jueves, 30 de abril de 2015

#hemeroteka #feminismoa | Feminismoen kronika bizi bat

Irudia: Berria
Feminismoen kronika bizi bat
Euskal Herriko mugimendu feministaren azken 40 urteotako historia jaso du Bilgune Feministak, 'Gorputz_grafiak' erakusketan: kale ekitaldien kartelak, fanzineak, argazkiak... Askotariko euskarrien bidez, tinko dirauen borrokaren erradiografia bizia osatu dute.
Saioa Alkaiza Guallar | Berria, 2015-04-30
http://www.berria.eus/paperekoa/1861/038/001/2015-04-30/feminismoen_kronika_bizi_bat.htm

Euskal Herriko Mugimendu feministaren ibilbidea irudikatzea. Horra hor Euskal Herriko Bilgune Feministako lantalde batek bere buruari jarritako erronka. Zortzi urte pasatu dira geroztik. Bitarte horretan, elkarrizketak egin dituzte, materiala batu dute, eta, batez ere, hutsunez beteta zegoen historiaren pasarte ilunak argitzen saiatu dira. Emaitza: “Gure genealogia feministak. Euskal Herriko Mugimendu Feministaren kronika bat” liburua, 1960ko hamarkadatik aurrera egindako borroka, saio, jardunaldi eta eztabaida asko biltzen dituen pieza mardula. Baina ez dute hori bakarrik sortu. Izan ere, argitara emandako pasarte horiek ardatz, “Gorputz_grafiak” erakusketa zabaldu dute Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Horren barnean, sei ekintza antolatu dituzte maiatz eta ekainerako: mahai inguruak, tailerrak, hitzaldiak...

“Bollerak kalera ta txirlak ahora!”, “Opus Dei erreko degu!”, “Inor ez da ilegala!”, “Lesbiana naiz eta harro nago!”, “Gora borroka feminista!”... Horiek dira kulturuneko paretetan boligrafoz zein espraiz izkiriatutako aldarrietako batzuk. Azken finean, feminismoen aniztasuna erakutsi nahi izan dute Iratxe Retolaza, Edurne Epelde eta Miren Aranguren antolatzaileek. Atzera begirako bat osatu dute, aurrera begiratzeko asmoz. Horixe azpimarratu du Retolazak. Bi funtzio ikusten dizkio eratu duten lanari: batetik, «erradiografia historikoa»; bestetik, pentsamendu feminista garatzeko «formazio tresna» dela uste du.

«Beste historia batzuk irakurtzen ditugu, baina gure historia ez». Hori da Retolazak gidatutako irakurle taldeko partaideen artean sortutako kezka: hutsunea euskal feminismoen informazioan. Eta haiek bezala, hainbatek ikusten zuten. Orain, bilketa lan hauek direla medio, urteetan eizndako sinergiak, aldaketak eta hausnarketak definituago daudela diote.

«Erakusketa militantzian oinarrituta eta orduak sartuta atera den proiektua izan da», azaldu du Arangurenek, ez baita makala osatutakoa. Banakako zein taldekako elkarrizketak egin dituzte, materiala metatu dute, eta ekainean kaleratuko duten ikus-entzunezko batekin dabiltza buru- belarri, besteak beste. Horrez gain, historiaren ertz guztiak borobiltzen saiatu dira.

Hasiera-hasieratik dokumentatu dute dena. 1973a izan zen mugarria. Ipar Euskal Herriko hainbat emakume antolatzen hasi ziren ezker mugimenduetatik autonomoak ziren taldeetan. Urtebete geroagp heldu zen hautsak harrotuko zituen manifestua: “Euskal Emazteen Panfletoa”. Hor, mugimendu politiko abertzaleetan eta euskaldunetan sentitutako erabakitze ahalmen eskasa salatu zuten, besteak beste. Paraleloki, puztuz zihoan nor bere buruarengan erabakitzeko eskubidearen aldeko borroka, abortatzeko eskubidearen aldeko mugimenduari esker. Hala, zenbait talde feminista eratu zituzten Nafarroa Behereko herri batzuetan zein Baionan.

Hego Euskal Herrian, baina, klandestinoagoa izan zen dena, ezkutuagoa eta berantiarragoa. Franco hil arte ez zuen arnasa hartu ia. Aurretik, bestelako talde eragileetan sartu ziren feministak: auzo elkarteetan, esaterako. Diktadoreari lur eman ostean, berriz, amnistiaren aldeko aldarriak, sexualitate askeak eta abortatzeko zein bereizteko eskubideen aldarriak indartu ziren.

Emakumeak, emakumea?
Pauso berean mugitzen ez ziren Iparraldea eta Hegoaldea 1977an batu ziren, Leioan (Bizkaia), Euskal Herriko I. Jardunaldi Feministak egiteko. Gaiak: masturbazioa, lesbianismoa, patriarkatua eta hezkuntza, gehienbat. Eta eztabaidak nahasiak bezain askotarikoak: subjektu politikoa izan zen mintzagai nagusia. Militantzia bikoitza edo bakarra izan behar zen. Adostasunik gabe, iritzi ezberdintasunarekin aberastu zen orduko testuingurua. Orduko hazien kimuak balira bezala sortu ziren 1970eko hamarkadaren amaieran talde feministak, Bizkaiko Emakumeen Asanblada (1976), Arabako Emakumeen Asanblada (1976), Nafarroako Koordinadora Feminista (1978) eta Donostiako Emakume Asanblada (1978).

1980ko hamarkadan buelta eman zuen txanponak: Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako indarra mantsotu, eta goraka hasi zen Bizkaikoa, Nafarroakoa, Arabakoa eta Gipuzkoakoa. PSOEk irabazi zituen Espainiako hauteskundeak 1982an, eta ingurumari horretan, NATOren kontra ekin zioten Hegoaldeko feministek, bai eta etxeko lanen banaketa aldarrikatzeari ere, lesbianismoaren aldeko borroka ahantzi gabe.

Bigarren topaketa feministak egin zituzten. Beste behin, 3.000 lagun batu ziren. Hegoaldeko lau herrialdeetan eskuratu zuen sasoiaren adierazgarri. Orduan, subjektuen aniztasunean paratu zuten ikusmira: ordura arte, “emakumea” esaten zuten, eta ordutik aurrera, “emakumeak”. Ez zen nolanahiko aldaketa izan. Izan ere, zapalkuntzen gurutzatzearen inguruan mintzatzen hasi ziren; ondorioz, ardatzen inguruko egiturak areagotu ziren: lesbianen kolektiboak, emakume gazteenak, etxeko langileenak, okupatzaileenak...

Hazitako aparrak, baina, behera egin zuen hamar urteren buruan: 1990ean zatikatuta zegoen mugimendu feminista. Ezinegon horren adierazle izan ziren 1994an egindako topaketak. 1.500 lagun batu ziren, eta tentsio handikoak izan ziren. Botereaz egin zuten solas. Gero, sakabanatu egin zen orduko mugimendua. Gazte feministek beren kabuz jardunaldi propioak egin izana ere adierazle da. Antimilitarismoaz, lesbianismoaz eta sexualitateaz jardun ziren gazteak.

2000. urtea giltzarria izan zen. Heteropatriarkatu neoliberalari aurre egiteko asmoz, mundu osoan zer edo zer egin behar zela ebatzi zuten. Emakumeen Mundu Martxa antolatu zuten orduan mundu osoko hainbat taldek pobrezia eta indarkeria sexistaren aurka. Euskaldunak ere hortxe egon ziren.

Eta urteetako apaldiaren ostean, loratu egin zen berriz ere feminismoa. Taldeak ugaritu egin ziren, eta gaur egunera arte mantendu da goranzko joera. Korronte horren fruituetako bat da Bilgune Feminista bera sortu izana, 2002an. Bestalde, giro baikor horren olatuan, 2008an, Euskal Herriko IV. Jardunaldi Feministak prestatu zituzten feministek: erakundeetan parte hartzea, indarkeria, sexu identitatea eta gorputza. Lau horiek izan ziren erdigunean jarri zituzten ildoak. Orduantxe esnatu ziren euskal transfeminismoaren ideiak ere, binomioak puskatu eta subjektu iraultzaile feminista berriak margotzeko xedez. Egun, zabalak bezain askotarikoak dira euskal feminismoak. Eta denak batzeko ahalegina egin dute Koldo Mitxelena kulturunean.

«Momentu interesgarri batean dago mugimendu feminista. Atzera begirako lana egin beharra zegoen. Izan ere, gaurkotasuna du feminismoak, eta borroka oraindik beharrezkoa da», esan du Garazi Lopez de Etxezarretak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak. Esana borobildu du Laura Gomez aldundiko Berdintasun zuzendariak: «Hau Euskal Herriko herritar guztiei egindako opari bat da, opari bat Euskal Herriko historia berridatzi eta eskura jartzeko». Etorkizuna eraikitzeko erremintatzat jo du ekinaldia Gomezek: «Memoria ezinbestekoa da sortu nahi dugun jendartera eramateko».

DOKUMENTAZIOA
“Gure genealogia feministak” liburua: Gau patriarkalean antortxa piztut
Onintza Irureta | Argia, 2015-04-30

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.