domingo, 11 de junio de 2017

#hemeroteca #testigantza | Joseba Verdugo, LGTBI mugimenduan militante: "Herrian armairu bat erretzea ekintza sinbolikoa baino gehiago izan zen

Irudia: Argia / Joseba Verdugo
Joseba Verdugo [LGTBI mugimenduan militante]: "Herrian armairu bat erretzea ekintza sinbolikoa baino gehiago izan zen".
Joseba Verdugo Goikoetxea naiz, 26 urteko garestarra. 10 urte daramatzat LGTBI mugimenduan militatzen eta Lugatibe kolektiboko kide naiz.
Eider Madina Berasategi | Argia, 2017-06-11
http://www.argia.eus/argia-astekaria/2557/joseba-verdugo-lgtbi-mugimenduan-militante

16 urte nituela hasi nintzen astero-astero autobusez herritik Iruñera joan eta orduko Kattalingorriko kideekin elkartzen, sekulako liberazioa izan zen niretzat. Norberak bere bizipenak zituen, adin eta ikuspuntu desberdineko jendea elkartzen ginen.

Ordutik hainbat aldaketa ikusi ditut; 2011n antzeko ideologia genuen talde bat elkartu eta Lugatibe sortu genuen: Iruñeko gazte transmarikabollo eta queer asanblada da, apolitikoa eta era autogestionatuan lan egiten duena.

Militantziak, aldarri politikoaz gain, babesa, sarea eta lagun taldea eman dizkit; eta bizitzako une garrantzitsu asko. Duela zenbait urte, herriko plazan, bertako talde feministarekin armairua erre genuenekoa datorkit burura, berezia izan zen, ekintza sinbolikoa baino askoz gehiago. Izugarri lagundu zidan ahalduntze prozesuan, herrietan etxeko ezkutalekutik kalera ateratzea pauso handia da.

Azken bi urteetan nabaritu da aldaketa Nafarroan, inplikaziorik ez zuten erakundeek LGTBI kolektiboekin harreman zuzena izan duten heinean. Horren adibide dira iaz abiatu zen Kattalingune arreta zerbitzua, maiatzean ireki berri den sexu eta genero aniztasunen unitate administratiboa edota hilabete honetan onartuko den LGTBI Foru Legea.

Hori guztia eskertzekoa da, protokoloak eta legeak alde izatea abantaila delako, baina tentuz ibili behar dugula iruditzen zait, ezin gara erlaxatu eta kalea ahaztu. Lege eta eskubideak irabazi bezala gal daitezke eta sarri ez dira nahikoa izaten. Indarkeria matxistaren aurkako legea, adibidez, lorpena izan zen, baina argi dago hutsune asko dituela. Lugatibekook distantzia apur bat hartu dugu, azken mendeetan gure kontra aritu diren botereez ez baikara erabat fio.

Nerabezaroan Iruñeko dantzaleku batean musuka ari nintzela, irainak, listua eta izotzak jaurti zizkidaten. Orduan ez nuen oraingo tresnarik ezta babes sarerik ere, eta lokaleko atezainak gu bota gintuen istiluen sortzaile izatea argudiatuta.

Badirudi ordutik gauzak aldatu direla, baina orain urte eta erdi, mehatxuka eta irainka hasi zitzaigun mutil gazte talde bat Iruñeko Alde Zaharrean ekintza berdinarengatik. Erantzuna bestelakoa izan zen, Lugatibeko kideekin ginen eta denok elkarri musuka hasi ginen. Mehatxuka jarraitu zuten baina kaleko jendearen babesa jaso genuen eta alde egin zuten. Foruzainen aurrean salatzea erabaki genuen, tratua egokia izan zen, baina agenteak ez zuen jakin halako eraso baten aurrean nola jokatu eta talde erlijioso edo etnikoen kontrako eraso gisa sailkatu zuen gurea. Horregatik uste dut, babes juridikoa beharrezkoa izan arren, babes soziala sustatzea ere garrantzitsua dela.

Ezagutzen ez ditudan hiri eta lekuetan ez naiz seguru sentitzen. Konfort eremuetan ibili ohi gara, burbuilan mugitzea errazagoa delako. Gaindituta dagoela ikusarazi nahi dute, baina ez da egia, asko dago egiteko. Homosexualitatearen hiriburutzat dugun Madrilen, intentsitate ezberdineko eraso homofoboak egunero gertatzen dira.

Ildo horretan, mundu osoan zabaltzen ari den eskuin muturraren gorakadak beldurtzen nau. Arrazakeria, homofobia eta matxismoa berrindartzen ari dira. Hazte Oír erakundeko autobusa adibide garbia da, neomatxismoa indarra hartzen ari da eta atzean babes erlijiosoa, politikoa eta ekonomikoa ditu.

Autokritika kolektiboa egin behar genuke. Gay mugimenduan despolitizazioa nabari da, pinkwashingaren bidez LGTBIaren instrumentalizazioaren aroan sartu gara eta horri kapitalismoak euro ibiltari gisa ikusten gaituela gehitu behar zaio. Enpresek merkatu handia ikusi dute eta Harrotasunaren Eguna horren gorazarre bihurtu da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...