miércoles, 28 de junio de 2023

#hemeroteka #lgtbi #ekainak28 #festak | Orio Harro taldeak kolorez eta askatasun aldarriz bete ditu San Pedro jaiak

Orio Harro tadeak jaien hasiera eman du //

Orio Harro taldeak kolorez eta askatasun aldarriz bete ditu San Pedro jaiak

Aiora Larrañaga Solaberrieta | Urola Kostako Hitza, 2023-06-28

https://urolakosta.hitza.eus/orio/1687979185740-orio-harro-taldeak-kolorez-eta-askatasun-aldarriz-bete-ditu-san-pedro-jaiak

Orioko LGTBIQ+ kolektiboko kideek eman diete hasiera San Pedro jaiei, eta "festetaz gozatzeko eta elkar errespetatzeko" deia egin dute.

Gaur LGTBIQ+ kolektiboaren nazioarteko eguna da, eta Orio Harro taldeak eman die hasiera sanpedroei. Ez ohikoa izan da ekitaldia, kolorez, musikaz eta askatasun aldarriz bete dutelako sanpedroen hasiera. Gainera, Pello eta Nikolasa erraldoiak ortzadarraren koloreekin apaindutako lepokoekin atera dira kalejiran, eta Salatxo abesbatzako kideek ere keinu berezia egin diote Orio Harro taldeari, koloretako zapiak jantziz eta Orioko ereserkiaren ondoren kolektiboaren ikur den abestia kantatuz. Orioko banderarekin batera LGTBI kolektiboaren bandera ere igo dute aurtengoan udaletxeko balkoian.

Autokritikarako bidea ere eman nahi izan dute Orio Harroko kideek hitzartzean. "Kolektiboaren aurkako eraso dezente izan dira, aurretik antolatutakoak. Gainera, egunerokotasunean ere bizitzen ditugu hainbat zapalkuntza eta gorroto ekintza", salatu dute. Horregatik, herri bezala "hausnartzeko beharra" dagoela adierazi dute. "Ikasketa prozesu bat da eta bidea pixkanaka elkarlanean egin nahi dugu: herritarrok, hezkuntza zentroek eta udalak". Hala, jaietan "epaiketa gutxiago eta elkar zaintza gehiago" egon dadila aldarrikatu dute. "Zaintza denon ardura da eta ez dugu onartuko bazterkeria edo tratu oldarkorrik, ezta aurrez aurreko eraso edo jarrera pasiborik ere. Gozatu jaietan eta elkar errespetatu, denok ditugun aurreiritziak zalantzan jarriz eta hausnarketarako ariketa eginez", deia egin dute.

"Gora identitate eta sexu askapenerako borroka!" aldarrikatuz eman diete hasiera jaiei. Orduantxe lehertu da festa Orioko plazan eta kolorez bete du LGTBIQ+ kolektiboak herria.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.