sábado, 28 de marzo de 2015

#hemeroteka #feminismoa #historia | Edurne Epelde eta Miren Aranguren: «Oso bizia izan da mugimendu feminista, beti emakumeak nola erakarri birpentsatzen»

Edurne Epelde eta Miren Aranguren: «Oso bizia izan da mugimendu feminista, beti emakumeak nola erakarri birpentsatzen»
Gure genealogia feministak: Feminismoaren arrastoa jarraituz, Euskal Herriko mapa morea koloreztatu dute, euskal mugimendu feminista azken lau hamarkadotan bizi-bizi egon dela frogatuz.
Oihana Llorente Arretxea | Gaur8, 2015-03-28
http://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/gaur8/editions/gaur8_2015-03-28-06-00/hemeroteca_articles/oso-bizia-izan-da-mugimendu-feminista-beti-emakumeak-nola-erakarri-birpentsatzen

Hamar urteko lanaren uzta jasotzear dira Edurne Epelde (Zarautz, 1981) eta Miren Aranguren (Iruñea, 1981). Bilgune Feministako eta Emagineko kideak dira biak, eta, ikerlarien antzera, euskal feminismoaren arrastoaren atzetik aritu dira, hemeroteka, artxibo eta emakumeen ahoetan. Bildutako memoriak “Gure genealogia feministak” liburuan iltzatu dituzte. Crowdfunding edo finantzaketa kolektiboko kanpaina bat abiatu dute liburua autoeditatzeko (karena.eu) eta ekarpenak jasotzeko epea hogei egun barru bukatzen bada ere, lehen egunetan aise gainditu zuten beharrezko kopurua. Pozarren daude emaitzarekin eta herritarren ekarpenarekin.

Laster izango dugu esku artean «Gure genealogia feministak», nola pizten da, baina, liburu hau egiteko grina?

Edurne Epele: Ideia aspalditik dagoen egitasmoa da, eta ez gugan bakarrik. Mugimendu feministan 15-20 urte daramaten emakumeen beharra da. Emagineko lantaldean, gazteak eta urte luzez mugimendu feministan zebiltzan feministak gaude. Gertatutakoa jasotzen ez bazen galtzeko arriskua ikusten zutenak batetik, eta, kontatzen zuten hori kuriositate eta interes handiaz jasotzen genuenak, bestetik. Lantalde horretan, beraz, bi behar horiek uztartu ziren.

Miren Aranguren: Bestetik, Euskal Herriko ikuspegitik halako lanik egin ez izanak animatu egin gintuen. Ordura arte, Estatu mailakoak hala akaso talde feminista zehatzen inguruko lanak zeuden. Euskal Herria bere osotasunean hartzen duen eta euskaraz egiten den lehen lana da gurea.

Sorpresa hartu duzue hala espero zenuten mugimendu feminista aurkitu duzue?

EE: Mugimendu garrantzitsu eta bizia izan zela bagenekien hasi ginenean ere, baina, inondik inora ez genuen imajinatu topatu dugun dimentsio hau. Talde feministak txokoz txoko sortzen eta desagertzen eta sortzen aritu dira azken 40 urteotan. Guk diogu txanpinoiaren efektua izan dutela; gutxien espero duzunean atera eta piztu dira taldeak. Mugimendua beti egon da oso bizi, beti egon da pentsatzen nola iritsi emakumeengana eta nola izan eraginkorrago jendartea eraldatzeko. Ez genuen uste feminismoak hainbesterako emana zuenik!

Noiz aurkitu duzue feminismoaren lehen arrastoa?

EE: Ez dago urte zehatzik, baina 1968ko maiatzaren ostean kokatu dugu feminismoaren sorrera gurean. Ipar Euskal Herrian lehenengo, bertan aurkitu baititugu lehen talde legalak, kanpora begira publikoki jarduten zutenak. Ezkerreko mugimendu indartsu horren baitan sortu ziren batetik, baina baita Ipar Euskal Herrian bizi-bizi zegoen abertzaletasunaren testuinguruan ere; ordukoak dira ikastolen sorrera, frankismotik ihes egiten zutenak babesteko mugimendua.... Estatu frantsesean erreferente feminista oso indartsua zuten gainera, abortuaren aldeko borroka; 1975ean legalizatu zen eta eferbeszentzia handiko garaia zen. Zehazki, 1972tik aurrera eta Baiona inguruan, lau edo bost talde aurki daitezke, hasiera-hasieratik haien arteko eztabaida politikoekin.

Zein eztabaida mota ziren orduko feministen kezka iturri?

MA: Subjektu politikoa, adibidez, beti izan da eztabaidagai. Feministek identitatea desberdin bizi zuten orduan ere. Are gehiago, Bidasoaren bi aldeetan subjektu politikoaren eztabaidarekin abiatzen da mugimendua bera. Militante independenteak ala bikoitzak, horixe zen eztabaidaren gakoa. Lehenen arabera, sexu zapalkuntza bere horretan klase zapalkuntza mota bat da, eta, beraz, alderdi eta eragile mistoetatik erabat autonomo ikusten zuten euren militantzia; aukera hori arbuiatuz gainera. Militantzia bikoitza defendatzen zutenek, aldiz, klase zapalkuntza eta sexu zapalkuntza bereizi eta zapalkuntza bikoitza ikusten zuten. Borroka feminista modu autonomoan garatu beharra ikusten zuten, baina baita alderdi, sindikatu edo bestelako eragile mistoetan eragitea ere. Euskal Herrian militantzia bikoitza da ikuspegi babestuena, feminismora batzen diren emakume gehientsuenak alderdi politikoetan ala sindikatuetan zenbiltzan-eta.

Klase eta sexu zapalkuntza beti eskutik hartuta joan dira.

MA: Euskal Herriko mugimendu feministak ezkerreko ikuspegia oso barneratua izan du beti. Beste herrialde batzuekin alderatuta ezaugarritzen duen zerbait da, izan ere, beste herrialde batzuetan emakume talde liberalak sortu izan dira. Hemen ez da halakorik gertatu, ez behintzat hasieran; gerora feminismo instituzionala sortu da.

Nazio zapalkuntzak ere bere isla izango zuen euskal feminismoan.

EE: Bai, eta zapalkuntza hirukoitzaren sorrera ere 1974an kokatzen da, Euskal Emazteak Bere Askatasunaren Aldeko (EBAA) militanteen artean. Gehienak alderdi politikoetan parte hartzen zuten emakumeak ziren, Euskal Gogoan bereziki, eta, klase eta nazio ikuspegiaz gain, sexu zapalkuntzaz jabetu ziren; hala, emakume ikuspegia gehitu zioten borrokari.

Feminismoaren euskal mapa osatu nahi zenuten, arantzatxo bat geratu zaizue baina.

MA: Bai, Zuberoan ez dugu deus topatu. Egituren bila joan gara, guk ez dugu emakume feministen historia bildu, eta egituraketa zehatzik ez dugu aurkitu aztertutako lau hamarkadotan.

Hego Euskal Herrian, berriz, noiz esnatu zen feminismoa?

EE: Frankismo garaian bazeuden hainbat ekintza feminista, baina, noski, klandestinitatean. Accion Catolica elkartearen lokalak, Falangeko Seccion Femenina berak antolatutako tailerrak edo banku fundazioak sustatzen zituzten kultur zentroak izango ziren ondorengo talde feministen haztegi. Gune horietan elkartu eta kezkak konpartitzen zituzten emakumeek; hasieran seguruenik senarra eta seme-alabak aipatuko zituzten, baina gerora sexualitatea, erasoak, indarkeria... ere izango zituzten hizpide. Auzo elkarteen, elizaren inguruko taldeen eta Franco hil ondoren alderdi politikoen bueltan loratu ziren lehen talde feministak.

MA: Franco hil ostean dena azaleratu eta sortzen da, mugimendu politiko guztia. Ordurako, gainera, unibertsitatera joaten hasiak ziren emakume gutxi batzuk, eta, ikasketak zituzten emakumeen artean, feminismoa bazetorren Estatu espainoletik zein Estatu frantsesetik. Horrek guztiak eragin zuen feminismoaren sorreran.

Oso heterogeneoa izan al da mugimendu feminista bere hastapenetik?

EE: Eztabaida asko izan dituen kolektibo txikia izan dela esango nuke, eta, horrek, noski, antolaketan eragina izan du.

MA: Bai, baina, aldi berean, nahiko mugimendu unitarioa izateko bokazioa izan du hasieratik. Nahiz eta talde txikietan antolatu, feministen arteko lotura handia egon da historikoki. Bereziki Hego Euskal Herrian, hiriburuetako emakumeen asanbladek bete dute funtzio hori. Batasunaren aldeko apustua egiten da eta kolore oso anitzeko emakumeak batzen dira. Modu unibertsalean zapalduta daudela ohartu eta horri aurre egiteko elkartzearen alde egiten dute emakumeek.

Noiz sortzen dira aipaturiko asanbladak?

MA: 1976an Bizkaiko eta Arabako asanbladak sortzen dira, eta 1978-1979 buelta horretan Gipuzkoa eta Nafarroakoak. Lehendabiziko biak, gainera, etenik gabe aritu dira lanean gaur egunera arte.

Zeintzuk izan ziren lehendabiziko aldarrikapenak?

EE: Hasieran, eta, Hego Euskal Herrian bereziki, amnistiaren aldarrikapena gori-gori zegoenean, feministek aldarri horrekin bat egin eta preso politiko gisa ere abortuagatik, adulterioagatik, dibortzioagatik edota lesbianismoagatik atxilotutako emakumeak aintzat hartzen hasi ziren, eta, noski, eurentzat ere amnistia eskatzen zuten. Ondoren haurtzaindegiak, planning zentroak, aborturako eskubidea, indarkeria... etorriko ziren.

Abortua, indarkeria... tamalez borrokak ez dira gehiegi aldatu.

MA: Ez, baina, batzuetan, ez dakit tamalez ala zorionez den. Abortuaren borrokak, adibidez, mugimendu feminista antolatu, sustatu eta indartu egin du bere momentu guztietan. Bai Basauriko epaiketak zirenean bai oraintsu Gallardonen lege erreformarekin. Eztabaidatzerako orduan adostasun handia lortu zuten hasieratik gorputzaren, sexualitatearen eta ugalketa eskubideen bueltan.

Emakumeek jasaten duten indarkeriaren aurkako borrokak bai eduki du garapena, ezta?

EE: Hasieran kaleko indarkeria salatzen zen bakarrik, bortxaketak, erasoak... Pixkanaka, baina, banaketekin eta bereziki banatutako emakumeen elkarteen eskutik, etxe barruan gertatzen den indarkeriaz ohartu eta jabetu ziren. Indarkeriaren egiturazko izaera hori identifikatzen eta salatzen hasten dira, eta, horren lekuko, 1984ko bigarren jardunaldi feministetan indarkeria gai zentrala izaten da.

Liburua nola antolatu duzue?

MA: Zati nagusia atal kronologikoa da, antolaketa, teoria feminista eta testuinguruari lotutakoa. Ondoren sei borroka bildu ditugu eta horien kontakizuna egiten dugu, bai diskurtsiboki bai izandako ekintza batzuena.

Zeintzuk dira borroka horiek?

MA: Abortua, indarkeria, lesbianismoa, Martxoaren 8a, lana eta enplegua, eta, azkena, “feministak plazara” deitu duguna. Espazio publikoa hartzea nola eman den aztertu nahi izan dugu, jai eremuetan, praktika artistiko feministekin, musikan, hezkuntzan, komunikabideetan...

Zein izan da liburua egiteko erabili duzuen metodologia?

EE: Hamar urte igaro dira Emagineko lantalde horren mandatua hartu genuenetik, bere geldiuneekin, noski. Hala ere, aurretik lan bat egina zegoelako izan zen guretzat abiapuntua errazagoa. 2005etik 2008ra, datu bilketan tematu ginen: artxiboak, hemeroteka, elkarrizketak... Liburua elkarrizketa pertsonaletan oinarritu dugu gehienbat; pentsa, ehun emakume baina gehiagorekin egon gara. Gerora eztabaida taldeak egin genituen, emakume batzuek besteen memorian eragiten zutela ohartu baikinen; lan dinamika polita izan zen, garaika, herrialdeka batu genituen. Orduan ez ginen gai izan ordea, bildutako guztia zerbaitetan gauzatzeko eta impasse batean geratu zen lana. Jasotako guztia itzultzeko asmoz, ikastaroak eta hitzaldiak ematen jarri ginen Euskal Herri osotik. Eta hor testigantzak biderkatu egin ziren, herri batera gindoazen bakoitzean, herri hartako asanbladan aritutako emakumeekin egiten genuen topo.

MA: Liburua ez ateratzearen arantza barruan genuen denbora tarte horretan guztian, eta, azkenean, Gipuzkoako Aldundiari esker, bilduta genuen guztiari forma emateko aukera izan dugu, ia urte eta erdiz.

Lanaren fruitua laster edukiko duzue eskuartean.

MA: Apirilaren 29an liburuaren 1.000 aleak eskuragarri egongo dira. Liburuaren aurkezpenarekin batera, erakusketa feminista irekiko dugu, apirilaren 29tik ekainaren 13ra Donostiako Koldo Mitxelenako ganbaran. Ordurako ere, egitaraua prestatzen ari gara, historia feminista biltzeko bestelako esperientziak ezagutarazteko, euskal feminismoaren inguruko solasalditxo bat egiteko... Eta erakusketako bizipen guztiekin ekaina amaieran aurkeztuko dugun dokumentala ere egingo dugu.

Zer-nolako esperientzia pertsonala izan da liburu hau egitea?

MA: Gogorra, oso dimentsio zabala hartzen du, gehiegizkoa agian, eta muga non ipini, zer kontatu eta zer ez erabakitzea izan da zailena. Genuen guztiari forma ematea, alegia. Baina oso zorioneko sentitzen naiz; emakumeekin egoteko aukera, Iparraldeko bidaiak... pasada bat izan da. Guk, gainera, militantziatik egin dugu lan hau eta gaur egun jarduteko pista asko eman dizkigu. Sekulako ikaspen prozesua izan da, hunkitu egiten duen horietakoa.

EE: Kontzientzia hartze bat izan da, zer eztabaidatu zuten, zer ekimen egin zituzten jakitea... Feminista gisa nituen kezka eta zalantzei azalpena emateko balio izan dit. Mugimendu feministan amorru batengatik sartzen zara, eta, atzera begira jarri eta ezer ez ikustetik, ez jakina izatetik, horren jabe izatera sekulako aldea dago. Hau dena izan gara! Mekaguen la Rusia! Eta zenbat izango garen! Zugan kolektibizatu egiten da indarra! Mugimendu horren parte izateak harrotasuna ematen dizu.

Lau hamarkadako ibilbidearen berri ematen duzue, egun, baina, nola ikusten duzue mugimendu feminista?

MA: Alde batetik, indartsu, bereziki zenbat emakume sentitzen garen feminista edo zenbat toki eta eremutan dauden ekimen feministak ikusita. Militantzia feminista autonomoa edo talde feministak, baina, ez ditut hain indartsu ikusten. Ez dut uste feminismoarekin lotutako hausnarketa denik bakarrik, badira urte batzuk mugimendu sozialetan antolaketa ereduen, militantzia ereduen edota interesen aldaketa eman denetik. Nik sinisten jarraitzen dut, noski, talde feministek eragin ditzaketen eraldaketetan, baina ez dakit antolatuta ez dauden emakumeek horretan sinisten ote duten. Erronka handia dugu mugimendu feministan, batetik, politikoki gure eraginkortasuna handitzeko, eta, bestetik, antolaketa ereduak berraztertzeko.

EE: Egia da antolatzeko eta elkartzeko modua aldatu egin dela, baina 40 urteko ibilbidea aztertu ostean konfiantza ematen dit talde feministek eman duten guztia aldagarria ez dela esateko. Taldeen inguruko oso oroitzapen onak dituzte elkarrizketatu ditugunak, oso giro goxoa, babesa, protagonismoa, erokeria... Egia da egun antolaketa feminista ez dagoela bere onenean, egun feminismoa ere beste lekuetatik dator-eta, masterretatik, akademietatik... Talde feminista batek ematen dizuna, gaur, atzo eta gero, beti izango da oso-oso baliagarria, bizi esperientzia izugarria eta aldaketarako tresna oso indartsua. Eta ilusio hori kutsatu egiten da eta horrek konfiantza ematen dit.

Finantzaketa kanpaina abiatu duzue liburua editatzeko.

MA: Liburua autoeditatu egin dugu, alea aurrez erosteko crowdfunding kanpaina baten bidez; konfiantza keinu bat da. Ekarpenak ere egin daitezke, aurkezpen ekitaldien truke. Oso pozik gaude, poztekoa da liburua usaindu gabe erostea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.