viernes, 10 de junio de 2016

#hemeroteka #lgtbi #oroimena | Errenteria: Homofobiaren horma bota dute, koloretako pasabidetik igarotzeko

Imagen: Oarsoaldeko Hitza
Homofobiaren horma bota dute, koloretako pasabidetik igarotzeko.
Erik Gartzia | Oarsoaldeko Hitza, 2016-06-10
http://oarsoaldea.hitza.eus/2016/06/10/homofobiaren-horma-bota-dute-koloretako-pasabidetik-igarotzeko/

Bart, hirugarren urtez, Vicente Vadillo ‘Francis’ polizia batek hildako trabestiaren omenezko zebrabidea margotu zuten Nafarroa etorbidean, Saretuz, EHGAM eta Gurekin auzo elkarteak deituta —eta udalaren laguntzarekin—. Ezberdina izateagatik hil zutena oroitu ez ezik, homofobiaren eta gainontzeko ‘-fobien’ aurkako oihu koloretsua ere bada pasabidea.

23:00ak pasatxo ziren, eta herritar ugari bildu zen Iztieta eta Erdigunea lotzen dituen zebrabidearen ingurura. Aurreko urteetako auzolanen argazkiekin osatutako bideoa eskaini zuten. Soinu banda, Pink Floyden ‘Another brick in the wall’ eta John Lennonen ‘Imagine’.

Errepasoaren ondoren, Mikel Martin LGBT mugimenduko kideak hartu zuen hitza. Bertaratutakoei eskerrak eman zizkien, eta Errenteria-Oreretan LGBT mugimendua kalera atera zenetik orain arte gauzak “asko aldatu” direla nabarmendu zuen. “Nik 26 urte ditut —beno, alderantziz—, eta Francis hil eta 37 urteren ondoren, gauzak asko aldatu direla uste dut. Badirudi beti egon behar dugula iraganeko gauza txarrak oroitzen”, esan zuen. Bere ametsetako bat ezagutarazi zuen: oraina aldatzea etorkizun hurbil hobea eraikitzeko.

Hemezortzi urteren bueltan dabiltzan bi neskekin izandako elkarrizketa bat gogorarazi zuen Martinek: “Haiek esaten zidaten lortu dugunaz hitz egin behar dugula. Eta ez, ez gara kontziente zer lortu dugun. Nik haien adina nueneko egoera eta oraingoa erabat ezberdinak dira”. Libre izateko eskatu zien han bildutakoei, “leshomotransfobiatik libre baita ere”, eta “ahal bezain zoriontsu” bizitzeko deia egin zuen.

Margoa ontzian, arrabola eskuan
Iztietako elizaren ondoan egindako ekitalditxoaren ondoren, zebrabide aldera joan ziren. Prestatuta zeuden margo potoak —sei guztira—. Homofobiaren horma, mailuekin beharrean, margoz zipriztindutako arrabolekin bota zuten, imajinatzen duten mundu hobea marrazten hasteko.

Pazientziarekin itxaron zuen bakoitzak bere txanda (baten batek errepikatu bazuen ere), eta denen artean, auzolanean, marraztu zuten hormarik gabeko etorkizuna irudikatzen duen pasabidea.

37 urte ondoren Francis gogoan
Atzo margotu zuten hirugarrenez Homofobiaren Aurkako Zebrabidea, eta gaur bete dira 37 urte polizia batek Vicente Vadillo 'Francis' hil zuela. Atzokoan izan zuten gogoan, baina baita gaur ere. LGBT mugimenduko kideek krabelin gorriak jarri dituzte haren omenez Homofobiaren Aurkako Zebrabidearen bi aldeetan 'Francis' oroitzeko jarritako plaken ondoan.

DOKUMENTAZIOA
Homofobiaren Aurkako Zebrabidea ortzadarraren koloreekin beteko dute berriro.
Ikerne Zarate | Oarsoaldeko Hitza, 2016-06-07

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.