jueves, 29 de junio de 2023

#hemeroteka #lgtbi #ekainak28 | Faxismoa eta «zuriketa arrosa» salatu dituzte kalean

Jendetsua eta koloretsua izan zen Gasteizen egindako manifestazioa //

Faxismoa eta «zuriketa arrosa» salatu dituzte kalean

LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean mobilizazioak egin dituzte. Bilbokoan, mugimenduaren «izaera antikapitalista» nabarmendu dute
Gotzon Hermosilla | Berria, 2023-06-29
https://www.berria.eus/paperekoa/1925/004/001/2023-06-29/faxismoa-eta-zuriketa-arrosa-salatu-dituzte-kalean.htm

Berriro ere, LGTBI mugimenduak kalera jo du ekainaren 28a kari, eta, harrotasuna eta komunitatearen eskubideak aldarrikatzeaz gain, bi mezu nagusi plazaratu ditu: erakundeek bultzatzen duten «zuriketa arrosa» salatzea, eta faxismoaren oldarraldiari buru egiteko beharra nabarmentzea.

Bilbon, ‘Pinkwashing-ak itotzen gaitu, transmaribollo antolakuntza’ goiburupean egin zuten manifestazioa. Instituzioek egiten duten pinkwashing-a edo «zuriketa arrosa» salatu zuten, eta, esaterako, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak antolatu dituen ekitaldietan parte ez hartzeko deia egin zuten, «mugimenduaren borroka monopolizatu eta hortik etekin ekonomikoa atera nahi duen marka instituzionala» delakoan.

Manifestazioa Zabalburu plazatik abiatu zen, eta San Frantzisko auzoa zeharkatu zuen, handik udaletxerantz egiteko. «Inor ez da ilegala», «Harrotasuna ez dago salgai» eta antzeko oihuak etengabeak izan ziren mobilizazio osoan.

Manifestazioaren amaieran irakurritako agirian, ekainaren 28a «borrokarako eguntzat» jo zuten, eta mugimenduaren izaera antikapitalista nabarmendu zuten: «Gure harrotasuna Poliziaren aurkako protesta antifaxista eta antikapitalista bezala jaio zelako, gure aldarrikapenak kapitalarentzat onargarria eta komenigarria den arrosa kolorean ito nahi dituztenen aurka egin nahi dugu modu argian».

Gasteizen, ‘Zaindu dezagun elkar faxismoaren kontra’ lelotzat hartuta egin zuten manifestazioa. Donostian eta Iruñean ere egin zituzten mobilizazioak. Ipar Euskal Herrian, berriz, larunbatera aurreratu zituzten LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunaren ekitaldiak.

Erakundeak eta alderdiak
Ekainaren 28a dela eta, erakunde gehienek bat egin dute LGTBI kolektiboaren eskubideen aldeko aldarriarekin. Eusko Legebiltzarrean, legebiltzarkideek elkarretaratzea egin zuten egoitzaren aurrean, ‘Eskubideen eta aniztasunaren alde’ lelopean. Vox ez beste alderdi guztietako ordezkariak egon ziren han. Nafarroako Gobernuak eskubide horien alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du, eta Maria Txibite lehendakariak «atzerapausorik» ez emateko deia egin du.

Eusko Jaurlaritzaren Berdindu zerbitzuak «eraso homofoboak» salatu ditu, eta, bereziki, duela gutxi Villabonan (Gipuzkoa) eta Ortuellan (Bizkaia) gertatutakoak gogorarazi ditu.

Halaber, «albiste onak» ere nabarmendu nahi izan ditu Berdinduk, eta, horien artean, Espainiako trans legea onartu izana goraipatu du.

EAJren izenean, Iñigo Iturrate legebiltzarkideak esan du bere alderdiak «pertsona guztien aniztasuna, askatasuna eta giza eskubideak» aldarrikatzen dituela.

EH Bilduk, berriz, konpromisoa berretsi du «eskuindarrek aldarrikatzen duten gorrotoaren eta eskubideetan atzera egitearen aurka», Bel Pozueta Espainiako Kongresuko diputatuak esan duenez: «Politika publiko integralak eta sendoak sortzeko konpromisoa hartzen dugu euskal jendartearekin, ikuspegi feministan eta LGTBIn oinarritutako zerbitzuak garatzeko eta babes kolektiboko mekanismoak ezartzeko bideak irekitzeko».

PSE-EEk sare sozialen bidez egin du bat ekainaren 28ko aldarrikapenekin, bereziki «beldurrik eta murrizketarik gabe bizitzeko eta aske izateko» aldarriarekin. Ahal Dugu-k eskuin muturretik datozen gorroto diskurtsoez ohartarazi du: «Hotzikara ematen dute».

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.