nekagarria da hainbeste berorekin dantzatzea», azaldu zuen Ugartemendiak. «Dena den, plazan zaudela, dantzan kontzentratuta zaude». Biak bat zetozen lan handia egin dutela Aurrera dantza taldearekin ezpata dantza ongi prestatzearren. Oiartzunek azaldu zuenaren arabera, ikasturte osoan dantzatzen dute. Ezpata dantza hilabete bat lehenago hasten dira prestatzen. Bi dantzariek egin zioten erreferentzia emakumeen parte hartzeari: «Oso garrantzitsua iruditzen zaigu, eta pozik gaude honen parte izateaz».

Ezpata dantza Durangaldeko dantzari dantza da jatorrian. XX. mende hasieran Euskal Herri osora zabaldu zen, euskal abertzaletasunaren ondorioz. Leitzan gaur egun arte iraun du, eta errotuta geratu da herriko tradizioan. […]

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.