martes, 10 de marzo de 2015

#hemeroteka #islamofobia | Brigitte Vasallo eta Hajar Samadi: «Errazagoa da kalera biluzik ateratzea beloarekin baino»


Brigitte Vasallo eta Hajar Samadi. Kazetaria eta Bidaya emakume musulmanen elkarteko kidea. «Errazagoa da kalera biluzik ateratzea beloarekin baino»
Azken hilabeteetan berriz piztu da emakume musulmanen janzkera arautzeari buruzko eztabaida, Gasteiz inguruan batik bat. Islamofobia generoaren ikuspegitik aztertu dute Vasallok eta Samadik.
Asier Garcia Uribarri | Berria, 2015-03-10

«Islamofobia instituzionalizatu egin da». Argi hitz egin du Hajar Samadik (Larache, Maroko, 1986), Bidaya EAEko emakume musulmanen elkarteko kideak. Brigitte Vasallo idazle eta kazetariarekin (Bartzelona, 1973) batera, Islamofobia eta genero ardatza hitzaldia eskaini zuen joan den astean, Gora Gasteiz plataformak gonbidatuta. Azken hilabeteetan, emakume musulmanen janzkera arautzeari buruzko eztabaida berpiztu da hiriburuan. Erasoen aurka, islamofobiaren aurkako plataforma bat sortu beharra azaldu du Samadik.

Zergatik da beharrezkoa islamofobia generoaren ardatzetik aztertzea?

HAJAR SAMADI: Garrantzitsua da gai hau lantzea, oraindik ez dugulako emakume musulmanek pairatzen dituzten erasoak salatuko dituen plataformarik. Badaude arrazakeria eta tolerantziarik ezaren aurkakoak, baina emakume musulmanok baditugu arazo berezi batzuk, erantzunik jasotzen ez dutenak. Horregatik da garrantzitsua gaia lantzea eta gainera zer datorkigun jabetzea, ekintzetara pasatzeko. Islamofobia instituzionalizatu egin da.

Zein da, oro har, emakume musulmanen egoera gaur egun?


BRIGITTE VASALLO: Ezin zaio galdera horri erantzun. Munduan 1.700 milioi musulman bizi dira, eta erdiak emakumeak dira; ez dago egoera bakarra: alde ikaragarria dago Iraken bizi den emakume musulman aberats baten eta New Yorkeko emakume musulman beltz pobre baten artean. Ardatz guztiak aztertu behar dira, zapalketak gurutzatzen baitira.

Gainera, andre musulmanez jardutean, Mendebaldea deitzen dugun horretatik kanpo egongo balira bezala hitz egiten dugu. Baina Europan ere emakume musulmanak daude; bertakoak dira, eta horrela izendatu behar ditugu. Guk jarritako atzerritar marka kendu behar diegu. Bidegabea, ez-erreala eta behargabekoa izateaz gain, diskurtso islamofoboak elikatzeko baino ez du balio.

Islamaren irudi maskulinoa jasotzen dugu kanpotik. Zenbateraino da erreala irudi hori?

H. S.: Gauza bat argi utzi nahi dut: munduko emakume guztiak sistema patriarkalaren menpean gaude, musulmanak izan edo ez. Baina emakume musulmanen inguruan hitz egiten denean, arazoa beti da islama. Mendebaldean errealitatea sinplifikatu egiten da, eta erru guztia musulman matxista bizardunena da. Baina diskurtso errukior horiekin ez dugu inongo arazorik konponduko. Jakin beharko genuke zer dagoen diskurtso horien atzean, baina, horretarako, nazioarteko politika gaietan sartu beharko genuke.

Islamaren barruan, badaude hainbat mugimendu feminista. Deigarria da feminismoa eta erlijioa batzea.

H. S.: Mendebaldeko feminismoa oinarritzat hartzen badugu, bai, deigarria da, laikoa edo ateoa delako. Nik Mendebaldeko feminismoa ezagutu aurretik, ez nuen neure burua batere identifikatzen horrekin, erlijioarengatik. Baina hurbiltzean eta jendea ezagutzean, ikus daiteke helburuak berak direla. Kontuan izan behar da herrialde ezberdinetako emakumeak oso pluralak garela eta testuinguru sozial eta politiko oso ezberdinetatik gatozela. Hasi behar dugu ezberdintasun horiek gainditzen. Herrialde musulmanetan emakumeen mugimenduak daude, oso arruntak dira eta ez dute kontraesanik erlijioarekin. Ni musulmana naiz, eta parekidetasunean sinesten dut. Niretzat, islama ahalduntzeko tresna inportantea da.

Azken hilabeteetan, belo osoaren inguruko eztabaida piztu da. Gasteizko autobus gidari batek ez zion autobusera igotzen utzi halako bat zeraman emakume bati; horren harira, hedabide batzuek beloaren eta segurtasun faltaren arteko lotura egin dute. Zer uste duzue horri buruz?

H. S.: Ertzain batek emakume bat identifikatu zuen, listo. Albiste mota horren arazoa da ez dagoela berririk. Sortu egin nahi zuten. Zinismoa eta hipokrisia ikaragarria da. Ertzainak argazkilari batekin patruilatzen ari ziren segurtasun arrazoiengatik? Mesedez. Arazoa hori da, segurtasunarekin lotuta egongo balitz bezala saltzen digutela, baina ez da horrela. Gai horiek beste era batera lantzen dira. Helburua gatazka sortzea da. Denok dakigu zer gertatzen ari den, ez gara inozoak.

Zer egin daiteke diskurtso horiei aurre egiteko?

H. S.: Hor dago koska. Nire proposamena da islamofobiaren aurkako plataforma bat sortzea. Gai hauek ahal bezain laster lantzen hasteko. Dena oso azkar gertatzen ari baita, ez bakarrik Gasteizen, baita munduan ere. Ideia horiek pertsonen buru eta bihotzean sartzen ari dira. Hainbat klixe daude, eta jendeak klixe horien arabera eraikitzen ditu harremanak. Horregatik, oso garrantzitsua da guztiok bat egitea. Horren adibide bikaina da Gora Gasteiz.

Badira belo osoa emakumearen zapalkuntzaren sinbolo gisa hartu eta hori debekatzeko eskatu dutenak, tartean Clara Campoamor talde feminista.

B. V.: Ni Hajarrekin bat nator. Aliantzak egin behar ditugu. Hau ez da emakume musulmanen aurkako erasoa. Hau autobus gidari baten ustez —zeinek daki zergatik— arriskutsua den pertsona baten aurkako eraso prebentiboa da. Disidentziaren kriminalizazioa da. Gure gizartean belo osoa edo beloa eramatea disidentzia ekintza baita. Nik uste dut disidentzia guztiek bat egin beharko luketela, eta emakume horiek txalotu beharko genituzkeela. Norbera den moduan izateko adore eta tema handia behar baita beloarekin kalera ateratzeko. Ez da soilik emakume musulmanen aurkako erasoa. Hiri eta lege eredu oso arriskutsua sortzen ari dira halakoen bidez.

Clara Campoamor elkartearen eskaerari dagokionez, bi aukera ditugu: alde batetik, debekua dago; eta, bestetik, ongiaren aldeko aukera dago. Hau da: «Hezi ditzagun; horrela lortuko dugu eurak jabetzea». Kasu honetan, jabetzea beloa kentzea da. Baina benetan egin beharko genukeena da "Nire gorputza, nire legeak" leloaren alde borrokatu. Norberaren gorputza norberarena delako, eta nahi duena egin dezakeelako berarekin: abortatu, umeak izan, beloa jarri edota biluzik ibili. Egun, errazagoa da kalera biluzik ateratzea beloarekin baino.

Hala ere, oso zabaldua dago belo osoa emakumearen zapalkuntzaren irudi gisa.
H. S.: Beloa erlijio eta kultura askok erabiltzen dute. Euskal jantzi tradizionaletan, adibidez. Kasu horretan zerbait polit dela ikusten da; kulturala da, inork ez ditu zapaltzen. Ama Birjina ez doa minigonarekin: beloa darama. Baina inork ez du esango zapalkuntza tresna dela. Neurtzeko bi modu daude. Musulmanak zapalduak gaude, baina mojak sinestunak dira. 

ESTEKA
http://www.berria.eus/paperekoa/1761/004/001/2015-03-10/errazagoa_da_kalera_biluzik_ateratzea_beloarekin_baino.htm
> 
Y TAMBIÉN...
Islamofobia de barra de bar. En respuesta a Rafael Reig

Creo en un feminismo descolonizado e interseccional. Eso significa que mi mirada sobre las mujeres y sobre nuestra situación en el mundo incluye todos los ejes de la diversidad y de la opresión
Brigitte Vasallo | El Diario, 2015-03-11
http://www.eldiario.es/zonacritica/Islamofobia-barra-respuesta-Rafael-Reig_6_365423483.html
A Brigitte Vasallo
Con feministas así, ¿quién necesita machistas?
Rafael Reig | El Diario, 2015-03-09
http://www.eldiario.es/cartaconpregunta/Brigitte-Vasallo_6_364723568.html

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.