Euskal dantza talde queer bat sortzeko proposamena luzatu dute
“Zer egin dezaket nire sinismen eta aldarrikapen politikoek euskal dantza tradizionaletan hain errotuta dauden ohitura eta adierazpen heteronormatiboekin talka egiten dutenean?”. Galdera horretatik abiatuta, kultura eta tradizioa zalantzan jari eta beste dantza eredu bat eraikitzeko nahia azaldu du Ibai Fresnedo Kitzikaneko kideak, talde bat sortzea proposatuz.
Dantzari kitzikatzaile baten gogoeta pertsonala eta politikoa
Ibai Fresnedo · Kitzikaneko kidea | Topatu, 2015-02-17
http://topatu.info/euskal-dantza-talde-queer-bat-sortzeko-proposamena-luzatu-dute/
10 urte nituenean euskal dantzak ikasten hasi nintzen, eta urteak eta urteak erortzen eta jaikitzen eman arren, gaur egun, dantza, nire bizitzako zutabe garrantzitsu bat bilakatu dela esango nuke. Eta ikasketa prozesua ez da inoiz eteten (zorionez!).
Egia esan, arte disziplina honetan gustora nago; nire gorputz propioaren mugak eta gaitasunak aztertzera animatzen nauelako, emozio eta energien fluxutasuna dakarrelako eta nire erraietako musikalitatea nolabait gorpuzten laguntzen didalako… Arima/gorputza dikotomiari “burua” gehituz, alegia.
Ondo da, eta orduan, non daukat nik arazoa (arazoa deitu behar badiogu ere)?!! Ba sinplea da!!
Orain arte dantzan sortu ditudan errealitateak ez datoz bat nire bazterretako identitatearekin. Ondorioz, askotan (gehienetan) faltsukeri deserosoetan erortzen naiz eta are gehiago, askotan (gehienetan) nire identitateari eta sinismen politikoei uko egiten diet. Zelan da posible horrela nire bizitzako zutabe garrantzitsu bat garatzea? Koherentzia falta itzela, ezta?
Zer egin dezaket nire sinismen eta aldarrikapen politikoek euskal dantza tradizionaletan hain errotuta dauden ohitura eta adierazpen heteronormatiboekin talka egiten dutenean? Posible da beste errealitate bat eraikitzea?
Azken asteotan bi dantza ikuskizunetara joan naiz eta, ikusle gisa eta antzokiko butaka (des)eroso horietatik, koreografia eta eszenografia guztien baitan jazotzen zena aztertzen egon naiz.
Mutilak nesken gonak altxatzen ikusi nituen, nesken paper melankolikoa, mutilen espiritu gerlari eta lehiakorra, desira eta erotika heterosexualaren espresio/birprodukzio etengabea, janzkera eta elementu/irudi sinboliko sexistak, mutilen bular biluziak edonon baina neskak kipula baten modura estaliak…
Horregatik guztiagatik, galdera asko etorri zitzaizkidan burura (nahiz eta jakin orain dela asko daudela hor, azaleratu nahian):
_ Zergatik ez sortu Euskal Herrian horrekin guztiarekin apurtzeko prest dagoen dantza talde bat?
_ Zergatik ezin dugu gure kultura zalantzan jarri?
_ Nork eragotzi behar digu gure sorkuntza prozesu propioak sortzea?
_ Estatu transfeminista baten bidean, horrelako egitasmoek lekua izango lukete?
_ Euskal dantzak eta bakarrizketa politikoak uztartzea polita izango litzateke?
_ Posible litzateke banango edo zortziko bat dantzatzea drag king talde batez osatua? Eta polka baten bikote marika bat izatea zeinek aktibo/pasibo-subjektu/objektu dikotomiak hausten dituena?
Tira, hauxe da nire gogoeta xumea, nire sakontasunetik atera den ideia parafilikoa, euskal kultura sabinista profanatzera etorri dena… Eta argi dago, batzuk dioten bezala, hau ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula. Baina badakit egingarria dela, eta horren itxaropena dut.
Jakin badakit ere, flipatzea, amestea eta gauzak beste modu batzuetan irudikatzea doakoa dela. Baina, horrelakoetan, laguntzarik ez badugu jasotzen, azkenean oso garestia eta neketsua da!
Hala ere, gogoratu ideia hau nirea izatetik zuena (gurea) izatera pasa dela. Zuek zaretelako nire konfidente folklorikoak.
Dantza hain pertsonala den heinean politikoa ere badelako!
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.