viernes, 3 de febrero de 2017

#hemeroteka #eliza #pederastia | Euskaldun onaren traizioa

Irudia: Google Imágenes / Juan Kruz Mendizabal ezkerrean
Euskaldun onaren traizioa.
Amaia Portugal | Irutxuloko Hitza, 2017-02-03

http://irutxulo.hitza.eus/2017/02/03/amaia-portugal-euskaldun-onaren-traizioa/

Ia hilabete joan da Juan Kruz Mendizabalek gutxienez hiru gazteri sexu abusuak egin zizkiela jakin genuenetik (ez naiz Eliza Zuzenbidean aditua: ustezko esan behar al da, benetako auzitegi baten sententziarik ez dagoelako? Baina Jaungoikoak epaitu eta zigortu du, ala?). Lehen uneko kolpearen ondoren barealdia etorri zitzaidan, baina Berriak igandean argitaratu zuen erreportaje sorta bikainak berriz astindu dit barrena.

Albisteak zirrara handia eragin zidan. Lanean ari nintzen, eta teletipo batek salto egin zuen ordenagailuko pantailan: Juan Kruz Mendizabal… Eta ni buruari bueltaka, ea izenarekin erratuta nengoen, ea Kakuxen izen-deiturak ez ote ziren beste batzuk. Gipuzkoak dituen elizgizon guztien artean nor, eta Kakux? Nola liteke? Munillaren esku beltza irudikatu nezakeen erraz honen atzean, baina zalantzek ez zuten askorik iraun.

Oiloipurdia jarri zitzaidan, Eskaut udalekuetako gaztearen kasuarekin. Are gehiago, 1994an izan zela irakurri nuenean: nik neuk ere urte hartan ezagutu nuen Kakux, Etxarri Larraungo udalekuetan, igandean meza ematera etorri zenean. Beste edozein apaiz sermoilari izan balitz, ziurrenik ez nuen gogoan izango, baina egia da, Kakux desberdina zen. Gertukoa. Gertukoegia, orain bistan denez.

Zenbat haur ez ote garen pasa Etxarri Larraundik. Zenbat, Xirimiri Gazte Taldetik. Parte Zaharreko San Bizenteko parrokiatik. Groseko San Ignaziotik… eta hori, Donostiari buruz bakarrik ari garela. Lagunartean hitz egin dugu gaiari buruz azkenaldian, eta deigarria da ikustea zenbatek ezagutu dugun Kakux. Deigarria da ere, zeinen gogoangarria den, zeinen erraza den hura oroitzea. Oiloipurdia berriz.

Kakux euskalduna eta euskaltzalea izateak barrenean zerbait hautsi digulakoan nago (Loretope honetatik ere idatzitakoa baita!). Euskaraz egiten didan tabernariari, dendariari, arreta zerbitzuko langileari, konfiantza punttu bat gehiago ematen badiot, nola ez zait ba zerbait hautsiko, apaiz euskaldun eta euskaltzalearen traizioarekin? Euskalduna zintzoa baita gure imajinario kolektiboan. Munillak prentsaurrekoan beste edozeinen izena esan izan balu (esango al zuen? Esango al du? Horra hor beste galdera), desberdina izango zen. Baina Juan Kruz Mendizabal… hau murtxikatu egin behar izan dut aurrena.

Ironia, haurrak santa eskean ateratzear dira… Beranduegi da, baina eskatzekotan, justizia eskatuko nuke nik. Eta haur izan ziren biktima horiek ez daitezela lotsatu, ez daitezela kikildu. Kanta dezatela gogoz. Baina benetako epaile baten aurrean, otoi.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.