jueves, 9 de julio de 2015

#hemeroteka #heterosexismoa | Javier Saez del Alamo. Soziologoa: «Ikuspuntua heterosexuala da beti»

Javier Saez del Alamo. Soziologoa: «Ikuspuntua heterosexuala da beti» Hedabideen ikuspegi «heterozentratua» aldatu beharraz mintzo da Saez del Alamo aktibista: 'www.hartza.com' aldizkari digitaleko editorea da gaur egun.
Eneritz Dueso | Berria, 2015-07-09
http://www.berria.eus/paperekoa/2250/023/002/2015-07-09/ikuspuntua_heterosexuala_da_beti.htm

EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetan izan da, Donostian, Javier Saez del Alamo soziologo eta aktibista queer-a (Burgos, Espainia, 1965). «Matrize heterosexualak» hedabideetan duen lekua agerian utzi nahi izan du bere hitzaldian.

Hedabideetan ikuspuntu heterosexuala erabiltzen al da?

Bai, asko. Heterozentratua dela esango nuke. Erreferentzia esparru orokorra beti da heterosexuala, nahiz eta halakoa dela esan ez. Ezkutatu egiten da. Hedabideetan ez da heterosexualitateaz hitz egiten, baina aurkezten dizkiguten pertsonek, bikoteek, irudiek, atzean aurresuposatutako heterosexualtasun bat dute. Esparru heterozentratu hori argitara ateratzean datza gaurko [atzoko] hitzaldia. Gaur egun, badira gayak telesailetan, baita lesbianak ere. Baina, pertsonaia horiek jokamolde oso heterosexuala dute: ezkonduta daude, oso formalak dira, leialak dira. Esparru heterozentratua erreproduzitzen dute. Ez dago egiazko aniztasunik.

Eta aldizkari espezializatuez zer iritzi duzu?
Ia denak desagertu dira Espainian. Bada oraindik doakoa den baten bat, Shangay esaterako, baina, azken batean, lurrinei buruzko publizitatea baizik ez dakar. Pikara Magazine ere badago, eta gustuko dut haien lana, ikuspuntu ezberdina duelako. Ostera, itsas zabalean irla bat baizik ez da.

Sexu berekoen ezkontzei buruz munduan egindako azken erreferendum eta legeztatzeak bolo-bolo dabiltza.
Bai, eta ondo iruditzen zait, baina, eztabaida nekagarria da. Ezkontzaren kontu horrekin, sustatu egiten da soilik gizonak eta emakumeak daudelako ideia, familiaren ideia, ugaldu behar dugulako kontua. Balio horiek guztiek ukitu ere ez dira egiten. Horrek ez du eragiten homofobia, lesbofobia, transfobia desager dadin.

Aniztasuna ikusgarri egiteko zer egin beharko lukete orduan hedabideek?

Ikuspegi heterozentratua dutela onartu. Gero, hori zalantzan jarri, eta albo batera utzi. Lengoaia ere aldatu beharko lukete, sexualitate aniztasun hori erakusteko. Gutxiengo sexualetako pertsonek ere hitz egin beharko lukete, diskurtso propioak, praktikak, eta abar eraikitzeko.

Nola aldatu hedabideak gizartea nahikoa aldatu ez bada, eta nola alda dezakete hedabideek gizartea?
Hedabideak generoaren teknologietako bat dira, eta aipatutako esparru orokor horren barruan daude, Judith Butlerrek «matrize heterosexual» deitutako horretan. Komunikabideek heterosexualiatea nahitaezko duen tradizioa jaso dute oinordetzan, mundua ikusteko modu bakarra balitz bezala. Aldi berean, berriak zabaltzean, matrize hori erreproduzitu egiten dute. Atzeraelikadura bat dago matrize heterosexualarekiko. Hori zalantzan jartzea gai tabua da.

Gizarte gaietan jartzen omen dira maiz politikan beharko luketen generoarekin lotutako albisteak.
Generoarekin zerikusia duten borrokei garrantzia kentzen diete. Feministek askotan kritikatu dute hori, eta pertsonala ere politikoa dela aldarrikatu. Gutxiengoen sexualitateak politika eraldatzeko duen gaitasuna gutxiesten dute komunikabideek. Alderdi politikoetan ere, baita ezkertiarretan ere, ez dute uste gutxiengo sexualen eta genero gaien kontuak transformatzaileak eta politikoak direnik. Nire iritziz, lehen postua beharko lukete agenda politikoan.

Analisi psikoanalitikoa ere egin nahi izan diozu gaiari.

Duela urte batzuk idatzi nuen Teoría queer y psicoanálisis lanean, queer aktibisten eta psikoanalisten artean zegoen eztabaida argitara ematen saiatu nintzen. Psikoanalisia, Freudena eta Lacanena behintzat, batzuetan subertsiboa da. Haiek ez dute normaltasun ideian sinesten. Subertsio hori borroka politikoetarako edo feministetarako erabilgarri izan zitekeela pentsatu nuen: psikoanalisiaren parte subertsibo hori erreibindikatzen dut.

Eta zer da www.hartza.com aldizkari digitala?
1995 aldera sortu nuen, gay eta lesbianei buruzko lanak Interneten zabaltzeko. Jende askorentzat erreferentzia izan zen. Zaharkiturik dago, webguneen arkeologia moduko bat da: duela hogei urte Internet nolakoa zen jakin nahi duenak [barrez] hortxe dauka eredua. Eta garaiko mugimendu erradikalen arkeologia bat ere bada.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.