domingo, 29 de enero de 2017

#hemeroteka #eliza #pederastia | Itzala, horma eta isiltasuna


Irudia: Berria
Itzala, horma eta isiltasuna.
Elizgizonen sexu abusuei buruzko itzala, horma eta isiltasuna pitzatzen hasi da Juan Kruz Mendizabal apaizaren kontrako salaketekin. Erasoak jasan dituzten biktima gehiagoren lekukotasunak bildu ditu Berriak. Urteetan isilean gorde dutena kontatu dute, egia erakusteko eta abusuak berriro ez gertatzeko asmoz.
Garikoitz Goikoetxea | Berria, 2017-01-29
http://www.berria.eus/paperekoa/1911/002/001/2017-01-29/itzala_horma_eta_isiltasuna.htm

Itzala argitzen, hormak pitzatzen eta isiltasunari hitzak jartzen hasi dira. Juan Kruz Mendizabal apaizaren aurkako salaketek airean ipini dituzte Eliza katolikoaren itzalak, hormak eta isiltasunak. Umetan Mendizabalek sexu abusuak egin zizkiela salatu dute hiru gizonek. Haienak ez dira, ordea, kasu bakarrak eta bakanak. Testigantza gehiago jaso ditu Berriak. Sexu abusuak jasandako biktima batzuek ahotsa jarri diote kontakizunari. Hitzak, urteetan isilean gorde dutenari. Badakite biktima gehienak isilik daudela oraindik, eta hori hautsi nahi dute lekukotasunen bidez: egia ager dadin eta abusuak berriro gerta ez daitezen.

Urtarrilaren 10ean hasi zen isiltasuna hausten Donostiako Elizbarrutian. Bi gaztek ohar bat bidali zuten hainbat hedabidetara; azaldu zuten 2001 eta 2005ean haietaz abusatu zuela Mendizabal bikario ohiak, eta kasu gehiagoren susmoa zutela. Aldi berean, ohar bat atera zuen gotzaindegiak ere; apaiza zigortu egin zutela jakinarazi zuen. Handik bi egunera, hedabideen aurrera atera zen Jose Ignacio Munilla gotzaina, beste salaketa bat jasota; bazekien biharamunean Berriak ematekoa zuela horren berri, salatzailearen beraren kontakizun zehatz baten bitartez.

Apaiz ezaguna zen Mendizabal; maiz agertzen zen komunikabideetan, gazte taldeetan aritu zen urteetan eta Munillaren bikario nagusia izan zen 2010etik 2016ra arte, nahiz eta haren aurkako gutunak sinatuak zituen. Ezustean heldu zen berria. «Ni ez nintzen batere harritu albistea irakurri nuenean». I.A.-k Tolosan (Gipuzkoa) ezagutu zuen Mendizabal, Atsedena aisialdi taldean. 13 urte zituen. «Guretzat ez zen Kakux baino hoberik. Beste apaizak serioak ziren; hura dantzan aritzen zen, kantari...». Baina I.A. ez zen beti eroso sentitzen harekin. «Denbora osoan ukitzen edukitzen nuen; eromen modu batean, leku batetik eta bestetik helduz».

Egun bat du bereziki gogoan. Mendi irteera bat egin zuten, eta euriak harrapatu zituen. «Bustita geunden denok. Bueltakoan, autobusean nire atzean jarri zen, eta bide oso-osoan joan zen ni ukituz, lehortzeko aitzakian. Bide osoan». Gertutasuna zuen umeekin, gertutasun handia. Handiegia, agian. «Erreferentea zen guretzat, eta aprobetxatu egiten zen horretaz». 1990eko hamarkadaren erdialdean gertatu zen hori; Tolosako Santa Maria elizan zegoen Mendizabal.

Apaizen hurbiltasuna
Gertutasuna aipatu du Ana Moralesek ere; auzoko elizako apaizak, Jose Luis Pujanak, abusatu egin zuela kontatu du. 1970eko urteak ziren Bilboko San Ignazio auzoan. Moralesek azaldu du joera tradizionaleko apaiza zela —«eraztun bat zeraman, eta agurtzean han musu ematen irakatsi zigun»—, baina gertukoa. «Umeen oso laguna zen, alaia: txangoetara eramaten gintuen, askariak antolatzen zituen... Asko maite nuen».

Moralesez abusatu zuen. «Lehen egunetik». Oso umetatik: jaunartzea egin baino lehenagotik. Gogoan du nola aitortza egitera joan ziren jaunartzea baino lehen. Aitorleku itxiak zeuden; atea itxi egiten zuten norbait sartzean. «Barruan hormatxo bat zegoen apaizaren eta eliztarraren espazioa zatitzeko. Ni sartzen nintzen bakoitzean —eta ez nintzen bakarra izango—, tarteki hori kendu egiten zuen, eta, berba egin bitartean, goitik behera ukitzen ninduen». Ez zekien zer zen hura. «Deseroso nengoen, baina pentsatzen nuen hori zela bere maitasuna adierazteko era; laztan gogor batzuk zirela, laztan berezi batzuk». Ukituak ez zituen aitorlekuan bakarrik egiten. «Aukerarik txikiena aprobetxatzen zuen».

1980ko udaberrian beste pauso bat eman zuen apaizak. Ostegun santu zen. Biharamunean, ostiral santuarekin, Jesusen pasioa irakurtzen dute elizan; hainbat lagunen artean egiten dute irakurraldia, eta apaizak kontalariaren rola egitea eskaini zion Moralesi; testu gehien duen rola, alegia. «Ezin nuen sinetsi; normalean, neska handiago batek irakurtzen zuen». 11 urte zeuzkan. «Esan zidan hori ondo irakurtzeko prestaketa berezia behar zela, eta joateko bere etxera». Abusatu egin zuen. «Bere gainean jesarrarazi ninduen, gona azpitik ukitu...». Etxera alde egin zuen, negarrez, lasterka. Amak ireki zion atea, eta kolpera bota zion alabak: «On Jose Luis zerri hutsa da!». Sofan jarri zen. Alboan eseri zitzaion ama, eta galdera batzuk egin zizkion, noraino heldu zen jakiteko.

Hamarkada bat lehenago jasan zituen abusuak Jose Ramon Blazquezek. Bilbon bertan, zentro itxi batean egon zen hamar urtean. «7 urte nituela sartu nintzen, eta 17 urte bete arte egon nintzen han. Pobrea nintzelako». Karitatezko erakunde baten egoitza zen, «eta apaizen agintepean zegoen». Banatuta zeuden: neskatoak, mojekin; mutikoak, apaizekin. Gogoan du nola joaten ziren elizgizonak. «Apaiza gerturatzen zen, eta gozoki bat-edo ematen zigun. Gelatxora eramaten gintuen gero; ukitzen hasi, eta gainerako guztia». Bi eraso mota jasan eta ikusi zituen: «Batetik, eskua sartzen zuten apaizak zeuden. Bestetik, pauso bat aurrerago joaten zirenak: masturbatu egiten gintuzten, edo haiek masturbarazi». Behartuta zeuden apaizen esanari jarraitzera. «Aurre eginez gero, jo egiten gintuzten; sekulako egurtuak eman zizkidaten niri. Gerrikoekin eta makilekin jotzen gintuzten». Eta isilik egon behar. «Ez genuen familiarik, ez genuen norengana jo; bakartuta geunden, eta apaizek zuten erabateko agintea. Ezin genuen ezer esan». Mutikoek eurek, bai, elkarren artean hitz egiten zuten. «Saiatzen ginen elkar defenditzen, hori egiten ziguten apaizak saihesten, baina ezin genuen ezer ere egin».

Ulertu ezinik
Umeak ziren, eta ez zuten ulertzen zer ziren eraso haiek. «Nik ez nion inportantziarik ematen. Ez nintzen ohartu kontua zein zen», kontatu du I.A.-k. Ukituak izan ziren. Areago joan ziren Blazquezen aurkako abusuak. «Baina ez genuen oso ondo ulertzen zer zen hura. Ez genuen kontzientzia sexualik; ez genekien zer zen. Gaizki zegoela bai, baina ez zer zen». Ostegun santu egun hartara itzuli da Morales: lasterka doa apaizarenetik etxera. «Pilpilka zegoen neure burua: ez nekien zer zegoen ondo eta zer txarto. Ez ote nintzen erratu, ez ote nuen gaizki ulertu. Amak agiraka egingo ote zidan».

Ezjakintasuna, beraz. Eta beste sentimendu bat: lotsa. Mendizabalek aisialdi taldeko kideen aurrean ukitzen zuen I.A. «Nik sekulako lotsa pasatzen nuen denen aurrean. Denbora osoan ari zitzaidan horrela, jolasean arituko balitz bezala». Kideko batzuek iraindu ere egiten zutela kontatu du; «Kakuxek begiko zaitu» eta horrelakoak esaten zizkioten. Ez zion inori ezer kontatu. Lotsak isiltasuna baitakar, Blazquezen esanetan. «Ordutik inokulatu digute lotsa. Horregatik ez zen ezer kontatzen. Gutako bakoitzak sentitzen duen lotsan oinarritzen da isiltasunaren legea. Horregatik dago gaia isilduta». Sentimendu gehiago aipatu ditu Moralesek: «Beldurra, lotsa, nazka eta halakoekin batera, desilusio izugarria jasotzen du ume batek, batez ere pertsona ezagun eta maitatu batek egin badio». Gogoan du «desanparo sentimendu handi bat» eduki zuela. Beldur bat ere bai: «Badakizu pertsona hori gurtzen dutenei zelako dezepzioa ekarriko diezun. Dezepzio horren parte bihurtuko zara». Mendizabal apaizaren kasuan ere sumatu du halakorik: «Mito bat jausi da, eta batzuek biktimengana bideratzen dute amorrua, sinesgarritasunik ez emanez edo gaia isilaraziz. Biktima bi aldiz da biktima».

Hirurek badakite ez zirela bakarrak izan, gehiagok ere pairatu zituztela abusuak; ikusi ere egin zituzten batzuek. Izatez, Mendizabalen eta beste apaiz batzuen erasoak jasan zituzten pertsona gehiagoren berri jaso du Berriak, lekukotasun eta guzti, baina guztiek ez dute publiko egin nahi testigantza hori.

Inguruan, isilik
Ez dira kasu bakarrak eta bakanak. Baina isilpean daude gehienak. Abusuak ikusi eta geldirik geratu zirenez mintzo da Blazquez. «Apaiz guztiak ez ziren horrelakoak, baina abusuak egiten zituztenak bezain errudunak ziren gainerakoak, jakinaren gainean egonda hori onartzen zutelako edo ez zutelako ezer esaten».

Etxean kontatu zuen Moralesek zer gertatu zitzaion. Ez zuten salatu. «Pentsaezina zen; kontsideratu ere ez zen egiten. Ez bide zibilean, ez Elizan. Pentsatu ere ez». Izatez, erasoaren biharamunean elizara bueltatu ziren gurasoak eta alaba; ostiral santu zen, eta Jesusen pasioan kontalariaren rola egin zuen. «Nahiz eta izularrituta egon, eta gurasoak ere jota, geure eginkizunak bete genituen guk». Hura eginda, ez ziren gehiago bueltatu eliza hartara, harik eta apaiza joan zen arte. Beste eliza batera joaten hasi ziren.

Badaki ama aritu zela hizketan auzoko elizan zebilen jendearekin. Batetik, beste ama batzuekin. «Amak esan zidan: 'Ez zara bakarra izan'. Baina ez dut jakin zein gehiago izan ziren. Ez dut inorekin hitz egin». Bestetik, elizako katekisten buruarekin hitz egin zuen amak; kalean topo egin zuten, alaba han zegoela, eta gogoan du nola aritu ziren hizketan. «Esan zion ez zela komeni hitz egitea: Elizan denok garela gorputz bat eta halakoak. Sinestedun gisa, pentsatu behar zuela zer kalte egingo zion Elizari hori zabalduta, eta hobe zuela isilik egotea».

Isiltasun hori defentsa modu bat ere bazela uste du Moralesek. «Hain da handia gertatu zaizuna, ezin baituzu barneratu. Zeure esku dagoena egiten duzu gauzak normaltasunera itzultzeko: ez sortu espektakulurik, eta gero gerokoak». Elizaren boterea ere aintzat hartzekoa da. «Badago mekanismo bat bultzatu gaituena egoera horietan jokabide absurdo hori izatera; beharbada, hautsiz gero, plater bat ez, kristaleria osoa hautsiko genuelako, eta horren beldurrez. Eta seme-alabak babesteko ere bai: 'Sinetsiko dizute?', 'Markatua geratuko zara...'». Isilik geratu zen. «Ahazten saiatu nintzen, nire burmuineko armairurik sekretuenean ezkutatzen».

Lekukotasunen balioa
Isilik dena. «Ondoriorik berehalakoena depresio bat izan zen: oso latza. Bizitzeko indarrik ez izatea. Urtebete pasatu nuen burua hankartetik altxatu ezinik». Sexu harremanetan ere eragin zion. «Nahiz eta ez zen modu kontzientean gertatzen, paralisi bat neukan egoera intimoetan. Hamarkadak eman nituen horretaz kontzienteki pentsatu gabe, baina irudiak etortzen dira». Sexuan izandako eragina aipatu du Blazquezek ere. «Markatu egiten zaituzte abusuek; lehenik, zure identitate sexuala. Saiatzen zara zergatia ulertzen: 'Zer egin nuen nik hori gertatzeko?'». Biek jo dute gainditutzat egoera hori. Blazquez: «Ezabatu ezineko arrastoa uzten dizu bizitza osorako, urteekin gainditzen duzuna». Ez zuen sentsazio hori izan I.A.-k: «Ez nintzen abusatuta sentitzen. Orain konturatu naiz. Traumarik ez dut izan. Inpresioa egin dit Kakuxi buruzko albisteak ikustean».

Lekukotasuna ematea erabaki du. «Seguru badaudela horrelako kasu gehiago, eta pentsatu dut nik esan egin behar nuela». Orain urte batzuk kontatu zuen lehen aldiz bere kasua Blazquezek. Telebistan zebilen, tertulialari, eta abusuekin lotutako albiste bat iritsi zen, Granadan (Andaluzia, Espainia) apaiz talde batek egindako sexu abusuena. «Berez atera zitzaidan: 'Nitaz ere abusatu zuten'. Ez dakit zergatik esan nuen, baina esan nuen». Ordutik pixkanaka aritu da dena gogoratzen. «Han zeuden beste umeengatik ari naiz ni hau guztia kontatzen».

Moralesek gainditutzat jo zuen sexu abusuen gaia. «Baina egia da urtero, aste santuan, ostegun gau txarra pasatzen nuela; egun hartan gertatu zenaz akordatzen nintzen». 2012ko ostegun santu egunean, pauso bat eman zuen. «Bat-batean, esan nuen: 'Idatzita utziko dut. Lagunduko dit hau dena ordenatzen'. Eta esan nuen: 'Argitaratu egingo dut'». Blog bat sortu zuen. Sarrera bakarra du, izenburu honekin: ‘Hoy es nuestro aniversario, cerdo’ (Gaur gure urteurrena da, zerria). «Egia esanda, pertsona hori hilda zegoen duela urte asko, eta niri ez zidan hainbeste lotsa ematen. Iruditzen zitzaidan nire izenarekin argitaratu behar nuela, horrek sinesgarritasuna emango ziolako, eta, beharbada, lagunduko zielako beste pertsona batzuei aurrera ateratzen». Lagungarri izan zitzaiola nabarmendu du. «Balio izan dit nire barrua ordenatzeko eta erasoa testuinguru handiago batean ulertzeko; garai hartan ez geneukan sexu abusuak Elizan etiketa». Garaile sentitzeko ere balio izan zion: «Kontzientzia hartu nuen irabazi egin nuela borroka bat. Horrelako batetik pasatzean, galtzaile sentitzen zara, baina zauri hori osatu egin zitzaidan beste ikuspegi batetik begiratzen hasi nintzen egun hartan: 'Zenbat frontetan eraso zenidan, eta guztietan menderatu zaitut'».

Elizari begira
Kasuak salatzea aurrerapausoa dela uste du Moralesek. Batetik, inpunitatearen aurka: «Egin dutenek egin dute ahal zutelako». Mendizabalen kasua aipatu du: zigorra edukita ere, apaiz jarraitzen zuela —«balizko biktima gehiago eskura»—, eta elkarrizketak ematen ere bai —«noraino sentitu da seguru inpunitateaz»—. Bestetik, lagungarri delako norberarentzat ere. Hala ere, aitortu du norberaren egoerak eta adinak eragina dutela salatzeko garaian. «Ni ez naiz markatua sentitzen, eta berdin zait horrela ikusten banaute. Baina nerabea banintz, ez. Animatzen ditut salatzera, baina nire ulergarritasun guztia dute». Salatu aurretik, inguruko norbaiti kontatzeko aholkatu du. «Beren barrutik guztia ateratzeko».

Ez daude Elizaren zain. Ez dute aldaketarik itxaro. «Ez dut espero barkamen eskaririk, baina, eskatuko balidate, joango nintzateke, esker onez». Ez diote inoiz deitu, eta ez du jarrera aldaketarik sumatzen orain ere. Antzera mintzo da Blazquez: «Elizak isiltasunarekin estaltzen du dena, kasu bakana dela esateko. Ez». Ez du nahi «barkamen erretorikarik» Elizaren partetik, baizik eta memoria. «Egin dezatela memoria, eta erraztu dezatela jendeak hitz egitea. Niri kalean kontatzen ari zaizkit orain kasuak. Zer gertatzen da? Ez dagoela leku bat jendeak hitz egin dezan. Konfiantza eta babes giro batean, jendea animatuko litzateke». Itzalak argitzen, hormak pitzatzen eta isiltasunari hitzak jartzen.


Gema Varona. Biktimologian aditua: «Batzuek ez dute salatu nahi, eta ulertu egin behar da hori»
Elizan sexu abusuak jasan dituztenei buruzko ikerketak egin ditu Varonak. Haren iritzirako, Elizak erantzukizunez heldu behar dio gaiari, eta biktimei laguntzeko bulego bat abian jarri.
G. Goikoetxea | Berria, 2017-01-29
http://www.berria.eus/paperekoa/1761/005/001/2017-01-29/batzuek_ez_dute_salatu_nahi_eta_ulertu_egin_behar_da_hori.htm

Biktimak ditu ikergai Gema Varonak (Madril, 1969), eta elizgizonen sexu abusuak pairatu dituztenekin ere aritua da ikerketak egiten. Kriminologiaren Euskal Institutuko kidea da. Orain bi urte argitaratu zuen Elizako sexu abusuei buruzko ikerketa bat. Ez da itxitako lan bat; izatez, abusuak jasan dituztenen lekukotasunak hartzen segitzen dute. Gipuzkoako salaketen ondotik kasu gehiago agertuko direla dio. Testigantzak entzuteko prest daude.

Argitara atera dira sexu abusuen hiru salaketa. Oraindik salatu ez duten biktimentzat zer pisu du kasu horiek ikusteak?

Oro har, sentimendu anbibalenteak dituzte. Batetik, ikusten dute ez direla bakarrak, eta hori oso inportantea da; maiz uste dute beren arazoa dela, eta errua eta lotsa sentitzen dute. Salaketak ikustea ona da, biktima direla ikusarazten dielako. Bestetik, ordea, beste sentimendu bat sor dezake: «Horiek gai izan dira salatzeko, eta ni, ez». Kontu izan behar da horrekin.

Zer eta nola esaten den, alegia.
Ikerketa askok bi aldagai bereizten dituzte: jakinaraztea eta salatzea. Jakinaraztea, norbaiti kontatzea; salatzea, auzitegira jotzea. Biktima askok jakinarazten dituzte kasuak, baina salatu, ez. Arazoa da jakinarazpena jaso duenaren erantzuna askotan ez dela egokia. Zalantzan jartzen da biktima: «Nolatan ez zenuen salatu?», «Nola eutsi diozu hainbeste denbora?», «Ziur zaude?». Ez da intentzio txarrez galdetzen, baina biktimarentzat izugarria da, zalantzan jarri diotelako lehen berak zalantzan zeukana. Norbaitek zerbait kontatzen badigu, ez dugu epaitu edo zalantzan jarri behar.

Salaketa beste urrats bat da.
Batzuek jarri nahiko dute, eta beste batzuek, ez. Eta hori ulertu egin behar da. Genero indarkeriarekin bezala, ezin diogu laguntza eman salaketa jarri duenari soilik. Abusuen biktima gehienek ez dute salatzen. Noiz salatzen da? Adibidez, umeak izatean, edo umeak abusuak jasan zituzten adinera iristean. Esaten dute: «Nola pentsa nezakeen errua nirea zela adin horrekin?». Salatzea erabakitzen dute, eta oso jokabide eskuzabala da: ez dute nahi mendekurik; betebehar etiko bat ikusten dute balizko biktimekin. Hala ere, ardura ez da biktimena: erasotzailearena eta erakundearena da. Laguntza sentitu behar dute biktimek; zinez zaila da salatzea. Gizartearen elkartasuna bilatzen dute, eta beste inori ez gertatzea halakorik.

Izozmendiaren punta da hau? Ikerketetan badago zenbakirik?
Esaten da sexu delituen %90 inguru ez direla salatzen. Adingabeen aurkako abusuetan, oso handia da ezkutuko biktimizazioa. Heldu batek salatzea zaila da, eta adingabeek, zailagoa. Nola salatuko duzu halako errespetagarritasun soziala duen norbait? Zaila da oso. Gainera, hezitzaile bat edo apaiz bat denean erasotzailea, konfiantza espiritualaren traizioa dago. Egoera horretan jarri behar dugu. Erasotzaileek konfiantza bilatzen dute; apaiza miretsi egiten dute ingurukoek, eta erlazio ona du familiarekin. Abusuak hasten dira, eta adingabeak ez daki zer gertatzen den. Posible da prebentzio handiagoa. Ez soilik protokoloak: paperak ez du balio. Kontzientzia hartu behar dute denek, eta ez jarri auzitan biktima.

Kate bat dakar ezkutuko biktimizazioak, gaia ez ikustearena?
Bai. Ikerketak egitea zailtzen du, eta, hori egin ezean, ez dago tratamendu programarik. Aitzakiatarako bidea ere jartzen du: «Arazoa hain handia ez denez, zertarako jarri dirua prebentzioan eta ikerketan?». Ezkutuko biktimizazio hori handitu egiten da inork pausoa eman ezean. Ziur nago oraingo kasuak salaketa gehiago ekarriko dituela. Beti izan da horrela.

Preskripzioaren gaia hor dago...
Kontua da nola egin, bai. Ukituak direnean, hiru-bost urtera preskribatzen da. Horrek esan nahi du ez dela justizia egin behar? Errudunaren zigorraren araberakoa da justizia, eta okerra da hori: biktima gehienei ez zaie hori interesatzen, baizik eta berriro ez dezala delitua egin eta erakundea kargu egin dadila. Kezka konprometitua izan dezala. Leihoak irekitzea esan nahi du horrek. Ez dut ulertzen oraindik nola pentsatzen duten isilik geratzea erakundearen ospearentzat kaltegarri izango delakoan. 2017an gaude, eta herritarrek ez dute hori onartzen.

Zer iritzi daukazu Elizak eman duen erantzunari buruz?
Oso ondo iruditu zitzaidan [Jose Ignacio Munilla] gotzainaren agerraldia; galdera da ez ote zuen lehenago atera behar, edo biktimak irten direlako atera den. Biktimei dei egitea egokia izan zen, baina animatzea ez da aski. Zerbitzu bat balego, fiskaltzarekin lankidetza... Genero indarkeriarekin bezala da: «salatu, salatu», eta gero zer baliabide daude laguntzeko? Ikusi beharko da nolako lankidetza dagoen fiskaltzarekin; beste batzuetan, nagi aritu da Eliza, edo ez dizkio agiri guztiak eman estatuari. Elizak baditu bere prozesuak, baina, askatasun erlijiosoa duen estatu batean, ez da aski. Halere, biktima askori Elizaren prozedura axola zaie, ez auzitegietako prozedura.

Elizako kuriak ez ezik, eliztarrek ere beste aldera begiratu dute?
Mallorcan [Herrialde Katalanak] gertatu da oraintsu: salaketa bat jarri, eta biktimen aurka agertu herritarrak. Badugu beste kasu bat, non eskatzen den komunitate bat berriz fundatzeko, sortzailea abusatzailea zelako. Zera erantzun dute: «Hainbeste urte igarota, zertarako?». Kasua iraungita dago, baina biktimek ez dute nahi erasotzailearen argazkia eredugarri agertzea. Begira dagoenaren figura asko aztertzen dugu. Hori uztartu behar da, gainera, errugabetasun ustekizunarekin. Nola babestu? Salaketa faltsuak gutxiengoa dira: urteak joanda salatzen dute, eta zer zentzu du? Baina igual ez da esaten zen bezala...

Eta nola uztartu bi alde horiek?

Errugabetasun ustekizuna egon behar da, baina biktimaren aldeko ustekizuna ere bai. Salaketa jartzen badu, babestu egin behar da, eta lagundu. Ez dela zehazki hark zioen bezala? Esaten da hobe dela errudun bat kalean egotea errugabe bat kartzelan egotea baino. Bada, hobe da hain biktima ez den bat lagundua egotea, biktima bat laguntzarik gabe uztea baino.

Nolako neurriak hartu behar dira abusatzaileekin? Elizak lekuz aldatu ditu maiz. Egokia da hori?
Misioetara bidaltzen zituzten. Horregatik ere erantzukizuna egon behar da: hemengo biktimengatik ezer egin ez, eta, gainera, beste leku batera bidali, agian adingabeengana. Barkamena eskatu behar da. Eliz zuzenbideko zigorra jarri dute Donostiako kasuan, baina biktimen erreparazioa? Batetik, ekonomikoa, prozesu psikologiko bat behar izan badute eta poltsikotik pagatu badute —hala da maiz—. Bestetik, sinbolikoa: epe luzera, biktimek nahi badute, aukera egon behar da aurrez aurreko leheneratzaile baterako, non erasotzaileak barkamena eskatuko duen, eta erreparatzen saiatu. 
 
Justizia leheneratzailea, beraz.
Beste herrialde batzuetan ikusi dugu funtzionatzen duela. Biktimak ez badu pertsona horrekin egon nahi, Elizarekin egon beharko luke. Era pertsonalizatuan. Biktima gehienek nahi dute Elizako ordezkariek barkamena eskatzea. Halako prozesuak badira Irlandan, adibidez. Lehen pauso modura, Elizak arreta zentro bat sortu behar du, profesional espezializatu eta independenteekin, sinesgarritasuna edukitzeko. 
 
 
Atea ireki gabe dago
Abusuen aurkako ildoa gogortzen ari da Eliza, hitzetan. Juan Kruz Mendizabalen kasuak eta beste hainbatek isiltasuna salatu dute, ordea: isilik alderdi politiko eta erakundeak; isilik eliztarrak.
G. Goikoetxea | Berria, 2017-01-29
http://www.berria.eus/paperekoa/1957/006/001/2017-01-29/atea_ireki_gabe_dago.htm

Biktimak hasi dira pausoak ematen, urteetan isilean gordea eduki dutena kaleratzen. Isiltasuna hausten. Zer jaso dute bueltan, ordea? Isiltasun gehiago. Aita santu Frantzisko sexu abusuei buruz irmo mintzatzen ari da azken hilabeteetan. Besteak beste, orain hilabete gutun bat bidali zien gotzainei; eskatu zien «zero tolerantzia» izateko abusuekin, eta neurriak hartzeko «krimen horiek berriro gerta ez daitezen». Abusuak ezkutatzen dituzten gotzainak postutik kenduko dituztela esan du. Hitzak dira oraingoz.

Ekintzetan isiltasuna dago. Jose Ignacio Munilla Donostiako Elizbarrutiko gotzaina hedabideen aurrera atera zen hilaren 12an, Juan Kruz Mendizabal apaizaren abusuei buruzko hirugarren lekukotasuna jaso ondoren. Abusu kasuak salatzera dei egin zuen: «Egia ona da guztiontzat». Hurrengo igandean, hilaren 15ean, dei bera egin zuten Gipuzkoako elizetan ere. Munilla gotzainak iragarri zuen bere agendan «lehentasuna» daukatela biktimek. Hori izan da kuriaren erreakzioa. Ordutik, isiltasuna. Berriak elkarrizketa eskatu dio Munilla gotzainari. Ez du hitz egin nahi izan.

Isiltasun horrekin kritiko mintzo da Lontxo Oihartzabal. «Fededun bezala, gotzainaren jokabidea salatu nahi nuke; ezin da isilik egon. Erantzukizunak eta sinesgarritasunak horretara eraman beharko gintuzke». Eutsi Berrituz taldeko kidea da Oihartzabal, baina, kasu honetan, era pertsonalean mintzatu da, Eutsi Berrituz taldea bera isilik baitago.

Hala daude Elizako talde asko: isilik, «shockean». Ez dute hitz egin nahi. Mendizabalen abusuen kasuak «mingarriak» izan direla aitortu du Oihartzabalek. «Beste giro bat bizi genuela uste genuen. Baikortasunean bizi ginen, eta une honetan askok etsipena dute. Ez da edozein apaiz: gotzainaren ondorengoa zen, eta oso ezaguna».

Ia urtebete isilean
Munillak isilik eduki du kasua ia urtebetez. Joan den urteko martxoan jaso zuten salaketa, eta uztailean zigortu zuten Mendizabal. Isilik gorde zuten. Gazteek hori eskatu ziotela esan du gotzainak. Ez dago ados Oihartzabal: «Gertatutakoaren berri izan zuenean, bi gazteen anonimotasuna gordez, esan egin behar zuen, eta neurriak hartu. Lehergailua eskuetan zerabilen, eta lehertu egin zaio. Itsumustuan atera da orain».

Mendizabali hiru urterako zigorra jarri zion Elizak; aginte postuak kendu zizkion, eta tratamendu psikologikoa jarri. Meza ematen jarraitu du orain arte. Azken salaketarekin, aukera hori kendu dio Munillak, eta monasterio batera bidali du —azken salaketaren eliz epaiketa egin aurretik hori—. «Antzerkia» dela uste du Oihartzabalek. Lehen bi kasuengatik zigortzean, isilik geratu zirela, eta meza ematen ari zela; eta, orain, kasua jendaurrera atera denean, epaiketa aurretik zigor handiagoa jarri diotela. «Mendizabal ez bada gai apaiz eginkizunerako, ez da kasua ezagun egin delako, baizik eta egin zuena egin zuelako. Gotzainak orain hilabete dezente daki zer egin zuen. Zergatik utzi zitzaion apaiz arrunt bezala segitzen, eta, orain, ezagun egin denean, monasterio batera bidali?».

Beste galdera batzuk ere badira. Mendizabalen aurkako lehen salaketa 1994ko abusu batzuei buruzkoa da; handik bi urtera gazte pastoraltzako buru jarri zuten. Ezer ez zekiten kurian? Jose Maria Setien zen gotzaina. Harekin harremanetan jarri da Berria, baina ez du hitz egin nahi. Jose Antonio Pagola bikario izandakoak ere ez.

Bulego bat Baionan
Eliza barruko isiltasuna salatu du hainbat elkartek. Frantzian, bada abusuen biktimak biltzen dituen elkarte bat, Le Parole Libere. Hango kide François Devaux kritiko da. «Erraten digute iraganeko kontuak direla, aldatu dela, baina konturatzen gara ezer ez dela aldatu». Minduta daude. «Sinestunek, boluntarioek, apezek, kardinalek, aita santuak, denek atsekabetu gaituzte. Kasik denei izugarrikeria hutsa iruditzen zaigu pedofilia; dirudienez, Elizan izan ezik. Gai dira errateko ez dela bekatu bat». Gogor mintzatu da: «Eginiko mina ez dute ikusten».

Iaz Frantzia guzian famatu egin zen La Parole Libere taldea. Lyongo Elizbarrutiko Bernard Preynat apezak 1970 eta 1991 artean abusuak egin zizkiela salatu dutenek sortua da, eta Elizako sexu abusuen 137 testigantza dituzte. Salatu dute abusu horien berri bazeukala Philippe Barbarin kardinalak. «Frogatu dugu dena zekiela, eta ez zuela ezer erran, ezer egin».

Lyongo aferak Frantziako Eliza behartu zuen neurriak hartzera: elizbarruti guzietan biktimei laguntzeko bulegoak jarri zituzten. «Salatzera datozenei leku berezitu batean egiten diegu harrera; Elizaren etxe batean, baina diskrezio osoz», azaldu du Baionako bulegoko buruak, Marc Renouxek. Irailean ireki zuten bulegoa, eta hiru salaketa jaso dituzte, denak 1960 eta 1970eko urteetakoak. «Biktimei entzun eta aitorpena egitera» mugatzen dira, beraz.

Gainerako elizbarrutietan ez da halako bulegorik, eta salaketa gutxiago iritsi dira Elizara. Gotzaindegietako datuen arabera, Gipuzkoan Mendizabalen kontrakoak izan dira lehenak. Gasteizko eta Bilboko gotzaindegiek jakinarazi dute elizbarrutian salaketa bana jaso dutela, baina, bi salatuak ordena erlijiosoetakoak direnez, ez dutela eskumenik. Araban, domingotar bat salatu zuten, 1983an adingabe batez abusatu zuelakoan. Gotzaindegiak domingotarrei igorri zien salaketa, eskumenik ez zuela eta; ordena horrekin harremanetan jarrita, azaldu dute delitua iraungita zegoela, eta, gainera, abusuak frogatu gabe daudela. Bizkaiko kasuan, Gaztelueta ikastetxekoa da salaketa, Opus Deiko irakasle baten aurkakoa. Iruñeko Gotzaindegiari informazio bera eskatu zion Berriak orain bi aste pasa; ez du deus erantzun. Bada Baionako Elizbarrutia ukitzen duen beste kasu bat ere, Jean François Sarramagnan apezarena; hiru sexu abusu leporatu dizkiote.

Asaldurarik gabe
Renouxek dio jarrera aldatu duela Elizak, baina aitortu du ez dela egoki aritu: «Eliza tronpatu da, eta ez dio gaiari neurria hartu. Argi da». Azalpen hau eman du: «Norbera ez denean pedofilia bezalako prozesu higuingarri batek hunkia, zail da beste batzuk izan litezkeela pentsatzea. Konparazio gordin bat: zuk eta nik emazte eder bat ikusten badugu karrikan, fantasia batzuk baditugu, nahitaez, ezta? Ongi heziak garenez ez dugu ausarkeriarik izanen, baina irudika dezakegu izan genezakeela. Inork emazte eder horrekin ausarkeriak baditu, ez dugu onetsiko, baina ulertu, bai. Era berean, norbera pedofiloa ez denean, zail da irudikatzea elizgizon batzuk izan litezkeela».

Kasu horiek sumin gehiago ez sortzearekin minduta dago Devaux: «Badirudi Frantzian ez dela nehor asaldatzen: ez justizia, ez sinestunak, ez apezak... Zinez harrigarria da gure herriaren jarrera honen aitzinean. Elizaren kontrolpean bizi gara». Isiltasuna ozena izan da Euskal Herrian ere. Mendizabalena «Elizari dagokion prozesua» dela esan du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Salaketei buruzko erreakzioa Ezker Anitzak soilik bidali du; gainerako alderdiak isilik daude. EH Bilduk ekinbide bat abiatu du Eusko Legebiltzarrean, Urkulluren hitzen kontra.


«Elizak jakin zuen Mendizabalena, eta gordetzea erabaki zuen».
Burgiko kanpamentu batean 1994an abusuak jasan zituen gaztearen begiraleek kasua Donostiako Gotzaindegian salatu zutela adierazi dute.
Alberto Barandiaran | Berria, 2017-01-29
http://www.berria.eus/paperekoa/2039/007/001/2017-01-29/elizak_jakin_zuen_mendizabalena_eta_gordetzea_erabaki_zuen.htm

1994ko udan Burgiko (Nafarroa) kanpamentuan M.A. gaztearekin egon ziren begiraleek Elizaren aurrean salatu zituzten Juan Kruz Mendizabal Kakux-en sexu abusuak, baina apaizak gazte taldeetan zituen ardura guztiekin jarraitu zuen urte hartan eta hurrengoetan.

Begiraleen narrazioaren arabera, Euskal Herritik eta Espainiatik iritsitako eskaut taldeen arteko topaketa erraldoi horretan bi mila gazte inguru batu ziren. Gau batez, Juan Kruz Mendizabal M.A.ren denda zegoen eremuan azaldu zen. Ez zen bere ardura eremua, baina han zeuden gazte batzuk ezagutzen zituen, Gipuzkoako elizaren ordezkaria baitzen eskaut taldeen aurrean. Ezagunen artean M.A. zegoen.

Eskauten topaketetako lagun giroa gogoratzen dute begiraleek, gau ederra. Hamaikak aldera, M.A. dendara sartu zen, lotara. Gainerako lagunak kanpoan geratu ziren, gaua atari zabalean igarotzeko asmoz. Ohitura hori zen. Handik gutxira, Mendizabal denda berean sartu zen. Begiraleek diotenez, orduan ez zen erabat ezohikoa begiraleek gazteen denda berean lo egitea, nahiz eta dendak berezituta zeuden. Kanpamentuan 14-16 urte bitarteko gazteak zeuden. Begiraleek 18-20 urte zituzten. Ez zen, baina, Mendizabalen kanpamentu eremua, ez zen bere denda. Bera ez zen begiralea. Mendizabal apaiz ordenatu berria zen, eta Elizaren ordezkari gisa zegoen han.

Begiraleek gogoratzen dute oihuen artean esnatu zirela. M.A. seko aztoratuta zegoen. Lagun batekin besarkatu eta ihes egin zuen. Begirale batek aurkitu zuenean, gazteak kontatu zion Mendizabalek ukituak egin zizkiola bere lo zaku barruan, «masturbatzen zen bitartean». Gaua kanpamentutik aparte batean igaro zuen M.A.k, beste begirale batekin.

Hurrengo goizean, eskaut taldeko arduradunak Donostiako Gotzaindegira deitzea erabaki zuen. Deia herriko telefono kabina batetik egin zuen, eta kanpamentuko beste apaiz batek lagundu zion. Ez du gogoan nork hartu zion telefonoa beste aldean, baina «gotzaindegiko goi mailako arduradun batekin» hitz egin zuen.

Elizan «gora» egiteko
Kanpamentuan zer gertatu zen kontatu ondoren, eta haien laguntza eskatu ondoren, lau mezu jaso zituen, gogoratzen duenez. «Lehena, Juan Kruz Mendizabal eliza barruan gora egiteko aukeratua zegoela; bigarrena, mutiko baten hitza zela apaiz baten hitzaren kontra; hirugarrena, nahi genuena egin genezakeela talde bezala, baina haiek ez zigutela lagunduko; laugarrena, Kakuxekin hitz egingo zutela eta eliza barruan kudeatuko zutela kontua».

Taldeko kideengana itzuli zenean, mezu bat transmititu zien eskaut taldeko arduradunak: «Ez dute jakin nahi, eta ez digute lagunduko. Ez dugu zer eginik».

Juan Kruz Mendizabalek kanpamentutik alde egin behar izan zuen —«bota egin zuten», diote begiraleek—, eta handik astebetera, M.A.ren eskaut taldea Pirinioetan barrena egiten ari zen mendi ibilaldiaren atseden batean, taldeko arduradunekin elkartu zen, Izaban. «Azalpenak nahi genituen, baina dena ukatu zuen. 'Gaizki ulertze' bat zela esaten zuen. Gazteak amesgaizto bat izan zuela». Mendizabalek jarraitu zuen Elizaren ordezkari gisa eskaut taldeetan, hainbat urtez, eta ardurak izan zituen, ondoren, Gipuzkoako gazte antolamendu ugarirekin, iazko martxoan Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak kargu guztietatik kendu zuen arte, sexu abusuak zirela-eta bi gazteren lekukotasuna jaso ondoren.

Burgikoaren ondoren, M.A.ren eskaut taldeko arduradun bat hainbat aldiz elkartu zen Mendizabalekin, eta behin baino gehiagotan galdetu zion gaiaz. «Esan zidan ari zela bere barne prozesua egiten, gotzainarekin hitz egina zuela gaiaz. Inoiz ez zuen erabat ukatu, baina beti utzi zuen halako zalantza bat, halako inkontzientzia baten pean gertatu ote zen guztia».

Begirale taldeak ez du zalantzarik: «Elizak bazekien, eta gordetzea erabaki zuen».


Pepe Rodriguez. Kazetari eta idazlea«Familiek berek isildu dituzte apaizek eginiko sexu abusuen kasu asko».
Mundu osoan jazo dira Eliza katolikoaren barruan adingabeen aurkako sexu abusuak. Elizaren hierarkiak jarduteko modu bertsua erabili du beti, Pepe Rodriguezek dioenez. Oraintsu ari dira aldatzen gauzak.
Iñaki Petxarroman | Berria, 2017-01-29
http://www.berria.eus/paperekoa/1761/009/001/2017-01-29/familiek_berek_isildu_dituzte_apaizek_eginiko_sexu_abusuen_kasu_asko.htm

Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea eta kazetaria da Pepe Rodriguez (Tortosa-Herrialde Katalanak, 1953). Eliza katolikoko sexu abusuen gaia ikertu du hainbat lanetan. Ezagunenetakoak —‘Pederastía en la Iglesia católica’ (Pederastia Eliza katolikoan)— mundu osoko kasuak bildu ditu. Bartzelonako Arazo Sektarioen Laguntza eta Aholkularitzarako Diziplina Anitzeko Taldeko (EMAAPS) presidentea da.

Eliza barruko sexu abusuen kateak ez du etenik. Jada asko dakigu edo oraindik gehiago jakingo dugula uste duzu?
Asko dakigu, baina dena estali da. Espainian milaka kasu izan dira, eta dozena gutxi batzuk besterik ez da ezagutu. Zergatik? Gizartearen hipokrisiagatik, Eliza katolikoaren hipokresiagatik, hedabideen ausardia faltagatik —eduki dituzte argitara eman nahi izan ez dituzten kasuak— eta sexu abusuen biktimen egoeragatik, zeren batzuek urte asko behar izan ditzakete salaketa egiteko. Ez baita gauza bera bizilagun bat salatzea edo gizartean pisu handia duen norbait salatzea, apaiz bat edo gotzain bat, kasurako.

Urteak pasatzeak ekarri ohi duen arazo bat da kasuak preskribatzea, ezta?
Ezaguna da arazo hori, eta legegileek aintzat hartu beharko lukete. Egia da delituek preskribatu egin behar dutela. Baina egia da zenbait delituren biktimek urteak behar dituztela euren biktima izaerari aurre egiteko, eta ikusteko ea gai diren euren egoerari aurre egiteko. Ildo horretan, errealitatea aintzat hartu beharko litzateke kasu hauen preskribatze epea egokia den edo ez zehazteko.

Abusuen biktima gehienak nerabeak izaten dira. Zergatik?
Bai, biktima gehiago izan dira nerabeak umeak baino. Eliza katolikoaren barruan pederastia aipatzen dugunean, askotan gaizki erabiltzen dugu termino hori. Izan ere, apaizen artean badira pederastak, beste kolektibo askotan bezala, baina eliza barruan gertatutako sexu delitu gehienak ez dira ume txikien aurkakoak, baizik eta nerabeen edo nerabezaroaurrean daudenen aurkakoak.

Zer esan nahi du horrek?
Esan nahi du apaiz hauek ez direla gaixoak, pedofiloak kasurako, baizik eta lotsagabeak. Hau da, mundu guztiak bezala bulkada sexuala duen jende normala da, baina ez denez ausartzen sexu harremanak izatera bere adineko jendearekin, bada, bere boterea baliatzen du ahulagoak diren pertsonak behartzeko: nerabeak edo arazo emozional edo psikikoak dituzten helduak.

Frantzisko aita santuarekin beste aire bat sumatzen da Eliza katolikoan. Zer ari da aldatzen?
Gauza dezente. Lehenik eta behin, Frantzisko aita santuak ondo ezagutzen zuen arazo hau, Argentinan kasu oso garrantzitsuak gertatu direlako. Eta bazekien Ratzingerrek —Benedikto XVI.a aita santuak— haiek ezkutatzeko emandako aginduen berri. Egoera horrek nazka ematen dio sentiberatasun pitin bat duen edozein pertsonari, eta aita santu hau sentibera da. Joan Paulo II.a eta Benedikto XVI.a ehunka kasu ezkutatzen aritu ziren, ez bakarrik apaizenak, baizik eta gotzain eta kardinalenak ere bai. Ratzinger estaltzaile nagusia izan zen, baina, azkenean, ez zuen beste aukerarik izan eskua irekitzen hastea baino. Baina benetan ireki duena azken aita santua da.

Zergatik?
AEBetako egoera gakoa izan da. Hango gizartea oso ezberdina da, eta askoz ere hipokresia gutxiago dago. Gainera, edonor txikitzeko moduko auzitegi zorrotzak daude. Halako batean, milaka salaketaren uholdea iritsi zen, eta porrotera eraman zituen diozesi asko, milioi askoren isunak izan direlako. Eta, dirua eta prestigioa galtzen hasi zirenean, arazo larri bat zutela jabetu ziren. AEBetako Eliza, hasieran, kasuak estaltzen saiatu zen, baina, ezinezkoa zela ikusi zuenean, gaiari aurre egin zion. Ikerketa zorrotza egin zuen, eta onartu zuen kasu hauek gertatu zirela baina pixkanaka gutxituz joango zirela, eta horretan ere ados nago.

Gutxituko dira kasuak?
Neurri handi batean bai, zeren abusu asko gertatu ziren 50eko hamarkadatik 80kora formatu ziren apaizen eskutik. Garai hartan heziketa oso kaxkarra zen seminarioetan. 2008tik aurrera aldatu dira apaizgaien heziketa eta ohiturak, eta kasik izurrite izaera zuten kasu horiek pixkanaka gutxituz joango dira. Hala ere, denbora beharko du.

Esan izan duzu Eliza katolikoan pauta komun batzuk egon direla kasu hauetarako. Zeintzuk?
Zuzenbide kanonikoaren kodeak abala eman dio jokatzeko modu horri. Kode horrek dio sexu abusu baten kasua ikertu egin behar dela, baina lehen delitua doakoa dela. Gotzainak egin dezakeen bakarra da apaiza ohartarazi ezin duela adingabe bat bortxatu, hori bekatua dela. Kodeak dio egoera pribatu bat dela hori, eta, beraz, zigorra pribatua izan behar dela. Lehen oharraren ostean, berdin jarraitzen badu, ikerketa kanoniko bat zabalduko diote, hura ere sekretua, non biktimek ez duten zer esanik. Ikusten badute salaketa egiazkoa dela, bi gauza egiten dituzte: lehenik, biktima lotsarazi —eta neska bada, are gehiago, deabrua barruan duelako eta gizona probokatzen duelako—; eta, bigarrenik, apaiza hilabete batzuetan bidaliko dute monasterio batera. Gero, parrokiaz aldatu, eta, azkenik, segitzen badu, Latinoamerikara bidaliko dute, zeren Espainiako Elizari bost axola zaio apaiz batek ume boliviarrez abusatzea. Hori izan da errealitatea Espainian, baina antzekoa beste herrialdeetan ere.

Aita santuak agindu du kasu hauek publiko egin daitezela.
Baina arazoa hau da: gotzainak zuzenbide kanonikoaren menpe daudenez, eta zuzenbide horrek salatzea debekatzen duenez, ezin duela ezer egin lotsagabe horien aurka. Beraz, egin behar duten lehen gauza da zuzenbide kanonikoaren kodea ezabatu, erasotzaileei babesa ematen dielako. Eta, gero, logikoena egin: hots, ez da ulergarria demokrazia batean Eliza katolikoa bezalako instituzio batek foro juridiko independente bat izatea ohiko justiziari dagozkion delituak epaitzeko.

Gizarteak kasu askoren berri izan du. Zergatik pasatu dira oharkabean?
Bada, familiek berek isildu dituztelako abusu kasu asko. Nik badakit biktima askok hitz egin dutela familian. Kasu gehienetan gurasoek, edo ez dute sinetsi, edo isiltzera behartu dute. Hau ikaragarria da, eta mingarriena. Katalunian kasu bat egon zen. 60 nerabek baino gehiagok jasan zituzten apaizen abusuak. Horietatik hiru familia joan ziren artzapezpikuarekin hitz egitera. Gainerakoek, isiltzeaz gain, hiru familia horiek egurtu zituzten. Lotsatzeko modukoa da hori, baina hala gertatu da.

Euskal Herrian izan berri dugu abusu batzuen berri, eta bi kasutan behintzat ez dute aita santuaren agindua bete salaketak ohiko justiziara eramateko.
Espainia ultren gotorlekua da. Herrialde askotan aurrera egin dute neurri handi batean, baina hemen Joan Paulo II.aren garaian bezala jarraitzen dugu gauza askotan: kasuak ezkutatzen jarraitzen dute behin eta berriro.

Urkullu lehendakariak esan du auzi hauek elizaren barruan konpondu behar direla.
Edozein herrialde demokratikotan agintari horrek ez zuen halakorik esango, eta, esanez gero, oso prezio handia ordainduko zuen. 


Isiltasunaren inpunitateaz
Ainhoa Oiartzabal Azketa | Berria, 2017-01-29

http://www.berria.eus/paperekoa/2063/024/003/2017-01-29/isiltasunaren_inpunitateaz.htm

Egin zezakeelako. Apaiz baten sexu abusuak jasan zituen biktima batek horrela ulertzen du berari apaizak hura egitea. Beste modu batera esanda; boterea izateagatik. Izan ere, apaizak gure gizarteko erakunde garrantzitsu bateko kide dira. Pisua eta prestigioa du Elizak.

Beste baldintza bat ere betetzen da Eliza katolikoaren barruan jazo diren sexu abusuen kasuetan: inpunitatea. Kasuak izan direla ezaguna baita, baina ia inor ez dute zigortu hemen gurean.

Beste baldintza bat ere badago: beren lekukotza eman duten biktimak adingabeak ziren sexu abusuak edo erasoak jasan zituztenean. Umeak. Hain justu, erasotzaileei botere eta inpunitate handiagoz jokatzeko aukera ematen dien zirkunstantzia bat. Zeren eta nola egingo dio aurre haur batek heldu bati? Nork hartuko du aintzat haiek kontatutakoa? Isiltasunarekin erantzun dira galdera horiek. Eta isiltasuna izan da min horien aurrean gizarteak oro har izan duen jarrera.

Horregatik da luzea sexu abusuak jasan dituztenen bidea. Pairatu dutenaren kontzientzia hartzea, hitza jartzea, kontatzea... Urte asko behar dira noizbait larri urratu zen hura berriro osatzeko. Hala, ez al lirateke berrikusi beharko indarrean dauden legeak biktima horiei zor zaien erreparazioa bideratze aldera? Ikusi dugu isiltzeak ez duela balio.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.