jueves, 3 de marzo de 2016

#hemeroteka #binarismoa | Identitateak

Identitateak.
Samara Velte | Berria, 2016-03-03
http://www.berria.eus/paperekoa/1777/020/002/2016-03-03/identitateak.htm

Jurik hiru urte ditu, eta ez daki neska edo mutila den. Etxean ez diote inoiz horretaz hitz egin (zertarako?), eta berak ez du inoiz galdetu. Egun batean, medikuarengana eraman dute: haurraren garapen egokia neurtzeko balio behar duen proba sorta bat egin diote han. «Jaso besoa soinua aditzen duzunean»; «Ukitu sudurra begiak itxita»; «Bilatu desberdina den figura»... eta, azken galdera, ia oharkabean: «Neska edo mutila zara?». Jurik amari begiratu dio zalantzati. Hark sorbaldak jaso ditu: «Ez dakit. Zer zara, Juri?». Haurra pentsakor geratu da une batez. Gero medikuari erantzun dio: «Katu bat naiz».

Egiazko istorioa izatearen ederraz gain, heldu guztiontzako lezioa da Juriren erantzuna. Emakundek haurrengan jarri du arreta aurtengo Martxoaren 8ko kanpainan: haiei egunero helarazten dizkiegun mezu sexisten inguruko eztabaida piztu asmo du. Bistan da mutiko bati «Ez egin negar neska txiki batek bezala» esateak ez duela mesederik egiten, ez haur horrek bere burua onartzeko bidean, ez eta neska txikiez ematen den irudian ere. Baina akaso galdera ez da hainbeste nola baztertzen ditugun neskak eta nola mutilak; akaso galdera da zergatik tematzen garen neskak eta mutilak sortzen, egun batean katu, beste batean koala eta beste batean izar izan nahi dutenengan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.