martes, 21 de abril de 2015

#hemeroteka #homofobia | Gorroto krimenak areagotu egin dira Hego Euskal Herrian

Irudia: Berria
Gorroto krimenak areagotu egin dira Hego Euskal Herrian
EHGAM – Kitzikan – Sare Antifaxista

2014. urtean emandako eraso faxistak salatu ditugu goizean prentsa agerraldian. 141 eraso homofobo, arrazista, faxista eta desberdintasunean oinarritutako beste hamaika pairatu dira Hego Euskal Herrian. Ohar honen bidez, instituzioek zabaltzen duten inpunitatea eta alderdi politikoen azpijokoak ere salatu ditugu.

Pasa den astean, estatu espainolean 2014. urtean zehar gertatutako gorroto krimenen inguruko txosten bat zabaldu zen. Hemen bildutakook, txosten horretan agertzen diren datu kezkagarrien inguruko balorazio bat egin nahi dugu; oharkabean bizi den errealitate bat islatzen duten heinean. Eraso arrazistak, homofoboak edota aporofoboak eta dibertsitate funtzionala duten pertsonen kontrako erasoak ematen ari dira gurean, gero eta maizago. Pertsona nazi-faxistak dira erasoak burutzen dituztenak; eta horren argi adierazi beharra dago.

Hego Euskal Herrian krimen hauen areagotze kezkagarria salatu nahi dugu. Guztira, 141 erasoen berri izan dugu. Eta badakigu horiek ez direla izan jasotako guztiak, asko salatzen ez direlako. Ukaezina da gure jendartean dagoen gabezia, baldin eta adibidez, dibertsitate funtzionaladun pertsona baten kontrako eraso bakar bat ere gertatzen bada, pertsona hori dibertsitate funtzionala izateagatik. Eta horren inguruko hausnarketa egiteaz harago, erasotzaileen kontra ekin beharra dago, publikoki identifikatuz eta euren aurpegi eta izen abizenak zabalduz.

Hego Euskal Herrian, 9 eraso antisemita, 23 eraso homofobo eta 102 eraso arrazista jaso dira beste askoren artean. Horren inguruan, zer esana izango dute Javier Maroto edo “Ayudas + Justas” bezalako plataformak. Eta Bilboko zinegotziek ere zer esana izango dute cruising guneen inguruko jarreran; inpunitatearen susmoa hedatuz. Algortako erasotzaile arrazista eta homofoboa beregain hartzen duten inpunitatea alegia.

Hemen elkartutako herri mugimenduok, gogor salatu nahi dugu era berean, asunto honetan ere, instituzioen jarrera. Datuak eta informazioa behin eta berriz ezkutatuz eskatzen zaien bakoitzean. Horren harira, instituzioei ohartarazten diegu: homofobiaren, arrazakeriaren eta faxismoaren kontrako mugimenduen “besteak”, homofoboak, arrazistak eta faxistak direla. Mugimendu antifaxista kriminalizatzen bada, faxismoaren apologia egiten da. Ez dugu inondik ere jarrera hori onartuko.

Honen guztiaren aurrean, jendartearen inplikazioa behar da; iragan hurbilean kontzentrazio eremuetara eraman gintuzten jarrerei eta pentsaerei aurre eginez. Diskriminazio mota guztien kontra elkartzera eta borrokatzera. Testu hau zinatzen dugun eragileok, dei egiten dugu arrazakeria, homofobia, faxismoa edota edozelako diskriminazio mota pairatzen duten pertsona banako eta kolektiboei, gure herri eta hirietako kaleetan elkartzera eta borrokatzera. 2015. urte honetan, 0 gorro krimen nahi ditugu.

Gorrotoarekin lotutako 141 eraso egon ziren Hego Euskal Herrian 2014an

Espainiako Barne Ministerioak egindako txostenaren arabera, delitu gehienek, 102k, arrazakeria eta xenofobiarekin izan zuten zerikusia. Sare Antifaxistak, EHGAMek eta Kitzikanek salatu dute kopuruak gora egin duela, eta delitu gehienak zigorrik gabe gelditzen direla.
Gotzon Hermosilla | Berria, 2015-04-21
http://www.berria.eus/albisteak/110167/gorrotoarekin_lotutako_141_eraso_egon_ziren_hego_euskal_herrian_2014an.htm

Espainiako Barne Ministerioak gorrotozko delituen inguruko 2014ko txostena eman du argitara, eta Sare Antifaxista, EHGAM eta Kitzikan mugimenduek Hego Euskal Herriko datuen balorazioa egin dute. Esan dutenez, “kezkagarria” da datu horien atzean ezkutatzen den errealitatea: eraso arrazistak, homofoboak, pobreen aurkakoak edo dibertsitate funtzionala duten pertsonen aurkakoak gero eta maizago gertatzen dira gurean”.

Esan dutenez, txostenean agertzen diren 141 erasoak ez dira iaz gertatutako guztiak, “asko salatzen ez direlako”, eta datuak biltzeko moduez ere zalantza handiak dituztelako.

Edozein modutan, “eraso bakar bat ere” gehiegi dela esan dute, eta zenbait politikarik ematen dituzten mezuak salatu dituzte, horrelako erasoen ugaltzea eta zigorgabetasuna sustatzen dituztelakoan. Bereziki, Gasteizko alkate Javier Marotok eta “Ayudas Más Justas” plataformak etorkinen inguruan egindako adierazpenak salatu dituzte, bai eta Bilboko zenbait zinegotzik cruising guneei buruz egindakoak ere.

“Horrelako mezuek zigorgabetasuna bultzatzen dute”, esan dute, eta zigorgabetasun horren adibide gisa duela gutxi Algortan (Bizkaia) izandako eraso homofoboa aipatu dute: “Orain dela bi aste gertatu zen, eta oraindik ez dago horren inguruko berririk”, esan dute.

Arrazismoa eta homofobiarekin lotutako 141 eraso zenbatu ziren 2014an Hego Euskal Herrian
Besteak beste, Hego Euskal Herrian 2014an bederatzi eraso antisemita, 23 eraso homofobo eta 102 eraso arrazista jazo zirela azaldu dute EHGAM, Sare Antifaxista eta Kitzikan elkarteek.
Naiz, Gara, 2015-04-21
http://www.naiz.eus/eu/actualidad/noticia/20150421/arrazismoa-eta-homofobiarekin-lotutako-141-eraso-zenbatu-ziren-2014an-hego-euskal-herrian

Pasa den astean Estatu espainolean 2014an zehar jazotako «gorroto delituen» inguruko txosten bat zabaldu zen, eta aipatu txostenean azaltzen diren datuen berri eman eta hauen inguruko balorazioa egin dute EHGAM, Sare Antifaxista eta Kitzikan elkarteek.

Zentzu horretan, pasa den urtean Hego Euskal Herrian delitu mota hauek izan duten «areagotze kezkagarria» salatu nahi izan dute. Azaldu dutenez, arrazismoarekin, homofobiarekin edota aporofobiarekin lotutako 141 eraso izan ziren, «eta badakigu horiek ez direla izan jazotako guztiak, asko salatzen ez direlako».

Hauen artean, bederatzi eraso antisemita 23 homofobo eta 102 arrazista gertatu zirela gaineratu dute eta, zentzu horretan, Javier Maroto Gasteizko alkateak edota Ayudas+Justas kolektiboak izan dezaketen arduraz hitz egin dute.

«Eraso hauen inguruko hausnarketaz haratago, erasotzaileen kontra ekin beharra dago, publikoki identifikatuz eta euren aurpegi eta izen-abizenak zabalduz», aldarrikatu dute.

Erakundeen jarrera ere salatu dute, datuak eta informazioa «behin eta berriz ezkutatzen» dutelakoan. «Instituzioei ohartarazten diegu: homofobiaren, arrazakeriaren eta faxismoaren kontrako mugimenduen ‘besteak’ homofoboak, arrazistak eta faxistak direla», adierazi dute.

Horregatik, jendartearen inplikazioa eskatu dute, diskriminazio mota guztien aurrean elkartzeko eta borrokatzeko. «2015. urtean zero gorroto krimen nahi ditugu», aldarrikatu dute.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.