domingo, 12 de febrero de 2017

#hemeroteka #zinea #baztertzea | Txakurrak atzo, arratoiak gaur

Irudia: El Diario Vasco / 'Criando ratas' filmaren fotograma
Txakurrak atzo, arratoiak gaur.
Igande goizeko datuen arabera 769.016 lagunek ikusi dute YouTuben Carlos Saladoren 'Criando ratas'. Jose Antonio de la Lomaren 'Perros Callejeros'-ek, berriz, 40 urte betetzen ditu aurten. Zutik dirau kinki zinemak.
Begoña del Teso | El Diario Vasco, 2017-02-12
http://www.diariovasco.com/culturas/201702/12/txakurrak-atzo-arratoiak-gaur-20170212093558.html

Azaroan Madrilgo La Casa Encendidan aurkeztu zuten 'Criando ratas'. Segituan, internetera igo nahi izan zuten, denok ikus ahal izateko. Segituan ere hamaika lekutan entzun zen ozen 'Kinki zinema berria' ('neoquinqui', hots) jaioa zela.

Une hartantxe asko eta asko Zarautzen jaio eta Madrilen hil zen Eloy de la Iglesiak eginiko 'Navajeros'-ekin akordatu ginen. Baita Jose Antonio de la Lomaren 'Perros Callejeros'-ekin ere. Eloyrena 1980an pantailaratu zen. Jose Antoniorena, berriz, 1977an. Akordatu ginen ere bietako protagonistekin: 'El Torete' eta 'El Jaro'-rekin, alegia. Lehenengoa, Bartzelonako semea, txakur kalekumeen sail osoko inspirazioa izan zen, eta 40 urte zituela hil zen, hiesak jota. Bigarrena, Toledokoa, tiroz akabatu zuten 17 urterekin Madrilen. Joaquin Sabinak fama handiko abestia eskaini zion: 'Mundiala, hi, baietz telebistan atera orain!', zioen leloak.

Akordatu ginen Rosario Flores eta anaia, Antonio Flores musikari fina, izan zirela De la Iglesiak egin zuen beste film oso kaleko/kaletarrean, 'Colegas'-en. Akordatu ginen 2009an Bartzelonako CCCBen (baita Bilboko Alhondigan, Zaragozan eta Madrilen ere) izan zen erakusketa mamitsuaz: '80.hamarkadako Kinkiak: Zinema, Kalea, Hedabideak'.

Horrekin guztiarekin akordatu ginen Carlos Saladoren 'Criando ratas' ordenagailuan tekleatu genuenean. Hor, pantailan, El Jaroren El Toreteren, El Vaquillaren ondorengoak ziren. Gure begi aurrean: Egun 'El Cristo', 'Pistolicas', 'Mauri', Anna dute izena baina haiexek dira. Eta ez bakarrik El Jaroren eta El Toreeteren senideak, baizik eta Carlos Sauraren 'Deprisa'-n agertzen diren horienak. Inkluso, inkluso, Armendarizen '27 ordu'-n dauden Jon, Maite eta Patxirenak ere.

Aldatu dira, hori bai. 'Criando ratas'-en ez dago ez SEAT 1430rik, ez 124rik, ez Renault 12rik ere. Badira, jakina, moto txiki japoniarrak. Estetika, arroparena, hori ere aldatu da. Zertxobait. Ez gehiegi: gizonezkoak txandal prakak eta kamiseta tirantedunak. Neskak, gona motzetan edo praka pitilloetan.

Lekuz aldatu dugu. Oraingoan ez gaude ez Madrilen, ez Bartzelonan. Ez eta Pasai Donibanen ere. Orain Alicanten gaude, Mil Viviendas, Colonia Requena eta Virgen de los Remedios auzoetan. Baina paisaia, bai arimena, bai kale, etxe eta hondakin eremuetakoa, antzekoa da. 'El Langui' jaio zen Pan Benditoko bera da: triskantza eta bihozmina.

Drogak ere antzeko-parezidoak dira. Hemen ez dago sofistikaziorako betarik, gogorik, beharrik. Ezta Molly, Syrup edo Purple Drunk izeneko berrikuntzetarako grina ere. Hemen eta egun, koka eta jako. Nahiko. Soberan, berriz, sekulan ez.

'¿Qué he hecho yo para merecer esto?'-tik hona bastante aldatu da giza paisaia. Espainiako herrietatik hirietara eskapu eta salto egiten zuen jendearentzat di-da batean sorturiko etxe eta kale horietan orain Europako Ekialdetik etorritako franko ikusten da. Arrazakeria bertakoen eta kanpokoen artean? Ez pentsa. Ez da beharrezkoa. Beste hamaika zio eta motibo dute elkar gorrotatzeko, engainatzeko, hiltzeko. Putak? Nola ez. Puta tristeak, puta merkeak. Puta atzerritarrak. Bertako emakumeak? Edadetuak, Paco Leonen amaren antzekoak: basa eta tinko. Gazteagoak, nahi ez zituzten seme alaben zaindari fuerteak..

'Criando ratas' YouTuben harrapatu orduko horrekin guztiarekin akordatu ginen. Lan itzela da sei urtez filmaturiko hau. Sei urtez? Bai. Kale gorrian. Mundu gordinean. Aktore nagusiak 12 hilabete eman zituen kartzelan. Filmaketa bertan behera utzi behar izan zuten. Baina denbora ez zuten galdu. Ramón Guerrero preso zegoela, Salado zinegileak bisitatu zuen astero eta Cristo pertsonaia han bertan landu eta findu zuten elkarrekin.

Filmak badu erritmoa. Filmak ederki daki nolakoa den denen patua. Egungo malenkolia amorratua dario. Ezeri ez dio muzin, errefus egiten eta sekula ez du atzera pausorik egiten. Bai, lehengo berak dira Cristo eta besteak, baina gaur egungo zeluloideak biltzen ditu. Eta sareak eskaini die bat-bateko aterpe.

Artikulu hau irakurtzen bukatu orduko, auskalo zenbat ikuste dituen 'Criando ratas'-ek...

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.